BERRIA Txapelketa

Aldabek eta Apezetxeak jantzi dute txapela

Finalean, 35-29 irabazi diete Loitegi eta Zalduari, Galarretan. Txapelketako partida guztiak irabazi dituzte.

jarraia212034.jpg
Aitor Manterola Garate.
2022ko apirilaren 9a
19:43
Entzun 00:00:0000:00:00

I. BERRIA Txapelketak baditu irabazleak: Aldabek eta Apezetxeak jantzi dituzte txapelak. Bi nafarrek menderatu egin dituzte finalean Loitegi eta Zaldua (35-29), Galarretan. Hasiera berdindua izan eta gero, ospa egin dute gorriek gero, eta 14-7 aurreratu dira. Berdinduz joan da gero finala, eta 18na jarri dira. Urdinek aurrea hartzea ere lortu dute (22-23), baina azken txanpan, gorriak nagusi, 13-6ko partzialarekin. Txapelketako partida guztiak irabazi dituzte txapeldunek.

Giro polita izan da Hernaniko pilotalekuan. Bigarren partida izan da finalekoa, eta zaleek bero hartu dituzte lau finalistak aurkezpenean. Partida hasi denean, oraindik jokoan zen Euskal Herriko Itzuliko etapa, eta hainbat ikuslek pilotalekuko eserlekua utzi dute, telebistaz txirrindulariak ikusteko. Horien jarduna bukatzean, atzera ere eserlekuetara itzuli dira, finalari so jartzera.

Ikusi dutena izan da partida osoagoa egin dutela garaileek. Aldaberi bizi ateratzen zitzaion pilota otarretik, lekuak ondo hartzen aritu da, aurrera egin behar zuenean aurrera eginez, eta Apezetxea atzelariari lagundu behar zionean, atzeragotik joz pilota. Tanto asko egin ditu aurrelariak, eta babes oparoa eman dio atzelariak, pilota gutxitan egin baitu kale. Ondo uztartu dira biak finalean.

Urdinen aldetik ikusleek ikusi dutena ia kontrakoa izan da. Ezin asmatuta bezala aritu dira Loitegi eta Zaldua. Neurri handi batean aurkariek partida ia biribila jokatu dutelako. Finalaren bilakaera ere kontra jarri zaie, atzetik joatearen eraginez presaka bezala jokatu behar izan dutelako. Lortu dute berdintzea 23na, eta aurretik jartzea ere bai. Baina ez zen haien eguna. Azkeneko takatekoan, txapela gorrien buruetara eraman duen horretan, erabakigarria izan da Apezetxearen estrategia aldaketa sakean: zabaletik hasi da ateratzen. Tantoz tanto txapelera gerturatzen joan dira azkeneko txanpa horretan, eta buruan zituztela sartu dira aldageletara.

Sariak jasotzera pasillo batetik joan dira lau finalistak. Hirugarren partidako pilotariek altxatu dizkiete otarrak: Ansa II.ak, Barrenetxeak, Urrizak eta Larrañagak. Zaleen txalo artean egin dute bidea, eta han zuten zain kantxaren erdian podiuma. Bi koska eta Martxelo Otamendi zain, BERRIA egunkariko zuzendaria. Hark banatu dizkie kopak galtzaileei lehendabizi, eta beste horrenbeste egin du irabazleekin, bi horiei txapel bana eman aurretik.

Txaloekin egin dute aldagelarako bidea lau pilotariek, eta hantxe egin dituzte adierazpenak. Aldape pozik zen, nola ez. «Final gogorra izan da, baina ondo aritu gara Apezetxea eta biok. Debutaria izateko, final handia jokatu du [laugarren partida izan du profesionaletan, eta laurak irabazi ditu]». Galtzaileen artean, Loitegik onartu egin du galdu izana: «Hobeto jokatu dute, eta gu atzetik ibili gara beti. Aurretik jarri bagara ere, Apezetxearen sakeak min handia egin digu akaberan. Sakatzaile oso ona da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.