Bartzelona 6-1 Alaves

Nagusi izan da Bartzelona, eta 6-1 galdu du Alavesek

Kataluniarrek erakustaldia eman dute, eta ezinean aritu dira gasteiztarrak. Marianok sartu du Alavesen gola.

Lamine Yamal eta Pedri, Bartzelonak sartutako laugarren gola ospatzen; alboan, Denis Suarez Alaveseko jokalaria. TONI ALBIR / EFE
Lamine Yamal eta Pedri, Bartzelonak sartutako laugarren gola ospatzen; alboan, Denis Suarez Alaveseko jokalaria. TONI ALBIR / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2026ko urriaren 31
23:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Partida oso ona jokatu du Bartzelonak, eta, halakoetan, zaila da Kataluniako taldeari aurre egitea. Konfiantzaz aritu dira kataluniarrak, eta nagusi izan dira zelaian. Lau gol sartu dituzte lehen zatian, eta erabakita utzi dute partida. Saiatu da Alaves aurre egiten, baina ez du lortu. Azkenean, 6-1 bukatu da neurketa. Marianok sartu du gasteiztarren gola.

Espero bezala, Bartzelonak izan du hasieratik jokoaren ekimena, eta etxeko taldeak ezarritako erritmora aritu dira. Atzean kokatu da Alaves, helburua argi: ahalik eta zulo gutxien uztea. Baina talde ahaltsua zuen parean, eta azkar topatu du zirrikitua. 8. minutuan, Pedrik pase bikaina egin dio Fermini, eta hark Raphinari eman dio baloia, sareratu dezan. Azkar erantzun du Alavesek, eta aukera izan du 11. minutuan. Rebbachen jaurtiketa, baina, gora joan da.

Hasi orduko, maldan gora jarri zaio partida Gasteizko taldeari, eta, halabeharrez, aurrerapausoa eman du. Bartzelonak erasokor jarraitu du, eta 23. minutuan sartu du bigarren gola. Ferminek egundoko zartatekoa eman dio baloiari, eta ezin izan du ezer egin Siverak. Itxura txarra hartu du neurketak Alavesentzat.

Bartzelona eroso zegoen zelaian, eta sufritu egin du Quique Sanchez Floresek zuzendutako taldeak. Erraz ari zen etxeko taldea. 34. minutuan, Raphinak ez du asmatu ate aurrean, eta, hurrengo minutuan, Siverak salbatu du Alaves, Lamine Yamalen jaurtiketari erantzun ikusgarria emanda. Jo eta jo aritu da Bartzelona, eta erauntsia nola gelditu ez zekiela zegoen Alaves. Tantaka, gerturatu da Joan Garciak babestutako ate ingurura, baina oso nagusi zen Bartzelona.

Raphinhak erdi erabakita utzi du partida 41. minutuan. Baloia lapurtu du Ferminek, eta pase ederra eman dio aurrelariari, Siveraren aurrean bakarrik uzteko. Ez du huts egin, eta 3-0ekoa jarri du markagailuan. Eta, epaileak txistua jo aurretik, Lamine Yamalek eman du azken kolpea. Area kanpotik jaurtiketa indartsua egin du 46. minutuan, zuzenean sarera.

Bigarren zatian ere, gol festa

Lehen zatikoa ikusita, aldaketa bat egin du Quique Sanchez Floresek. Protesoni kendu eta Toni Martinez zelairatu da haren ordez. Baita Bartzelonak ere: Bernal sartu da Pedriren partez. Etxeko taldeak erritmoa jaitsiko zuela pentsa zitekeen, baina ez. Bosgarren golaren bila segitu du, eta gertu izan du hainbatetan. Esaterako, 54. minutuan: Adeyemik, dena alde zuela, gora bota du baloia.

Ez duena huts egin Lamine Yamal izan da. Sarera bota du baloia 64. minutuan. Epaileak jokoz kanpo zegoela adierazi du hasieran, baina, VAR sistema erabilita, ontzat jo dute azkenean. Eta Gordon ere batu da festara. Etxeko lanak eginda zituztela, lasaiago aritu dira kataluniarrak, baina bigarren zatian zelairatutakoek ere nahi izan dute haien alea jarri. Horiek horrela, Rodrik pase bikaina eman dio Gordoni, eta hark baloia loratu du Siveraren aurrean, seigarrena egiteko.

Behintzat, Marianok apaindu du markagailua 84. minutuan. Rodrik huts egin du pase bat atzera egitean, eta adi zegoen Mariano. Baloia hartu, eta jaurtiketa gurutzatua egin du, zuzenean sarera. Apenas ospatu dute Alaveseko jokalariek. Horrelaxe bukatu da partida: 6-1.

Gaurkoa ez da ondorioak ateratzeko moduko lehia, baina bolada txarrean dago Alaves. Taldeak ondo ekin zion ligari, baina azken zazpi partidetan ez du lortu puntuak hirunaka batzea. Are, jokoan izan diren 21 puntuetatik bi baino ez ditu lortu. 

BARTZELONA-ALAVES

  • Bartzelona. Joan Garcia; Brian Fariñas, Cubarsi, De Jong (Gerard Martin, 84. min.), Cancelo (Balde, 62. min.); Rodri, Pedri (Bernal, 46. min.), Fermin; Lamine Yamal (Gordon, 74. min.), Adeyemi; eta Raphinha (Gabriel Jesus 62. min.).
  • Alaves. Sivera; Jonny Otto, Tenaglia, Koski, Yusi; Denis Suarez (Ibañez, 55. min.), Gebara, Protesoni (Toni Martinez, 46. min.), Angel Perez (Novoa, 74. min.), Rebbach (Mañas, 55. min.); eta Boye (Mariano, 74. min.).
  • Golak. 1-0: Raphinhak (8. min.); 2-0: Ferminek (23. min.); 3-0: Raphinhak (41. min.); 4-0: Lamine Yamalek (46. min.); 5-0: Lamine Yamalek (64. min.); 6-0: Gordonek (81. min.); 6-1: (Marianok (84. min.).
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA