Aste makala izan du Alavesek. Gaurko lehiak neurgailu bezala balio zien arabarrei, etxean Sevillaren aurka galdu eta Getaferen zelaian puntu baliotsua lortu ondoren. Bada, kale egin dute Mallorcan, eta arnasa hartzeko aukera eman diote Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldeari. Izan ere, gaur lortu du sasoi honetako estreinako garaipena. Alaves ez da aurkaria baino gutxiago izan, ezta gutxiago ere. Alabaina, gola da futbolaren funtsa, eta kamutsak izan dira Alavesek markagailuan eragina izateko egin dituen saiakerak. Kontrara, garesti ordaindu du lehen zatian egin duen akats defentsibo bakarra. Ahaleginak eta bi egin ditu hortik aurrera, baina arazo nabarmenak izan ditu gol aukera garbiak sortzeko.
Getaferen aurka txandakatzeak egitea erabaki zuen Eduardo Coudetek, eta ongi atera zitzaion apustua: hamaikakoan ohikoak diren zenbait jokalarik atseden hartu zuten, eta taldeak, halere, mailari eutsi zion. Bada, gaur ere aldaketa ugari egin ditu teknikari argentinarrak: sei izan dira guztira. Halabeharrez, Facundo Garces deialditik at geratu da, FIFAk ezarritako zigorraren ondorioz. Malaysiarekin jokatu ahal izateko dokumentu faltsuak erabili izana leporatu diote. Urtebete eman beharko du zelaietatik kanpo. Oso zigor gogorra da, eta klubak agiri batean adierazi du jokalariaren errugabetasun presuntzioa errespetatzen duela. Atzelari argentinarrak hamar eguneko epea du errekurtsoa aurkezteko.
Garces funtsezkoa da Coudeten eskeman, eta gainera, arabarrek jokalari espezifiko gutxi dute defentsaren erdigunean jarduteko. Gaur, bikotea Pachecok eta Tenagliak osatu dute. Bestelakoan, aipatzekoa da Abdek eutsi egin diola titular postuari. Hegalean zorroztasuna ematen dio erasoko jokoari, eta lehia hasi orduko erakutsi du hori, ezkerretik egindako barneraldi batean. Jaurtiketa, ordea, ez du aterantz bideratu. 15. minutuan ere sukalderaino sartu da, Boyeren pasea jasota, baina area barruan ez zegoen inor aljeriarraren erdiraketa sareratzeko. Neurketari hasiera ona eman dio Alavesek: sendo egituratu da defentsan, eta Mallorca baino erosoago moldatu da baloiarekin. Zelaiaren egoera ez zen egokiena jokaldiak ehuntzeko, soilgune dezente baitzeuden.
Etxeko zaleak ez ziren gustura Mallorcaren jokoarekin. Txistu hotsa entzun da, baina bat-batean, harmailek pozez egin dute eztanda: Asanok Sivera gainditu du, Domenechekin bat-bikoa egin ondoren. Jokaldiak lozorroan harrapatu ditu Alaveseko jokalariak. Aurrez, baloiak epaileari eman dio, eta hark Mallorcaren esku utzi du. Etxekoek abiada bizian egin dute aurrera, azkar ateratako falta bat balitz bezala. 37. minutua zen, eta ikusitakoak ikusita, merezi ez zuten zigorra jaso dute arabarrek.
Baloirik ez aurrelariei
Kementsu itzuli dira atsedenetik, eta sarri barneratu dira Mallorcaren zelaian. Abdek temati jarraitu du: Aleña area ertzean topatu du lehenik, baina kataluniarrak ez du errematean asmatu; eta gero, Abdek berak atera jaurti du kontraeraso batean, baina ezin izan du Leo Roman gainditu. Jarraian, Tenagliaren burukada batek langa miazkatu du, eta Jonnyren erdiraketa zitalak ez du errematerik izan. Estutzen ari zen Alaves, eta oldarraldia gelditu ez zedin, aldaketa hirukoitza egin du Coudetek: Mariano, Toni Martinez eta Yusi sartu ditu zelaian, eta hartara, bi aurrelariko sistema ezarri du.
Mallorcak, ordea, tinko eutsi dio erauntsiari, eta askorik sufritu gabe eutsi dio azkenean emaitzari. Areago, bigarren gola sartuko zukeen Pachecok baloia atepetik izan ez balu. Bi aurrelarirekin aritzea ez da baliagarria izan Alavesentzat, taldekideek ez baitituzte behar bezala hornitu. Taxuzko erdiraketarik ezean, errematatzaileak gosez geratu dira, eta Alavesi ihes egin diote puntuek.
Mallorca-Alaves
Mallorca: Leo Roman; Maffeo, Valjent, Raillo, Mojica; Samu Costa, Morlanes (Torre, 87. min), Domenech (A. Sanchez, 58. min), Darder (Llabres, 87. min), Asano (Mateu Jaume, 68. min); Muriqi (Mateo Joseph, 68. min).
Alaves: Sivera; Jonny (Calebe,82. min), Tenaglia, Pacheco, Victor Parada (Youssef, 64. min); Blanco, Carlos Vicente, Pablo Ibañez (Toni Martinez, 64. min), Aleña (Denis Suarez, 82. min), Rebbach; Boye (Mariano, 64. min).
Golak: 1-0:Takuma Asanok (37. min.).