Aura garbitzeko terapiaren bat ondo letorkioke Alavesi. Izan ere, ezkortasunak hartu du azken hilabete eta erdian. Teknikaria aldatu behar izan du, Eduardo Coudetek River Plateren eskaintza onartu baitzuen; Nazioarteko Futbol Federazioak Facundo Garcesi ipinitako zigorra indarrean sartu da berriro, Kirolaren Arbitraje Auzitegiak hala ebatzita; eta, emaitza aldetik ere, ez da albiste onik izan. Hori da kezkagarriena, jaitsiera postuak berriz ere bertan baititu, bi puntura besterik ez. Salbazioa bideratzeko aukera on asko izan dituzte gasteiztarrek azken asteetan, baina kale egin dute behin eta berriz. Kolperik mingarriena, ziurrenik, azken partidan jaso zuten: 90. minutuan 1-2 ari ziren irabazten, baina 3-2 galdu zuten. Gauzak hala, ataka zailean egingo diote aurre gaur Vila-reali, Mendizorrotzan (21:00, DAZN).
Mestallan debut zinez mikatza eduki ostean, Quique Sanchez Floresek lehen partida zuzenduko du Gasteizen Alaveseko entrenatzaile gisa. Garaipenak lasaitasun handia emango lioke teknikari berriari, eta baita taldeari ere. Horretarako, ordea, hainbat gauza zuzendu beharko dituzte arabarrek. Azken bost jardunaldietan arerio zuzenen aurka aritu dira, eta neurketa bakar bat ere ez dute irabazi —bi berdindu dituzte, eta hiru galdu—. Bada, beren onera itzuli ezean, oso zaila izango da Vila-real mendean hartzea. Txapeldunen Ligarako sailkapena oso bideratua du, eta hirugarren postua eskuratzeko borroka bizia du Atletico Madrilekin.
Hori bai, paradoxikoa dirudien arren, sasoi honetan Alavesek sarri irudi hobea eman du talderik ahaltsuenen aurka apalagoen kontra baino. Horrek esperantza eman diezaioke gaurko. Gainera, azkenaldian Mendizorrotza zelai zaila izan da Vila-realentzat; 2019-2020ko denboraldian nagusitu zen bertan azkenekoz. Ordutik, emaitzak etxekoen aldekoak izan dira argi eta garbi: hiru partida irabazi dituzte, eta bat berdindu. Bereziki garrantzitsua izan zen arabarrek joan zen sasoian irabazi zuten partida (1-0): orduan, are egoera latzagoan egin zioten aurre Vila-reali, eta neurketa bederatzi jokalarirekin amaitu arren, irabazi egin zuten. Lehia hura mugarri izan zen, eta gaurkoak ere berpiztu egin lezake, puntuak Gasteizen geratzen badira. Sanchez Floresek azaldu duenez, taldean «oso barneratuta» daukate «azken jardunaldira arte» borrokatu beharko direla mailari eusteko.
Alaveseko entrenatzaile berriak zuzendu zuen lehen partidari erreparatuz, zantzu onak egon ziren emaitzaz harago. Sanchez Floresek 5-3-2 joko sistema ezarri zuen, eta taldeak Coudetekin baino itzulinguru gutxiago eman zituen eraso egiterako garaian. Areara iristeko prozesua sinplifikatu egin zen, eta horren ondorioz, aldeko penaltia lortu zuen partida hasi eta berehala. Boyek ez zuen barkatu 11 metroko jaurtiketan, eta bigarren zatian, buruz sareratu zuen baloia, korner batean. Aurrelari fisikoa da argentinarra, Toni Martinez bezala, eta estilo berriak mesede egin diezaieke biei. Angel Perezek, berriz, distira egiteko aukera izan dezake hegalean; hala egin zuen Mestallan.
Atzeko lerroa, kezka iturri
Lemazain berriaren eskema aldaketak zerikusi zuzena du taldearen gabezia nagusiarekin. Izan ere, defentsan ahulegi dabil Alaves, eta arazo hori konpontzea da Sanchez Floresen lehentasuna. Azken bost jardunaldietan bi gol jaso ditu partidako, eta azkenekoz duela hiru hilabete amaitu zuen norgehiagoka bat golik jaso gabe —Realari 1-0 nagusitu zitzaion 15. jardunaldiari zegokion partidan—. Mestallan ere ez zuen lortu pitzadura ixterik, normalean baino atzelari bat gehiagorekin jokatu izanagatik. Gaur, beste aukera bat izango du, baina, horretarako, Sanchez Floresek azpimarratu du Vila-realek ezin duela atzetik aurrera bizi-bizi egin.
Defentsaren makaltasuna ez ezik, atzelari eskasia ere kezkatzeko modukoa da. Gaur lanak izango ditu Sanchez Floresek bost atzelari zelairatu ahal izateko, Garcesek ez ezik, Pachecok eta Protesonik ere ezingo baitute jokatu —baztandarra kaleratu egin zuten Valentziaren aurka, eta uruguaitarrak min hartu zuen—. Berez erdiko atzelaria den jokalari bakarra dago jokatzeko moduan, Ville Koski, baina oraindik ez du jokatu Alavesekin. «Ez dago 90 minutu jokatzeko moduan, baina litekeena da partida hasita dagoela zelairatzea», esan du Alaveseko entrenatzaileak. Zelai erdian, bueltan da Pablo Ibañez; Gebarak, ordea, zigorra bete beharko du.