Partida hasi aurretik, Alaveseko zaleek nekez sinatuko lukete berdinketa bat. Gasteizko taldeak ligako azken sailkatua zuen parean, Malaga, eta, gainera, Mendizorrotzan jokatzen zuen. Baina, partida nola joan den ikusita, konforme samar amaitu dute. Izan ere, Alavesek 89. minutuan berdindu du partida, Mañasek sartutako golari esker. Etxekoak amaierara arte saiatu dira markagailua iraultzen, baina ez dute lortu: azkenean, puntu bat eskuratu dute, eta gaitz erdi.
Erasokor hasi du neurketa Alavesek. Agintzen hasi da, baina ez dio luzaroan eutsi. Aurre egin dio Malagak, eta Gasteizko taldeari kostatu egin zaio partidari neurria hartzea. Jokalariak trakets aritu dira baloia zutenean, eta galdu samar defentsan; deseroso sumatzen ziren.
Apenas sortu dute arriskurik: Tenagliak izan du neurketako lehen aukera, bederatzigarren minutuan. Hark egindako jaurtiketa gaiztoa, baina, atezainak urrundu du. Eta Malagak izan du hurrengoa. Gutxigatik joan da kanpora Rafitak hamaseigarren minutuan egindako jaurtiketa.
Jokoari segida eman ezinda aritu dira bi taldeak, nagusitu ezinda. Boyeri eta Marianori ez zaie ia baloirik iritsi, eta hori ez zen seinale ona Alavesentzat. Argitasuna falta zitzaien erasoan.
Lehen zatiko azken ordu laurdenean bizitu da neurketa, eta joan-etorri gehiago izan dira. Baina gasteiztarrek ez dute aprobetxatu, eta bai Malagak: 44. minutuan gola sartu du Niñok. Hasieran jokoz kanpo zegoela adierazi du epaileak, baina, VAR sistema erabilita, ontzat jo dute gola. Kolpea izan da Alavesentzat.
Saiatu, eta lortu
Ikusitakoa ez zaio gustatu Quique Sanchez Floresi, eta aldaketa egin du atsedenaldian: Aleña kendu, eta Novoa sartu du haren ordez. Eta, hamar minutura, beste bi aldaketa egin ditu: Denis Suarez eta Youssef zelairatu dira Valentiniren eta Rebbachen ordez.
Pixkanaka hasi da Alaves Malaga estutzen, batez ere, eskuin hegaletik. Angel Perez izan da gehien saiatu dena. Urrats bat aurrera egin beharra zuen etxeko taldeak, eta ausart jo du erasora. 73. minutuan gertu izan du gola Toni Martinezek, baina adi zegoen atezaina. Malagak, berriz, kontraerasoa baliatu du gasteiztarrei min egiteko.
Denborak aurrera egin ahala, urduritzen hasi dira Alaveseko jokalariak, eta, presaren presaz, huts dezente egin dituzte. Hala ere, lanean segitu dute, eta minutu nahasi batzuen ostean, berriro ere hasi dira aurkariaren area zapaltzen. 80. minutuan zutoinera bota du baloia Boyek.
Zaleek hauspotuta, ahalegin betean jarraitu dute gasteiztarrek, eta, azkenean, jaso dute fruitua. Toni Martinezen burukadari erantzun ikusgarria eman dio Malagako atezainak, baina aldaratzean azti zegoen Mañas, baloia sarera botatzeko, 89. minutuan.
Behin partida berdinduta, hiru puntuen bila joan da Alaves, eta eskura izan du saria: izan ere, Boyek gertu izan du gola 91. minutuan. Baina baloiak ez du sarean amaitu, eta ez da gehiago mugitu markagailua.
Alavesek ez du burumakur bukatu partida, baina pozik ere ez. Izan ere, azken sei partidetan bi puntu baino ez dituzte lortu. Ondo hasi zuen sasoia, baina nahi eta ezinean dabil azken boladan.
Alaves-Malaga
Alaves. Sivera; Angel, Tenaglia, Koski, Valentini (Denis Suarez, 55. min.), Rebbach (Youssef, 55. min.); Blanco (Mañas, 75. min.), Ibañez, Aleña (Novoa, 46. min.); Boye eta Mariano (Toni Martinez, 66. min.).
Malaga. Alfonso Herrero; Puga (Berrocal, 77. min.), Recio, Einar Galilea, Rafita; Dotor (Cajuste, 87. min.), Dani Lorenzo, Ramon (Rafa, 68. min.); Larrubia, Niño (Chupe, 77. min.) eta Aznou (Salinas, 68. min.).
Golak. 0-1: Niñok (44. min.); 1-1: Mañasek (89. min.).