Alavesek bermatua du mailari eustea; Osasunak, oraindik ez

Lana gogotik eginda, gasteiztarrek 0-1 irabazi dute Oviedoren zelaian, eta Lehen Mailan jarraituko dute. Gorritxoek, berriz, 1-2 galdu dute Espanyolen kontra, eta oraindik ez dute ziurtatua mailari eustea.

Victor Muñoz, gaur, Sadarren. JESUS DIGES / EFE
Victor Muñoz, gaur, Sadarren. JESUS DIGES / EFE
jon eskudero
2026ko maiatzaren 17a
21:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kalkulagailua eskuan jokatu dute Osasunak eta Alavesek Espainiako Ligako azken-aurreko jardunaldia, eta txanponaren alde banatan geratu dira bi taldeak. Partida kaskarra jokatuta, gorritxoek 1-2 galdu dute etxean Espanyolen aurka, eta amildegiaren ertzean dira orain. Real Madrili irabazi ziotenean orain dela hilabete, bazirudien mailari eusteko arazorik ez zuela izango Alessio Lisciren taldeak, baina, azken lau partidak jarraian galdu ondotik, egoera korapilatu egin zaie nafarrei. Getaferen zelaian aritu beharko dute azken jardunaldian, eta oraindik ez dute bermatuta mailari eustea. Alavesek, berriz, beste denboraldi batez gutxienez jarraituko du Lehen Mailan. Gasteiztarrek lana gogotik egin dute Oviedori 0-1 irabazteko, eta Toni Martinezen golak sekulako poza eta lasaitasuna eman dizkie gasteiztarrei. Hortaz, azken jardunaldira etxeko lanak eginda iritsiko dira arabarrak.

Osasunak eta Espanyolek aski zuten puntu bana lortzea mailari eusteko, baina bi taldeak irabazteko asmoz zelairatu dira hasieratik. Hemezortzi jardunaldiz irabazi gabe egon ondoren, joan den astean itzuli ziren onbidera kataluniarrak, eta konfiantzaz atera dira lehen minutuetan. Hori bai, Osasunak ere nortasunez ekin dio partidari, eta lehen minutuak oso biziak izan dira. Partidaren pisua etxeko taldeak eraman du, eta Victor Muñoz izan da gorritxorik onena. Lesio batetik atera berria izan arren, aginte makila hartu du, eta buruhausteak eragin dizkio Espanyolen defentsari.

Erasokor zelairatu da Osasuna, baina Espanyol izan da gola egin duen lehen taldea. Falta bat jaurti du areaz kanpotik, eta aldaratzean Carlos Romerok egin du 0-1ekoa, 26. minutuan. Hasteko, alferrikako falta egin du Budimirrek arearen ertzean; hori nahikoa ez, eta defentsako lanean oso bigun jardun dute etxekoek. Inor ez da joan Carlos Romeroren jaurtiketa gelditzera, eta oparia garesti ordaindu du Lisciren taldeak. Bisitarien golak urduritasuna ekarri du Sadarrera, eta ur lasterraren kontra arraun egin ezinik ibili dira gorritxoak.

Dena den, minutuek aurrera egin ahala goranzko bidea hartu du Osasunak, eta Ruben Garciak gertu izan du banakoa. Baloiak Dmitrovic atezaina gainditu du, baina Carlos Romerok berak atepetik urrundu du baloia. Atsedenaldira bitarte neurketa berdintzen ahalegindu dira nafarrak, baina ez dute lortu. Espanyol partidari erritmoa eteten ahalegindu da, eta antsietatea eta egonezina gainditu ezinik ibili dira gorritxoak. Aldageletarako bidean txistu hots batzuk ere entzun dira Sadarreko harmailetatik.

Bigarren zatiari begira bestelako jarrera eta argitasun bat plazaratu ditu Lisciren taldeak. Azkar jaso du saria. Izan ere, 49. minutuan banakoa egin du etxekoen jokalaririk onenak: Victor Muñozek. Korner baten bitartez heldu da berdinketa. Boyomok ongi orraztu du baloia, eta erdilariak ez du barkatu. Golak konfiantza eman die etxekoei, baina gutxien uste zenean 1-2koa egin du Espanyolek. Kike Garcia Osasunako jokalari ohia izan da golegilea. Etsigarria izan da Lisciren jokalariek defentsan erakutsi duten jarrera, erraztasun handiak eman baitituzte.

