Alaves Lehen Mailara igoko da bihar, Cacereño mendean hartuz gero. Partida Mendizorrotzan jokatuko dute 12:00etan. Gaur, Valentziak Bartzelonaren aurka 0-0 berdindu ostean, Andrea Estebanek zuzentzen duen taldeak esku-eskura du igoera. Hala, hiru denboraldiren ondoren, arabarrak gorenera itzuliko lirateke.
Denboraldi bikaina egiten ari da Alaves. 22 partida jokatu dituzte, eta horietatik hamabost irabazi dituzte, hiru berdindu eta lau galdu. Oraintxe bertan, liga amaitzeko lau jardunaldi falta dira, eta bigarren daude sailkapenean, 48 puntu lortuta. Lehen postuan Bartzelona B dago, 51 puntu eskuratuta. Baina kataluniarrek ezin dute kategoriaz igo. Valentziak, berriz, 40 puntu ditu, eta hirugarren dago. Baina partida bat gehiago jokatu du, eta, Alavesek bihar irabaziz gero, zuzenean igotzeko aukerarik gabe geratuko dira.
Esteban baikor da: «Espero dugu lehen aukera hau baliatzea. Lortuz gero, egun ahaztezina izango da, are gehiago Mendizorrotzan jokatuta. Jokalariek eta klubak merezi dute. Ni neu ere irrikaz nago, sekula ez baitut mailaz igotzea lortu». Astea «ohi moduan» igaro dutela nabarmendu du: «Ondo egin dugu lan». Baina ez da fio aurkariaz: «Gure onena eman beharko dugu, haiek ere asko baitute jokoan: mailari eustea. Gainera, askotan jokatu dugu haien aurka, eta badakigu oso ondo lehiatzen direla».
Honela aztertu du partida: «Taldeak antzeko emaitzak lortu ditu etxean eta etxetik kanpo, horrek esan nahi du talde orekatua dela. Gustuko du baloia izatea, baita aurkariaren zelaian jokatzea ere, ahalik eta gol aukera gehien sortzeko. Horretan saiatuko gara. Horrekin batera, adi egon beharko dugu buruz buruko lehietan, haiek oso trebeak baitira halakoetan. Bestalde, uneren batean haiek jokoaren ekimena badute, moldatzen jakin beharko dugu».
Aurreko denboraldian Cacereñok utzi zuen Alaves igotzeko aukerarik gabe. Ines Altamira Alaveseko jokalariak nabarmendu du «gogotsu eta ilusioz» daudela, eta «prest» hiru puntuak lortzeko. «Oso berezia izango da». Ez zuten espero lau jardunaldiren faltan igotzeko moduan izango zirenik: «Baina bagenekien igotzeko lehiatuko ginela, denboraldiko garairik zailenetan ere taldeak aurrera egiten jakin baitu».
Espainiako Federazioaren Lehen Mailan dagoen beste euskal taldea, Osasuna, seigarren dago: 32 puntu ditu, eta lehia betean dago igoerako kanporaketak jokatzeko. Bihar Europaren aurka neurtuko ditu indarrak, etxean, 12:00etan.