Denboraldia hastear da Espainiako Lehen Mailako taldeentzat, eta Alaves onenen artean dago beste urte batez. Goiz luzea izan dutela nabarmendu du Pablo Ibañezek (Iruñea, 1998). Elkarrizketa egin aurretik, denboraldiaurreko azken entrenamenduetako bat izan dute goizean, eta amaitutakoan epaileekin solasaldia izan dute, sasoi honetako arau berriak azaltzeko eta orain artekoak gogorarazteko. Gaur hasiko du denboraldia Alavesek. Zaleen aurrean hasiko du gainera, Mendizorrotzan jokatuko baitu, Getaferen aurka, 19:30ean (DAZN). Ibañezek oso argi du zein den helburua: mailari eustea. Baina gustatuko litzaioke hori lortzeko aurreko sasoian baino gutxiago sufritzea.
Liga hastear, zer moduz zaudete? Ez duzue galdu partidarik denboraldiaurrean.
Asko gustatu zait taldeak egin duen denboraldiaurrea. Lau partida jokatu ditugu, eta ez dugu partidarik galdu. Garrantzitsua da hori, azkenean ligarako ahalik eta ondoena prestatu behar baita. Taldea oso sendo ikusten dut: sasoiko gaude, eta lan handia egin dugu aurreko denboraldian baino gol gutxiago jasotzeko. Oso prestatuta gaude lehen jardunaldirako.
Hiru fitxaketa egin ditu taldeak. Bada baten bat atentzioa eman dizuna?
Mikel Rodriguez; harritu egin nau. Ez nuen asko ezagutzen, Realaren bigarren taldean ari baitzen jokatzen. Asko gustatu zait. Gogotsu etorri da, eta zaleak harritu egingo ditu, onerako.
Hain zuzen, Mikel Rodriguez fitxatuta lehia handiagoa izango duzu zelai erdian. Nola ikusten duzu lehia hori?
Lehia beti da ona; beti esaten dut hori. Gure artean gehiago eskatzen dugunean, taldeak gehiago emango du, eta askoz hobea izango da luzera begira. Hau guztion onerako izango da.
Denboraldia hasteko gogotsu zaudete?
Egia esan, bai. Izan ere, denboraldiaurreak gogorrak egiten dira: asko entrenatu gara, eta sasoiko jarri gara; uste dut prest gaudela denboraldia hasteko.
«Teknikarien taldea gehiago ari da erakusten zer lortu nahi duen taldean: sendo aritzea, talde bat izatea, aurkariak horrenbeste gol ez sartzea...»
Aurreko denboraldia hamalaugarren postuan bukatu zenuten, jaitsiera postuetatik puntu bakar batera. Zein da denboraldi honetako helburu nagusia?
Anbiziotsua izanik, helburua lehenbailehen mailari eustea izango dela esango nuke. Nahiago nuke aurreko denboraldian baino egun batzuk lehenago izango balitz, eta gehiago egiteko aukera izango bagenu, baina helburua mailari eustea da. Azkenean, Alavesen helburua beti izango da Lehen Mailan egotea. Zenbat eta lehenago lortu helburu hori, orduan eta hobeto.
Zer aldatu zen gehien joan den denboraldian Quique Sanchez Flores iritsi zenetik?
Aurreko denboraldian ez zuten [teknikariek] denbora askorik izan prestatzeko, azkenean denboraldi baten erdian sartzea ez baita erraza. Oso azkar egokitu ziren, eta taldea Lehen Mailan mantentzea lortu zuten. Denboraldiaurre honetan, berriz, ikusten ari naiz teknikariak gehiago ari direla erakusten taldean zer lortu nahi duten: sendo aritzea, talde bat izatea, aurkariak horrenbeste gol ez sartzea... Hori ondo transmititzen ari dira denboraldiaurre honetan.
Denboraldiaurretik lanean ari direla kontuan hartuta, jokatzeko moduan zerbait berria eskatzen dizuete?
Sistema eta ideia antzekoak dira, baina orain gehiago ari dira arreta xehetasunetan jartzen. Hobetzeko tartea dugula ikusi ahal izan zuten, eta hobetzeko ariketei esker eta denboraldi honetan nahi dutena azpimarratuz, taldea hazi egin da.
«Nire helburua aurreko denboraldian baino estatistika hobeagoak lortzea da: gol gehiago sartzea eta gola sartzeko pase gehiago ematea»
Zuri zer eskatzen dizu gehien Sanchez Floresek?
Jokoan parte hartzea. Box to box bat izatea eskatzen dit, hau da, gora eta behera ibiltzea, areara askoz gehiago iristea, aukerak izatea eta golen bat sartu ahal izatea.
Zertan hobetu nahi duzu zuk? Zer helburu dituzu?
Nire helburua da aurreko denboraldian baino estatistika hobeagoak lortzea. Azkenean, zelaiko eremu guztietan parte hartzen dut, eta ez da erraza guztietan estatistika onak lortzea, bi eremuetan egon behar baitut: atzean eta aurrean. Baina nire helburua gol gehiago sartzea eta gola sartzeko pase gehiago ematea da.
Lehen urtea egin duzu etxetik kanpo. Zer moduz egokitu zinen iaz?
Azkarra izan zen, jendeak oso erraz jarri baitzidan dena; taldekideei esker oso azkar egokitu nintzen. Oso gustura nabil: Lehen Mailan jarraitzen dugu, eta jada Gasteizen egokituta nago.
Osasuna zure talde ohiaren partidak ikusi dituzu?
Bai, saiatzen naiz ikusten. Jardunaldi asko ezin izan nituen ikusi, Osasunak jokatzen zuenean entrenatzen edo beste zerbait egiten ari nintzelako. Hala ere, saiatzen nintzen ikusten, lagun asko baititut Osasunan, eta ondo aritzea nahi baitut.