LEVANTE 2-0 ALAVES

Alavesek Levanteren zelaian galdu du, eta gora egin ezinik dabil

Arabarrak nagusi izan dira lehen zatian, baina aukera garbiak huts egin dituzte. Bigarren zatian, berriz, Levante gailendu da, eta epaileak Parada kanporatzeak nagusitasun hori areagotu du. Etxekoek azken txanpan sartu dituzte bi golak.

Victor Parada. ANA ESCOBAR / EFE
Victor Parada, zelaitik irteten, epaileak txartel gorria atera eta gero. ANA ESCOBAR / EFE
Julen Etxeberria.
2026ko otsailaren 27a
23:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

Partida guztietan puntu kopurua bera dago jokoan: irabazteak hiru puntuko saria du, eta, berdintzeak puntu batekoa. Baina puntu kopuru bera jokoan egon arren, partida batzuk besteak baino garrantzitsuagoak dira; besteak beste, neurketa horretako aurkaria kontrario zuzena baldin bada. Levante Alavesen aurkari zuzena da mailari eusteko helburuan, eta, gaur, Arabako taldeak aukera ona zuen sailkapenean aurrerapausoa eman eta hura atzean uzteko. Baina alferrik galdu du aukera hori, galdu egin baitu Levanteren estadioan: 2-0. 

Gaur galdu eta gero, Alaves hamalaugarren postuan dago sailkapenean. 27 puntu ditu, eta hiru puntura ditu jaitsiera postuak. Baina atzetik dituen lau taldek aurrea har diezaiokete asteburuan: Rayo Vallecanok, Valentziak, Elxek eta Mallorcak. Hau da, emaitza guztiak kontrakoak baldin badira, baliteke jaitsiera postuetan bukatzea jardunaldia. Bolada txarrean dago Arabako taldea, lau jardunaldi baitaramatza irabazi gabe: bi partida berdindu ditu, eta beste bi galdu.

Talde bakoitza zati batean nagusitu da. Aurrenekoan, Alaves Levanteri gailendu zaio, baina ez du asmatu nagusitasun hori gol bat eginez indartzen. Dozena erdi aukera izan ditu gola sartzeko, baina ez Boyek, ez Aleñak, ez Ibañezek, ezta Toni Martinezek ere ez dute asmatu. Ryan, Levanteko atezainak, zapuztu ditu bisitarien aukera gehienak. Etxekoek ere izan dute aukera garbi bat, Carlos Alvarezek, baina hark ere ez du asmatu.

Bigarren zatian, berriz, Levante nagusitu da. Hasi eta berehala, Carlos Alvarezek zutoinera bidali du baloia. 60. minutuan, epaileak oso zorrotz jokatu du, eta bigarren txartel horia atera dio Paradari. Erabaki hori erabakigarria izan da neurketaren nondik norakoan, jokalari bat gehiagorekin, areagotu egin baita Levanteren nagusitasuna, baita Alavesen ezina ere. Olasagasti eta Espi gola sartzekotan egon dira, baina Sivera ikusgarri aritu da bi jokaldi horietan. Baina, azkenean, etxekoek saria jaso dute, eta azken txanpan bi gol sartu dituzte. Espik sartu ditu biak, 88. minutuan eta 97.ean.

Partida bukaeran, etsita joan dira aldagelara Alaveseko jokalari eta entrenatzaileak. Kolpea jaso dute, baina suspertu egin behar dira. Horretarako, gogor lan egin behar dute. Ikusteko dago lan hori Eduardo Coudeten esanetara egingo duten, ikusteko baitago River Plate taldera joango den edo ez. 

LEVANTE-ALAVES
Levante. Ryan; Toljan, Dela, Moreno, Manu Sanchez; Raghouber (Rey, 57. min.), Olasagasti; Tunde (Iker Losadak, 79. min,), Carlos Alvarez (Espi, 57. min.), Cortes (Morales, 69. min.); eta Ivan Romero (Etta Eyong, 79. min,).
Alaves. Sivera; Jonny, Tenaglia, Pacheco, Parada; Angel Perez (Abde, 90. min.), Pablo Ibañez, Blanco (Protesoni, 90. min.), Aleña (Gebara, 72. min.); Lucas Boye eta Toni Martinez (Garces, 63. min.).
Golak. 1-0: Espik (88. min.). 2-0: Espik (97. min.). 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.