TOKIO

Akreditazioa kendu diete Tsimanovskaiaren kasuko bi entrenatzaileei

Atletak salatu du bi entrenatzaileek Tokiotik indarrez atera nahi zutela. Polonian babes hartu du orain.

Tsimanouskaya, prentsaurreko batean. RADEK PIETRUSZKA/EFE
jone arruabarrena
2021eko abuztuaren 6a
10:04
Entzun

Nazioarteko Olinpiar Batzordeak jakinarazi du gaur Artur Shimak eta Yuri Maisevitx entrenatzaileei akreditazioa kendu eta jokoetatik kanporatu dituztela. Neurria Tokion dauden Bielorrusiako jokalarien «ongizatearen» mesedetan hartu dutela zehaztu du batzordeak. Izan ere, kasuak soka luzea dauka: Kristsina Tsimanovskaia atleta bielorrusiarraren aferarekin zerikusi zuzena dauka kanporaketak. Atletak Bielorrusiako Olinpiar Batzordea eta haren buruzagi Viktor Lukashenko (Alexander Lukashenko Bielorrusiako presidentearen semea) kritikatu zituen duela gutxi.

Tsimanovskaiak salatu duenez, horren ondoren, Bielorrusiako Olinpiar Batzordeko bi entrenatzaile herri olinpikoko beren gelan sartu ziren, eta maletak berehala egiteko esan zioten, Bielorrusiara itzultzeko. Lesionatuta zegoela adierazteko ere eskatu omen zioten.

Bielorrusiako Olinpiar Batzordeak abuztuaren 1ean jakinarazi zuen Tsimanovskaia erretiratu egiten zela Tokioko Jokoetatik, pairatzen zuen «egoera psikologikoaren ondorioz». 100 eta 200 metroko lauko probetan parte hartzeko asmoa zuen atletak.

Orain Polonian dago Tsimanovskaia, herrialde horrek bisa humanitario bat eman baitio. Marcin Przydacz Poloniako Kanpo Gaietako ministrordeak adierazi duenez, «Bielorrusiako inteligentzia zerbitzuak ez ezik, beste herrialde batzuetakoak ere interesa izan dezakete Tsimanovskaiarengan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.