Hortik aurrera binakoa egiteko bihotza erakutsi du Osasunak, baina bururik eta jokorik ez. Budimirrek pare bat aukera on izan ditu, baina ez du asmatu. Azken jardunaldietan bere mailatik oso urrun ari da aurrelaria. Espanyolek ederki asmatu du etxekoen urduritasunari etekina ateratzen, eta Osasuna arimarik gabeko talde bilakatu da. Etsia nagusitu da Sadarren, eta orain azken jardunaldira arte itxaron beharko dute gorritxoek mailari eusteko. Getaferen zelaian jokatuko dute, eta puntu bat lortzea aski izango lukete. Galduko balute, beste emaitza batzuen zain egotea tokatuko litzateke. Bi aurkari zuzenek elkarren kontra jokatuko dute: Gironak eta Elxek. Levantek, berriz, Betisi egingo dio bisita. 42 puntu ditu sailkapenean Lisciren taldeak, ez da hain gutxi ere, baina oraindik ez daukate ezer bermatuta nafarrek.

Alavesen lan bikaina

Azken jardunaldian lasai-lasai arituko dena Alaves izango da, matematikoki lortu baitu mailari eustea. Ondo merezita lortu ditu hiru puntuak. Garaipen bikaina eskuratu du Quique Sanchez Floresen taldeak, Oviedoren zelaian: 0 eta 1. Maila galduta egon arren, lehiakor aritu da Oviedo, baina gasteiztarrek ez dute huts egin. Toni Martinezen golari etekina atera diote, eta, defentsako jardunean talde lana oinarri hartu eta hortzak gogotik estututa, urrezko hiru puntu eskuratu dituzte. Azken partidan Rayo Vallecanoren aurka ariko dira arabarrak, Mendizorrotzan, eta partida jai giroan jokatuko dute.

Toni Martinez gola ospatzen, gaur. ELOY ALONSO / EFE
Toni Martinez gola ospatzen, gaur. ELOY ALONSO / EFE

Garaipena lortzea ez zaio erraza egin Alavesi. Lehen minutuak lehiatuak izan dira, eta Oviedok hasieratik erakutsi du ez dela denbora-pasa zelairatu. Mailari eusteko aukerarik izan ez arren, bere zaleen aurrean garaipena eskuratu nahi izan du, eta jokalariek ere beren burua aldarrikatzeko baliatu dute partida. Alaves burutsu zelairatu da, patxadaz eta urduritasuna ongi kudeatuz. Oviedo bitan gerturatu da Alavesen area ingurura lehen hamar minutuetan, baina gasteiztarrak gehiago izan dira jokoan. Bada, 17. minutuan iritsi da partidako gol bakarra. Ezker hegaletik jokaldia osatu ondoren, Nicolas Fonsecak arean jarri du baloia, eta Toni Martinezek ez du barkatu. Denboraldiko hamahirugarren gola sartu du.

Golak sekulako mesedea egin dio Sanchez Floresen taldeari, eta lehen zati osoan kontrolpean izan du partida. Cazorla, Hassan eta Alberto Reinak arrisku jokaldiak osatu dituzte Oviedorentzako, baina Sivera atezainak ez du mehatxu nabarmenik jaso. Sendotasuna izan du ardatz Gasteizko taldeak. Bi lerro ongi kokatu ditu zelaian, jokalari guztiek lehentasuna izan dute elkarren ondoan jardutea eta zorrotz lehiatzea, eta etxeko taldeak ez du erasoan ezer sortzeko gaitasunik izan.

Bigarren zatirako aldaketa bat egin du entrenatzaileak, Aitor Mañas zelairatu baitu Diabateren ordez. Aldaketak erakutsi du emaitzari eustea nahi zuela Alavesek nola edo hala. Hasierako minutuetan ez da aparteko ezer gertatu, baina 65. minututik aurrera oso itsusi jarri da partida arabarrentzat. Oviedo sutsu aritu da erasoan, amore eman gabe, eta izerdia ederki bota behar izan du Sivera atezainak. Lana gogotik egin du, baina azkenean 0-1ekoari eutsi dio Alavesek. Partida amaieran zoramena nagusitu da, eta negar malko batzuk ere isuri dira jokalari batzuen begietatik. Gasteiztik Oviedora joandako zaleen emozioa ikusgarria izan da, eta, gutxienez, beste denboraldi batez onenen artean jarraituko du Alavesek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA