Alaves bolada txarra eteten saiatuko da, Bartzelonan ezustea emanda

Arabarrek sei partida daramatzate irabazi gabe, eta Quique Sanchez Floresek uste du sasoi hasierako bidera itzuli behar dutela. «Malagaren aurkako azken partidan huts egiteko beldurrez aritu ginen».

Alaveseko Angel Perez Malagako Anzourekin lehian. L. RICO / EFE
Alaveseko Angel Perez Malagako Anzourekin lehian. L. RICO / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko urriaren 30a
16:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alaves bolada txarrean da. Quique Sanchez Floresen taldeak ondo ekin zion ligari, baina azken sei partidetan ez du lortu puntuak hirunaka batzea. Jokoan izan diren hemezortzi puntuetatik bi baino ez ditu lortu, eta neurketa horietan lau gol sartu ditu bakarrik. Gainera, etxetik urrun oraindik ez du lortu garaipenik. Bihar ezustea ematen saiatuko da Bartzelonaren zelaian, eta joera hori aldatzen (21:00, Movistar+).  

Bartzelona lehen postuan dago, eta ikusgarri jokatzen aritu da denboraldi hasieratik. Baina azken bi partidak galdu egin ditu. Aurrena, Txapeldunen Ligan, 4-2 galdu zuen PSGren kontra; eta, gero, ligan 1-2 Real Madrilen kontra. Gaur arantza hori ateratzen ahaleginduko dira. Sanchez Floresek onartu du Bartzelona «arrakalarik ez duen taldea» dela. «Gauzak oso ondo egiten dituen taldea da, erreferentziazkoa bai ligan bai Europan. Erasoan jokalari erabakigarriak ditu, eta defentsako lanean hobetu egin du». 

Horren aurrean argi du zer egin behar duten: «Bartzelonari irabaztea ez da ezinezkoa. Horretarako oso eraginkor aritu beharko dugu erasoan, eta izango ditugun aukerak baliatu. Atzean, berriz, ahalik eta aukera gutxien eman behar diegu».

Sanchez Floresek onartu du ez daudela bolada onean, eta aste honetan hizketan aritu direla jokalari multzoarekin, taldearen sentipenen inguruan. Berretsi du Malagaren aurkako azken partidan, adibidez, ez zirela ondo aritu: «Akats asko egin genituen, eta horietako asko huts egiteko beldurra izateagatik izan ziren. Ezin dugu beldur horrekin aritu. Argi dugu denboraldi hasierako bidera itzuli behar dugula».

Biharko partidari begira Facundo Garces eta Mikel Rodriguez faltako ditu Sanchez Floresek. Biak luzerako daude min hartuta. Malagaren aurka marrazkia aldatu zuen prestatzaileak: 5-3-2 sistemarekin jokatu beharrean, 4-4-2koarekin egin zuen. Baina ez zuen esperotako emaitza izan. Beraz, ikusi beharko da Bartzelonaren aurka zer egiten duen. Zalantza nagusiak zelai erdian izan daitezke: ea euskarrian Ibañezek eta Antonio Blancok jokatuko duten, taldeari oreka gehiago emateko, edo fisikoki ahaltsuagoak diren jokalarien alde egiten duen, Carlos Protesoniren eta Ander Gebararen alde. San Mamesen azken biek jokatu zuten, eta arabarrek puntu bat lortu zuten. Bestalde, ziurra da aurrean Lucas Boyek jokatuko duela. Zalantza zera da, nor arituko den haren ondoan, Toni Martinez edo Mariano

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA