Azaroan arazoak izan zituen Alavesek. Ondo ekin zion hilabeteari, Espanyoli irabazita, baina galdu egin zituen hurrengo hiru partidak. Horren ondorioz, arabarrek gertuago zekusaten jaitsiera postuen mehatxua. Alde horretatik, arindu handia hartu zuten joan den larunbatean Realari irabazita. Penaltiz aurrea hartu, saria irmoki defendatu, eta premiazko hiru puntu sartu zituzten zorroan. Gauzak hala, lasai egingo diote aurre gaur Real Madrili (21:00, DAZN).
Gorabeherak izan ditu Alavesek lehen hamabost jardunaldietan. Edonola ere, hemezortzi puntu ditu dagoeneko; hots, beste partida bat irabazita, hogei puntuko langa gaindituko luke, eta, horrela, lanen erdietara iritsiko litzateke mailari eusteko bidean. Oso erritmo onean ari dira gasteiztarrak, oraindik lau partida gehiago jokatuko baitituzte lehen itzulian. Gaurkoak izan beharko luke zailena, aurkariaren izenari begiratuta behintzat. Mendizorrotzan, Alavesek ligako bi partida baino ez dizkio irabazi Real Madrili; duela zazpi urte nagusitu zen azkenekoz, Manu Garciak azken unean sarturiko gol bati esker. Gainontzean, galdu egin ditu Gasteizen espainiarren aurka jokaturiko neurketa gehienak: 22tatik hamazazpi.
Nolanahi ere, Alavesek arrazoi bat baino gehiago du gaurko lehiari baikor begiratzeko. Horietako bat etxeko sendotasuna da: Mendizorrotzan hamalau puntu bildu ditu orain arte Arabako taldeak. Sevilla eta Celtaren aurka baino ez du galdu. Aurkaririk indartsuenek oraindik ez dute jokatu Gasteizen, baina Alaves ez da haien beldur. Izan ere, edonori aurre egiteko gai dela erakutsi zuen duela bi jardunaldi, Bartzelonaren zelaian. Ate aurrean finago aritu izan balitz, ligako liderraren aurka gutxienez puntu bat lortzeko aukera izango zukeen. Horixe izan da orain arte arabarren gabezia nagusia: erasoan ez dabiltza oparo. Gainerakoan, baloiarekin protagonista izan nahi duen talde bat osatu du Coudetek, eta, oroz gain, irmotasuna du ardatz. Hori horrela, Real Madrilen kalitatea deuseztatzen saiatuko da gaur.
Facundo Garcesen zigorrak ez du ahuldu Alavesen defentsako lerroa, gainontzeko atzelarien jardun fidagarriari esker. Erdilariek ere lan eskerga egiten dute, eta, alde horretatik, Antonio Blancoren itzulera oso berri ona da arabarrentzat. Partida bateko zigorra bete ostean, bueltan izango da gaur. Finkoa da Coudeten hamaikakoan, oreka eta egonkortasun handia ematen baitio taldeari. Carlos Vicente hasieratik ipintzea ere ideia ona izan liteke, Real Madrilek ezker hegalean duen hutsunea kontuan izanda: Fran Garciari eta Alvaro Carrerasi txartel gorria atera zieten zuriek Celtaren aurka galdu zuten partidan.
Zigorrek ez ezik, lesioek ere erabat ahuldu dute Real Madril. Eta bestelako buruhausteak ere baditu Xabi Alonso entrenatzaileak. Emaitza txukunak lortu zituen hasieran, baina joko aldetik ez du lortu bere zigilua ipintzerik, ezta talde barruan agintea ezartzerik ere. Eta azarotik aurrera, emaitzen sostengua ere galdu egin du. Real Madrilek gaur ere estropezu egiten badu, oso ataka zailean izango da teknikari tolosarra.
Coudetek ez dio aurkariaren egoerari erreparatu nahi izan: «Arreta gugan jarri behar dugu. Orain arte egin diogunari eutsi behar diogu: baloiarekin protagonista izan, bizi jokatu, eta ondo jokatu. Ez ditugu aldatuko gauzak».
Athletic, Galiziara
Athleticek Celtaren etxean jokatuko du gaur, Galizian. Garai kaskar baten ostean, zuri-gorriak bolada onean dira urtea amaitu aurretik; kontrara, Celtak oraindik ez du etxean irabazi denboraldi honetan. Hala, joera horiek errepikatzea bikain datorkie lehoiei, sailkapenean gora egiten jarraitzeko.
Ligako azken bost partidetatik hiru irabazi ditu Athleticek, eta ez dira edozein partida izan, Bartzelona, Real Madril eta Atletico Madril izan baititu parean, besteak beste. Azken horri irabazi egin zion joan den astean, eta Txapeldunen Ligan PSGren kontra berdindu zuten zuri-gorriek San Mamesen. Defentsan ditu lesionatu gehienak, baina albiste ona ere badute: Iñaki Williams berriro jokatzeko moduan dago.