Athleticek berdindu egin du etxeko azken partidan, eta Realak, galdu

Zuri-gorriek puntu bakarra lortu dute Celtaren aurka, eta Europarako sailkatzeko aukerarik gabe geratu dira (1-1). Realak, berriz, kaskar jokatu du partida amaieran, eta 3-4 galdu du Valentziaren kontra.

Valverde eta Lekue zaleekin, gaur, San Mamesen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Valverde eta Lekue zaleekin, gaur, San Mamesen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jon eskudero
2026ko maiatzaren 17a
22:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Omenaldien eguna izan da gaurkoa San Mamesen eta Anoetan. Ernesto Valverde eta Iñigo Lekue omendu dituzte Bilbon, datorren denboraldian taldean jarraituko ez dutela eta. Gauza bera gertatu da Donostian Aritz Elustondorekin, eta zaleen beroa gogotik jaso du taldeko kapitainetako batek. Dena den, protagonista nagusi horiek garaipena zuten omenaldirik onena, eta ez Athleticek eta ez Realak ez dute irabazteko adorerik izan. Zuri-gorriek bana egin dute Celtaren aurka, eta agur esan diete Europarako sailkatzeko aukera apurrei. Txuri-urdinek, berriz, partida amaiera etsigarria jokatu dute, eta 3-4 galdu dute Valentziaren kontra. Azken minutuetara 3-2 aurretik iritsi dira, eta Valentziak hamar jokalarirekin irauli du emaitza. Hortaz, zapore garratzarekin agurtu dute sasoia San Mameseko eta Anoetako zaleek.

Denboraldi osoan azaldutako zantzuak erakutsi ditu Athleticek, beste behin. Borondatea eta gogoa izan ditu irabazteko, baina erasoan argitasuna eta defentsan zorroztasuna falta izan ditu. Dinamika bizian abiatu da neurketa, baina azkar iritsi da Celtaren gola. Jauregizarrek toki txarrean galdu du baloia; bizkarrez zegoen, ez du aurkaria ikusi, eta galiziarrek ez dute barkatu. Moribak pase dotorea eman dio sakonean Willioti, eta hark ez du barkatu. Betiko mamuak azkar sartu dira San Mamesen, eta kolpe horri buelta ematea kosta egin zaio Valverderen taldeari.

Behin aurretik ipinita, garbia izan da Celtaren gidoia: ez du presioa goian egin, eta bi lerro ongi kokatuta eduki eta lana zorrotz egiteari eman dio lehentasuna. Gainera, ahalik eta denbora gehien galdu du. Jokalariek minutu dezente egin dituzte lurrean min hartuta, eta norgehiagokari erritmoa falta izan zaio. Celtak nahi izan duen jokoan aritu dira minutu luzez. Athleticek baloia izan du, baina alferrik. Kalitaterik eza agerian geratu da beste behin. Unai Gomezek sekulako aukera izan du buruz baloia errematatuta, baina atezainak gelditu egin dio. Berenguerrek eta Guruzetak ere izan dute aukera bana, baina ez da modurik egon berdinketaren gola sartzeko.

Atsedenaldira 0-1 atzetik erretiratu dira bilbotarrak, eta etsita agertu dira hainbat jarraitzaile. Hori ikusita, bigarren zatirako aldaketa bat egin du Valverdek: Robert Navarro sartu du zelaian Unai Gomezen ordez. Taldeak zinez eskertu du. Bestelako jarrera batekin ekin dio partidari etxeko taldeak, eta 51. minutuan jaso du saria. Ruiz de Galarretaren eta Yuriren artean jokaldi dotorea osatu dute ezker hegaletik, eta zarauztarraren erdiraketa Iñaki Williamsek bideratu du sarera. Aste zaila igaro ondotik, bere burua aldarrikatu du kapitainak.

Golak poza eta itxaropena ekarri ditu San Mamesera, eta garaipenaren bila itsu-itsuan jokatu du Athleticek. Erasoko gabeziak nabaritu dira, baina bigarren gola sartzeko merituak egin ditu Valverderen taldeak. Maroan, Izeta eta beste aurrelari batzuk ere atera dira aulkitik, baina inork ez du asmatu 2-1ekoa egiten. Gutxienez, Celtak ere ez du beste golik egin. Kontraerasoan min egiteko aukera izan du, eta Iago Aspas maisuki aritu da zelai erdian. Dena den, bana amaitu da partida, eta bukaeran txaloak nagusitu dira Valverde eta Lekuerentzat. Omenaldi polita egin diete zaleek. Yuri Berchiche zelaian eserita begira egon da, eta ikusi beharko da zer erabakitzen duen bere etorkizunaren inguruan.

Reala, goitik behera

Gol festa nagusitu da Anoetan, baina Realaren kalterako. Ezohiko jokalariekin osatu du hamaikakoa Pellegrino Matarazzok, baina taldeak ongi ekin dio lehiari. Izan ere, partida ezin hobeki abiatu dute txuri-urdinek, 2. minutuan Aihen Muñozek 1-0ekoa egin baitu. Bigarren zutoinean berari iritsi zaio baloia, eta haren ezkerkada ziztu bizian sartu da sarean. Pozak ez dio askorik iraun etxeko taldeari, eta Valentziak bi gol egin ditu bata bestearen jarraian. Nahiko antzekoak izan dira biak, gainera. Javi Guerrak 8. minutuan egin du banakoa, Realaren defentsako lerroan sekulako erraztasunak topatu ondoren. Bada, era berean iritsi da 1-2koa, 22. minutuan, Hugo Duroren bidez. Berriz ere, Valentziako jokalariek ez dute batere arazorik izan baloia mugitzeko Realaren area barruan, eta aurrea hartu dute markagailuan.

Aritz Elustondo zaleak agurtzen, gaur, Anoetan. JON URBE / FOKU
Aritz Elustondo zaleak agurtzen, gaur, Anoetan. JON URBE / FOKU

Atzetik jartzea kolpea izan da txuri-urdinentzat, baina pixkanaka suspertuz joan dira. Atsedenaldira bitarte gol aukera nabarmenak izan ditu Oskarssonek, baina ez du behin ere asmatu. Bigarren zatiaren hasierak ildo beretik jo du, eta 60. minutuan hiru aldaketa egitea erabaki du entrenatzaileak: Mikel Oiartzabal, Luka Sucic eta Sergio Gomez sartu ditu zelaian. Aldaketek berehala eman dituzte fruituak. Oiartzabalen jokoari esker beste patxada bat erakutsi du taldeak zelai erdian, eta erasoan ere distira agertu da.

Bi ailegaera arriskutsu izan dituzte donostiarrek jarraian, eta azkenean Pablo Marinen oinetatik iritsi da binakoa. Haren erdiraketak Tarregaren gorputzean jo du, eta sarean sartu da baloia. Binakoa ondo merezita iritsi da, baina ez da horrekin konformatu etxeko taldea, eta Oskarssonek berak 3-2koa egin du 63. minutuan. Oiartzabalek eman dion pasea goi mailakoa izan da. Partida ederki bideratu dute donostiarrek, eta are bideratuago geratu zaie Valentzia 70. minutuan jokalari bat gutxiagorekin geratu denean.

Realak kontrolpean izan du partida gehienean, eta 83. minutuan momentu berezia iritsi da. Matarazzok zelaitik kendu du Aritz Elustondo, eta zale guztiak zutik jarri dira, txaloka. Agur berezia izan du taldeko kapitainetako batek. Bazirudien garaipena ere batuko zela Elustondoren festara, baina ez. Azken txanpa tamalgarria jokatu du Realak, eta, hamar jokalarirekin, emaitzari buelta eman die Valentziak. Guido Rodriguezek egin du hirunakoa, eta Javi Guerraren oinetatik iritsi da 3-4ko erabakigarria. Emaitzaz harago, Valentziak jokoan Realari eman dion astindua handi samarra izan da.

Espainiako Kopa irabazi zuelako, Europa ligan aritzeko txartela bermatua du Realak, baina ez da liga ondo amaitzen ari. Golak izugarri erraz sartzen dizkiote, eta datorren sasoiari begira horixe izango da entrenatzailearen kezka iturrietako bat. Realak Espanyolen zelaian amaituko du aurtengo denboraldia, datorren larunbatean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE