Alavesi eta Eibarri egokitu zaizkie aurkaririk gogorrenak Kopako final-zortzirenetan

Arabarrek Atletico Madril hartuko dute, eta gipuzkoarrek, Tenerife. Euskal taldeen beste kanporaketak Valentzia-Reala eta Deportivo-Athletic izango dira. Neurketa bakarrera jokatuko dira, abenduaren 19an eta 20an.

Cecilia Marcos Realeko jokalaria Levante Badalonako Nerea Carmona atzean utzi nahian, aurreko sasoiko Kopako kanporaketan. JON URBE / FOKU
Cecilia Marcos Realeko jokalaria Levante Badalonako Nerea Carmona atzean utzi nahian, aurreko sasoiko Kopako kanporaketan. JON URBE / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko azaroaren 26a
18:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zozkatu dira Espainiako Kopako final-zortzirenetako neurketak. Bertan lau euskal talde izan dira, eta hauek dira egokitu zaizkien kanporaketak: Valentzia-Reala, Deportivo-Athletic, Alaves-Atletico Madril eta Eibar-Tenerife. Kanporaketak partida bakarrera jokatuko dira, abenduak 19ko asteburuan. 

Alavesi eta Eibarri egokitu zaizkie aurkaririk gogorrenak. Arabarrek Atletico Madrilen aurka neurtuko dituzte indarrak, Kopako gaur egungo txapeldunordearekin. Andrea Estebanek zuzentzen duen taldeak Mendizorrotzan jokatuko du kanporaketa. Ligan irailean aritu ziren nor baino nor gehiago, Madrilen, eta arabarrek azken unean galdu zuten, 91. minutuan; Jensenek sartu zuen gola. Alavesek kostata gainditu zuen aurreko kanporaketa, penaltietan hartu baitzuen mendean Cacereño.

Zaleen hauspoa dutela jokatuko du Eibarrek ere. Tenerife izango du kontrario. Kanaria Uharteetako talde horrek denboraldi bikaina egin zuen aurreko sasoian. Kopako finalerdietara ailegatu zen, eta ligan laugarren amaitu zuen. Yeray Martin, Eibarren entrenatzailea, etxera itzuliko da, hark zuzentzen baitu Tenerife. Bi taldeek astebete lehenago neurtuko dituzte indarrak ligan. Kasu honetan, Teneriferen zelaian. Aurreko kanporaketan, Iñaki Goikoetxeak zuzentzen duen taldeak Levanteri irabazi zion: 0-1

Aurreko denboraldian ligan lehen zortzi taldeen artean amaitu ostean, Reala eta Athletic orain hasiko dira Kopan lehiatzen, eta biek kanpoan jokatuko dute. Txuri-urdinek Valentzia izango dute kontrario, eta aurreko denboraldiko arantza kendu nahiko dute. Izan ere, kanporaketa honetan, final-zortzirenetan geratu ziren txapelketatik at, Badalonaren kontra. Ligan, txuri-urdinek irabazi egin zuten Valentzian, baina kostata: 0-1. Nerea Eizagirrek sareratu zuen Realaren gola. Valentzia azken postuan dago ligako sailkapenean, baina azken jardunaldietan emaitza onak lortzen hasi da. 

Galiziara bidaiatuko du Athleticek, Coruñako Deportivo izango baitute aurkari zuri-gorriek. Victor Martinek zuzentzen duen taldea denboraldi ona egiten ari da: bosgarren dago sailkapenean, 19 puntu lortuta. Kopan ere ligan erakusten ari den izaera lehiakorra erakutsi nahi du. Ligan denboraldi honetan ez zituzten oraindik indarrak neurtu bi taldeek. Urtarrilaren 10eko asteburuan egingo dute, Gabonetako etenaren ostean. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA