ALAVES 3-0 GETAFE

Alavesek bikain ekin dio denboraldiari, Mendizorrotzan Getaferi irabazita

Mariano Diaz Alaveseko aurrelariak bereganatu du arreta gehien: 57. minutuan zelairatu da, eta gol bat sartu du, eta gola sartzeko bi pase eman. Arabako taldea jokalari bat gehiagoarekin aritu da 40. minututik aurrera.

Mariano Diaz. IDOIA ZABALETA / FOKU
Mariano Diaz, hark sartutako gola ospatzen, 2-0koa. IDOIA ZABALETA / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko abuztuaren 15a
21:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alavesek ezin hobeto ekin dio denboraldiari. 3-0 irabazi dio gaur Getaferi Mendizorrotzan. Jokalari batek bereganatu du arreta gehien: Mariano Diazek. Aurrelaria 57. minutuan zelairatu da, eta gol bat sartu du, eta gola sartzeko bi pase eman. 

Alavesek gora egin zuen aurreko denboraldian Quique Sanchez Floresek taldea entrenatzeko ardura zuenetik. Txukun aritu zen azken txanpan, eta, horri esker, mailari eutsi zion. Sanchez Floresek pentsatu du ondo dabilena ez dela aldatu behar, eta aurreko sasoian taldean zeuden 11 jokalariren alde egin du gaur hasierako hamaikakoa osatzeko. Aitor Mañas izan da berritasun nagusia. Lucas Boyeren tokia hartu du, hura min hartuta baitago.

Getafe parean izanda, partida oso gogorra eta borrokatua izatea espero zen, eta horrela izan da, hasi eta buka. Lehen zatian, baloia gutxitan ibili da zelaitik jiraka, Getafeko jokalariak faltak egin eta egin ibili baitira. Toni Martinezek izan du aukera bakarra, 20. minutuan, baina haren jaurtiketa gora joan da.

Bisitarien gogortasunak ondorioak izan ditu. 39. minutuan, Kiko Femeniak oso sarrera gogorra egin dio Abderi. Epaileak txartel horia atera dio Getafeko jokalariari, baina VAR-eko epaileak jokaldia telebistan ikusteko esan dio, txartel gorria izan zitekeelakoan. Epaileak telebistan ikusi du jokaldia, eta Kiko Femenia kanporatu du.

Etxekoak berehala egon dira abantaila hori aprobetxatzekotan, bigarren zatia hasi berritan, baina David Soriak geldiketa bikainak egin dizkie Abderi eta Angel Perezi jokaldi berean. Minutu gutxi batzuk geroago beste geldiketa eder bat egin dio Denisi. Estutzen ari zen Alaves jokalari bat gehiagorekin, eta gertu zirudien golak. 

Aldaketek mesede egin diote

Taldea indarberritu nahian, Mikel Rodriguez eta Mariano zelairatu ditu Sanchez Floresek Denisen eta Aitor Mañasen ordez. Handik gutxira, Yussef atera du Angel Perezen ordez. Etxekoak gogotsu ari ziren, baina ez zuten lortzen Getaferen defentsa zulatzea.

Kostata, baina 73. minutuan lortu du helburua Alavesek. Tenagliak baloia lapurtu du Getaferen areatik gertu, pase ona eman dio eskuin hegalera Marianori, eta haren erdiraketa zehatza bikain errematatu du buruz Tenagliak berak. Hasi eta buka, jokaldi ederra egin du erdiko atzelari argentinarrak. Gol hori etxekoen ahaleginaren merezitako saria izan da.

85. minutuan, Mikel Rodriguezek aukera ederra izan du bigarren gola sartu eta partida erabakita uzteko, baina kanpora bota du baloia Getafeko atezainaren aurrean bakarrik zegoenean. Marianok, ordea, ez du barkatu, eta 2-0koa sartu du 91. minutuan. Mikel Rodriguezek arantza atera ahal izan du, 3-0koa sartu baitu 94. minutuan, Marianoren pase bat baliatuta. Aurreko sasoian ia ez zuen jokatu Marianok, eta taldetik kanpo egon zen ia, baina, gaur, hura izan da heroia.

ATHLETIC, EUSKAL HERRIA KOPAKO FINALERA

Euskal Herria Kopak badauka lehen finalista: Athletic. Talde zuri-gorriak 3-0 irabazi dio gaur Alavesi Amurrion (Araba), txapelketako lehen finalerdian, eta finala jokatuko du hilaren 19an, Irungo Gal estadioan (Gipuzkoa). Zuri-gorriak oso nagusi izan dira. Patricia Zugastik sartu du partidako gol bakarra, 27. minutuan, Maite Valerok bigarrena, 77.ean, eta Nerea Benitok hirugarrena, 82.ean. 

Athleticek bihar jakingo du noren aurka jokatuko duen finala. Reala eta Eibar elkarren aurka ariko dira beste finalerdian, Azkoitiko Txerloia zelaian (Gipuzkoa), 19:00etan. 

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA