Galga sakatu ezinik dabil Alaves. Behera egiten hasi zen liga hasiera txundigarria izan ondoren, eta astez aste, jarraipena izan du joera horrek. Bere txarrean, geldialdira hamabigarren postuan iritsi ziren arabarrak. Sailkapeneko egoera dezentez larriagoa litzateke jokoan izan ziren lehen puntuetatik hamar lortu izan ez balituzte. Geroztik, ordea, beste hiru baino ez dituzte lortu, hiru neurketa berdinduta. Garaipenek ihes egin diete aspaldian: ez dute partidarik irabazi irail hasieran Osasunari irabazi ziotenetik (5-2). Bada, geldialdiak on egin dien esperantzaz, eta berriz ere puntuak hirunaka batzeko asmoz hartuko dute bihar Deportivo, Mendizorrotzan (14:00, Movistar Plus).
Gasteiztarrek ontzat eman zuten aurreko jardunaldian Sanchez Pizjuanen lorturiko puntua. Segidan, aurrera egin zuten Espainiako Kopan, Anaitasuna aise kanporatuta (1-6). Alde horretatik, ez dira guztiz burumakur iritsiko. Baina, era berean, astuna da garaipenik gabeko jardunaldien zama. Bolada horretan, bereziki mingarriak izan dira arerio zuzenen aurka lortutako emaitzak. Beherakada, hain justu, Racingen aurka galduz hasi zen (2-1), eta jarraian, Valentziak ustekabean hartu zituen Mendizorrotzan (0-1). Zauria are gehiago zabaldu zen partida batzuk geroago, Malagaren aurka ozta-ozta berdindu ondoren (1-1). Orduko mamuak uxatzeko aukera izango dute bihar, Deportivoren aurka.
Ahalmen ekonomiko handia izan arren, jaitsiera saihestu nahi dutenen sailean daude galiziarrak; azken batean, igo berriak dira Lehen Mailara. Ez diete muzin egingo helburu handiagoei, baina lehenik eta behin, gorenean egonkortu behar dute. Eta bide onean dira horretarako, lehen hamabi partidetan hamabost puntu batu ondoren. Hiru lehia galdu dituzte soilik orain arte; oso talde lehiakorra eraiki du Antonio Hidalgo entrenatzaileak.
Alavesek ere ondo lehiatu ohi du, baina golak sartu ezean, ezinezkoa da lan onari etekina ateratzea. Eta alde horretatik, idor dago Arabako taldea: bost gol baino ez ditu sartu azken zortzi neurketetan. Joko aldetik kamuts dabil, eta horrek eragin zuzena izan du aurrelarien jardunean: Osasunaren aurka bapo egin zuenetik, Lucas Boyek ez du golik egin; eta Toni Martinezek, berriz, ez du baloi bakar bat ere sareratu sasoi osoan. Mariano Diazen emaria ez da guztiz agortu —bi gol sartu zizkion Anaitasunari, eta aurrez, beste bat Bartzelonari—, baina Alavesek Boyeren eta Martinezen bertsiorik finena berreskuratu behar du.
Bihar, oso litekeena da biak hasieratik aritzea. Sarritan gertatu da hori Quique Sanchez Flores Alavesera iritsi zenetik. Aurrean bi jokalari indartsu izatea gustatzen zaio teknikari espainiarrari, sistema edozein dela ere. Normalean, arabarrek bost atzelariko lerroarekin hasi izan dituzte neurketak, eta 4-4-2 sistemara igaro izan dira minutuek aurrera egin ahala. Alabaina, lauko defentsarekin abia lezakete biharko partida; bestek beste, hegaletako jokoa indartu eta Angel Perez berpizteko asmoz. Haren barneraldiak eta erdiraketak funtsezkoak dira taldearentzat. Angel Perez eroso badago, errazago egiten du eraso Alavesek.
Lehengora itzuli nahian
Sistema bat edo bestea erabili, jokalariek gauzak garbi izatea nahi du Sanchez Floresek, batez ere aurkariak estutzerako garaian. Hala azaldu du gaur. «Presioa non egin jakin behar dute, eta dagokien jokalaria estutu. Hori da garrantzitsuena». Haren esanetan, «haize freskoa» ekarri dute azken bi emaitzek: Sevillan lortutako puntuak nahiz Kopan Anaitasunaren aurka lorturiko garaipenak. Ligan irabazi ezinik dabiltzan arren, jokalarien alde egin du Sanchez Floresek. «Oso zintzoak eta langileak dira, eta lagundu egin behar diegu. Gaizki bagaude, ez da jokalariak gaizki daudelako. Halako boladak futbolaren parte dira, eta konponbideak topatu nahian gabiltza».
Sasoi hasieran emandako maila eredu ona izan daiteke. «Aurrez egindakoa berreskuratzea da gure ideia». Hori lortzeko, oinarrizko gauzetan ipini dute arreta. «Bizi, oldarkor eta sendo aritzea da lehen gauza. Dohain horien eskutik, beste gauza asko berreskuratuko ditugu». Yusiri eta Ander Gebarari hasieratik jokatzeko aukera eman zien Sanchez Pizjuanen, eta ikusteko dago teknikariak apustuari eusten dion. Orduan bezala, Pablo Ibañezek hegalera eginda kokatuko balu, sistemaz erraz aldatzeko aukera izango luke. Hamaikakoa ia nahi bezala osa dezake, eskuragarri baititu jokalari guztiak, min hartutako Mikel Rodriguez eta Facundo Garces izan ezik.
EIBARREK ETA ALAVESEK BIHAR JOKATUKO DUTE
Eibarrek eta Alavesek bihar jokatuko dituzte Espainiako Lehen Mailako hamabigarren jardunaldiko partidak. Gipuzkoarrak Ipuruan ariko dira, Atletico Madrilen aurka (17:00, DAZN). Arabarrek, berriz, Logroñon (Espainia) jokatuko dute, Logroño United etxeko taldearen kontra (19:00, DAZN).
Iñaki Goikoetxeak entrenatutako taldeak suspertu beharra du, bolada txarrean baitago: ez du irabazi azkeneko sei jardunaldietan, eta sei neurketa horietan bi puntu baino ez ditu bildu. Bihar norgehiagoka zaila jokatuko du, Atletico Madril oso ondo ari baita, eta hirugarren postuan baitago.
Andrea Esteban entrenatutako taldea, berriz, indarberrituta ariko da Logroño Uniteden kontra. Bi derbi jokatu ditu azken bi jardunaldietan, eta bietan oso ondo aritu da: bana berdindu zuen Realarekin, eta 2-1 irabazi zion Eibarri. Sailkapenean, Logroñok Alavesek baino bi puntu gehiago ditu.