Geldialditik indarberrituta itzuli da Alaves. Atsedenak on egin dio, eta, hausnartzeko eta hobetzeko tartea hartu ostean, nagusitasunez gailendu zaio gaur Deportivori. Arindu handia hartu du: sailkapenean ez zegoen larri, baina jarraian zortzi partida zeramatzan irabazi gabe. Gaur latz borrokatu da agorraldia eteteko, eta, era berean, joko distiratsua plazaratu du Mendizorrotzan. Deportivo baino gehiago izan da, zentzu guztietan. Bisitariek eragozpen bakarra sortu diote: atsedenaren atarian banako gola sartu dute, inongo meriturik egin gabe. Haatik, kemenari eutsi diote arabarrek, eta, Boyeren inspirazioari esker, aurkaria azpiratzeko modua topatu dute.
Irabazteko premiak antsietatea ekar dezake, baina baita aparteko grina ere. Alaves ez da dardarka zelairatu, gosez baizik, eta saria lortu du bigarren minutua betetzerako: Antonio Blancok pase luze eta zehatza eman dio Angel Perezi, eta hegalekoak aurrelari onenen gisara errematatu du Leo Roman atezainaren aurrean. Arabarrak ez ziren konforme, eta jarraipena eman diote partida hasierako ekinaldiari. Blancoren eta Perezen arteko konexioak buruhauste ugari eragin dizkio Deportivori, Rebbachen barneraldi zorrotzek bezalaxe. Baloi dezente berreskuratu dituzte etxekoek aurkariaren zelaian, eta bitan pentsatu gabe egin dute aurrera. Defentsan, berriz, hutsaren pare utzi dituzte galiziarren ahalegin gehienak, kokapen ona eta bizitasuna uztartuta.
Bigarren gola sartzea falta izan zaie lehen zatia guztiz biribiltzeko. Boyek gertu izan du, Roman aurreratuta ikusi eta urrutitik jaurtiketa loratua eginda. Atezaina garaiz iritsi da, ordea. Eta 40. minutuan, markagailua orekatu du Deportivok. Marka izan da, atera jaurti gabe sartu baitu gola: Aubameyang Koskiren eta Ottoren artean sartu da baloi luze bat jasotzeko, eta gabondarraren pasea bere atean sartu du Tenagliak. Erdiko hiru atzelarirekin jokatu du Alavesek, bost defentsako lerroaren barnean, eta hirurek makal defendatu dute jokaldia.
Erori eta altxatu
Deportivok ere bost atzelariko sistema ezarri du atsedenaren ondoren, jokoaren norabidea orekatu nahian. Halere, Alavesen mende izan da bigarren zatian ere. Gasteiztarrek, ordea, izerditu egin behar izan dute neurketa apurtzeko. Aldeko penaltia izan dute 55. minutuan, Sorianok erremate bat eskuarekin oztopatu ondoren; baina Romanek asmatu egin du Boyeren asmoa. Argentinarrak ekinean jarraitu du, eta saria jaso du 62. minutuan jokaldi eder bat biribilduta: Blancok baloia lapurtu du, Martinezek hegalera zabaldu, Perezek areara erdiratu, eta Boyek sarera bidali. Talde lanaren eredu bikaina izan da.
Deportivok oso azkar agortu ditu aldaketak, baina aginte makilak ez dio ihes egin Alavesi. Aubameyangen mehatxua nahiko gertu sentitu du jokaldi batzuetan, baina, gainontzean, eroso sentitu da zelaian. Hala, eraso egiten jarraitu du, hirugarren gola sartzeraino; eta, berriz ere, Boye izan da protagonista. Nor bestela. Indarra, abilezia eta kemena erakutsi, eta gola eskura eman dio Denis Suarezi. Garaipena gogotik ospatu dute Mendizorrotzan.
ALAVES-DEPORTIVO
Alaves. Sivera; Angel Perez (Novoa, 68. min.; Xanet Olaiz, 80. min.), Tenaglia, Koski, Otto, Rebbach (Yusi, 67. min.); Blanco, Pablo Ibañez (Gebara, 76. min.), Denis Suarez; Toni Martinez (Mariano, 76. min.) eta Lucas Boye.
Deportivo. Leo Roman; Ximo Navarro (Adama, 46. min.), Loureiro, Noubi, Quagliata; Mario Soriano (Amatucci, 60. min.), Riki (Gimenez, 46. min.), Casado; Luismi Cruz (Asp Jensen, 66. min.), Aubameyang eta Yeremay (Nsongo, 66. min.).
Golak. 1-0: Angel Perezek (2. min.). 1-1: Tenagliak, bere atean (41. min.). 2-1: Lucas Boyek (62. min.). 3-1: Denis Suarezek (90. min.)