Alavesek irabazi beharreko lehia du gaur, Levanteren zelaian (21:00, Movistar). Jaitsiera postuak hiru puntu eskasera dituela, sailkapeneko azken-aurrekoarekin neurtuko ditu indarrak. Sevillaren eta Gironaren aurka ez zen gai izan puntuak hirunaka batzeko; beraz, presiopean ariko da gaur. Onerako zein txarrerako, mugarri izan liteke Ciutat de Valencia estadioan jokatuko den norgehiagoka. Halere, azken egunetan arreta beste nonbait izan dute Alavesen zaleek. Begi bat hemen, eta beste bat han: zeresan handia eman du Baskoniak Espainiako Kopan lorturiko garaipenak, eta baita Eduardo Coudet entrenatzailearen etorkizunak ere. Baliteke argentinarrak aurki uztea arabarren teknikari izateari, River Plateren hautagai nagusia baita aulkian sortu zaion hutsunea betetzeko. Alavesek, bitartean, zelaian ipini behar du arreta.
Argentinako hainbat hedabidek akordioa egintzat jo dute azken egunetan. Coudetek, ordea, ez du oraindik inongo deirik jaso. Hala esan zuen atzo, partiden atarian egin ohi duen agerraldian. «Riverreko inor ez da nirekin harremanetan jarri, ezta nire ordezkariarekin ere. Zarata handia sortu da, normala denez. Hala gertatzen da Real Madril eta Bartzelona ere teknikari bila dabiltzanean. Haien gisara, River mundu mailako talde bat da». Alde horretatik, Coudetek adierazi zuen «ohorea» dela klub horren aulkian esertzeko hautagaien artean egotea; era berean, ez zuen argitu Alavesen jarraituko lukeen telefonoa joka hasiko balitzaio. Iheskor aritu zen: «1,90 luze izan banintz, eta bi oinez nahiz buruz fina izan banintz, aurrelari gisa jokatuko nukeen. Futbolean, hipotesiek ez dute balio».
Ekainean amaituko zaio Alavesekin duen kontratua, eta ez dauka lehenago libre irteteko aukera emango liokeen klausularik. River Platek, nahitaez, negoziatu egin beharko luke Coudet Buenos Airesera eramateko, eta, eskaintza mamitsua jasota ere, Alavesentzat mingarria litzateke sailkapenean estu samar dela lemazainik gabe geratzea. Argentinarrak garbi utzi beharko luke River Platera joan nahi duela; hala izanez gero, ez luke zentzurik izango entrenatzailea gogoz kontra mantentzeak. Coudet bi arotan izan zen River Plateko jokalari, eta behin baino gehiagotan aitortu du noizbait teknikari gisa itzuli nahiko lukeela. Abagune aproposa izan lezake orain, Marcelo Gallardoren ordezko gisa.
«Riverreko inor ez da nirekin harremanetan jarri, ezta nire ordezkariarekin ere. Zarata handia sortu da, normala denez»
EDUARDO COUDET Alaveseko entrenatzailea
Alavesen, Coudetek bete egin ditu orain arte kirol helburuak, baina harreman gorabeheratsua izan du zaleekin. Hasieran, askok ez zuten begi onez ikusi Luis Garcia Plaza kaleratu eta teknikari kargua Coudeten esku uztea. Argentinarraren bidez, arabarrek izkin egin zioten jaitsierari iragan sasoian, eta helburu horren atzetik dabiltza orain. Astelehenean bina berdindu zuten Gironaren aurka, eta Coudeten kontrako txistuak entzun ziren Mendizorrotzako harmailetan, bigarren zatian Pablo Ibañez zelaitik kentzea erabaki zuelako. Irmo erantzun zuen prestatzaileak. «Ulertzen dut batzuetan jendea urduri jartzea, baina nirekin jokalariek maila ona ematen badute, ez naiz horren ergela izango».
Oroitzapenek hauspotuta
Ikusteko dago jokalariei zenbateraino eragiten dien teknikariaren inguruan sortu den harrabotsak. Mesedegarria, behintzat, ez da izango halako giroa izatea lehia erabakigarri bat jokatu aurretik. Azken neurketetako joerak ere ez die askorik lagunduko: defentsan bigunegi dabiltza, eta erasoan kamuts. Lasaigarria izan zen jarraian Betisi eta Espanyoli irabaztea, baina azken hiru partidetan garaipenik lortu ez dutenez, puntu premia handiarekin iritsiko dira gaurko neurketara. Oroitzapenak akuilu izan daitezke gasteiztarrentzat, azken igoera Levanteren zelaian lortu baitzuten, modu epikoan lortu ere. Etxekoak egoera kritikoan iritsiko dira; salbazioa zazpi puntura dute.