Alavesek zortzigarren partida kateatu du ligan irabazi gabe. Baina gaur, gutxienez, puntu bat lortu du Sevillaren zelaian. Etxeko taldea denboraldi ona egiten ari da, eta arabarrek aho zapore ona utzi behar dien puntua lortu dute. Quique Sanchez Florese zuzentzen duen taldeak berezkoa duen izaera lehiakorra berreskuratu du. Lehen zatia ona egin du, eta pare bat aukera on izan ditu aurretik jartzeko. Gainera, Siverak penalti bat gelditu du. Bigarrenean, batez ere lehen hogei minutuetan, etxekoak estutu egin dute, eta hortzak estutzea tokatu zaio Alavesi. Baina azken txanpan berriro ere parekatu egin da norgehiagoka, eta azkenerako hasi bezala amaitu da partida. Hala hamabi partidan hamahiru puntu bilduta doaz ligako etenera.
Alaves hobeto ekin dio neurketari. Hasi eta gutxira izan du aurretik jartzeko abagunea; oso argia, gainera. Arabarrek jokaldi ona lotu dute eskuinetik; baloia Angel Perezi iritsi zaio, eta hark bigarren zutoinera erdiratu du. Han bakarrik zegoen Youssef, baina haren errematea atearen alde batera joan da. Biziak izan dira lehen minutuak.Â
9. minutuan partida minutu batez eten da, aste honetan hil den Jesus de Miguel omentzeko.16.minutuan beste aukera on bat izan du Quique Sanchez Floresek zuzentzen duen taldeak. Berriro Youssef izan da bere taldea aurretik jartzear egon dena. Korner bat jaurti du zuzenean, oso itxia, eta Sevillako atezain Vlachodimos ezustean harrapatzear egon da. Hortik aurrera partidaren erritmoa jaitsi egin da, eta asko trabatu du. Izan ere, falta asko izan dira. Bi taldeek asko estutu dute, eta buruz buruko lehia asko izan dira.
Hurrengo minutuetan Sevillak maizago jokatu du Alavesen zelaian, eta 30. minutuan Bestard Servera epaileak penaltia adierazi du Alavesen kontra. Correia Angel Perez atzean uzten saiatu da. Alaveseko jokalaria geldik geratu da, baina Sevillakoa lurrera joan da. Oso zalantzazkoa izan da. Baina epailea ez da VARera joan ikustera, eta bere erabakiari eutsi dio. Vargasek jaurti du, eskuinera. Siverak asmatu egin dio nora jaurti egin behar zuen, eta gelditu ona egin du.Â
Azken txanpan partidak bide beretik segitu du. Bi taldeek intentsitate handiz jokatuko dute, oso lehiakor. Ez da aukera argirik izan, eta partida asko parekatu da berriro ere. Lehia izan da nagusi, jokoaren aurrean. Hala, lehen zatia hasi bezala amaitu da: 0-0.
Sevilla nagusi
Bigarren zatian Sevilla zuzenago jokatzen hasi da, eta horren ondorioz Alavesek pauso bat eman du atzera. Hasiera batean etxekoek ez dute gol aukerarik sortu. Baina 56. minutuan abisua eman dute. Suazok erdiratu du, eta atzetik etorrita buruz errematatu du Juan Iglesiasek. Siverak ondo atera du eskua, eta kornerrera bidali du baloia. Baina 61. minutuan Alavesek erantzun du. Koski izan da buruz errematatu duena, eta Sangantek golaren arrastotik atera du baloia.Â
Baina etxekoek nagusi izaten jarraitu dute, eta estutzen. 65 minutuan gola sartzean egon da. Siverak baloi bat atera du ukabilarekin, eta Juan Iglesisi. Hark jaurti egin du arearen ertzetik. Baloia sareetara zihoan, baina Pablo Ibañezek atera du. Alavesek baloiaren jabe izaten saiatu behar zuen, partida hartzen ari zen norabidea aldatzeko. Eta horretan saiatu da, jokaldiak gehiago landuz. Horri esker, etxekoen nagusitasunak apur bat behera egin du. Are gehiago, Alavesek bigarren zatian izan duen aukerarik garbiena eduki du 72. minutuan. Boyek buruz jo du baloia, ondoren Valentinik ukitu du, eta Protesonik oinaren puntarekin atera errematatu du. Baina baloia gutxigatik joan zaio kanpora.
Azken minutuetan Sevillak berriro ere estutu egingo zuela espero zitekeen, zaleek hauspotuta. Baina Alavesek ondo eutsi dio, eta ez du askorik sufritu puntua poltsikoratzeko.
Sevilla-Alaves
Â
Sevilla: Odysseas; Iglesias, Sangante (CastrĂn, 73. min.), Kike Salas, Suazo; Vargas (Ejuke, 59. min.), Agoume, Fofana, Felix (Alfon, 85. min.); Isaac (Robbie Ure, 74, min.) eta Stassin.
Alaves: Sivera; Angel Pérez (Rebbach, 61. min.), Tenaglia, Valentini, Koski, Youssef (Otto, 85. min,); Ibañez, Gebara (Benavidez, 61. min.), Blanco; Toni Martinez (Mariano, 73. min.) eta Boye (Mañas, 85. min.).