Aldaketa barneratzen

Bi urte eta erdi Jose Luis Mendilibarren jokatzeko era lantzen eta gauzatzen aritu ondoren, Javi Graciaren estilora egokitzen ari dira Osasunako jokalariak.

Iruñea
2013ko irailaren 11
00:00
Entzun
Entrenatzaile bat aldatzean gauza asko aldatzen dira talde batean, eta emaitzak onak ez direnean horregatik aldatzen dute entrenatzailea futboleko zuzendariek, jokalari guztiak aldatzea baino errazagoa eta merkeagoa delako. Osasuna entrenatzaile batetik besterako bide hori egiten ari da azken bi asteetan. Jose Luis Mendilibarren jokatzeko erara egokituta zeuden gorritxoak azken bi urte eta erdian, eta, zaldibartarraren agurrak erabat hunkitu eta tristetu zituen arren, entrenatzaile berriaren kemenak eta ilusioak indarberritu egin ditu Osasunako jokalariak azken egunetan. Hala diote jokalariek behintzat. Javi Graciak beste era batera ikusten du futbola, eta bere estiloa barneratzen ari dira orain jokalariak. Aldaketa barneratzen, alegia.

Egun hauetan entrenamenduak amaitu ostean prentsa aretotik igaro diren jokalari guztiek nabarmendu dute Javi Graciaren lanerako grina eta ilusioa. Mendilibarrek zerbait baldin bazuen, lanerako grina zen. Baina Graciak zenbait gauza errotik aldatu nahi ditu, eta, horren harira, Osasuna egunotan denboraldi-aurreko egunetan bezala ari dela esan daiteke. Ligak iragan asteburuan izandako etenaldia baliatu, eta bere ideiak aurkezteko egun dezente izan ditu Graciak iritsi orduko, eta jokalariak ilusioz beteta daude aro berriarekin, batik bat zaldibartarrarekin gutxi jokatzen zuten jokalariak.

Patxi Puñal kapitainak argi hitz egin du, esaterako. Haren esanetan, «inoiz aldagela batean bizi agurrik hunkigarriena» izan zen Mendilibarri eskainitakoa. Entrenatzaile zaldibartarrak jokalari guztien babesa jaso zuen, eta negar malkoei eutsi ezinda joan zela aitortu zuen Mendilibarrek berak.

Hargatik, entrenatzaile bat agurtu orduko bestea ezagutzen hasi behar izaten dute jokalariek horrelakoetan, eta Graciaren «ilusioa eta lanerako borondatea» azpimarratu du Osasunako kapitainak. «Gauzak hasieratik behar bezala egiten saiatzen ari da, eta hori asko gustatzen zait. Ideiak argi ditu», esan du Patxi Puñalek.

Ligako azken partidan Vila-realen aurka Osasunako jokalariek eman zuten itxura ikusita, bere bizitzan lehen aldiz palkoan «lotsatuta» egon zela adierazi zuen Miguel Artxanko presidenteak. Puñalen aburuz, «lekuz kanpoko hitzak» izan ziren. Jokalariak mindu egin zituen presidenteak. Eta badirudi entrenatzaile aldaketak bezainbeste suspertu ahal ditzakeela jokalariak presidentearen hitz jario aldrebesak. Kontuak kontu, aldaketa garaia da.

Defentsan hobetu beharra

Golak nekez sartzen ditu Osasunak aspaldian, eta bazirudien erasoan zegoela aldaketa premiarik handiena. Javi Graciak, ordea, atzealdeko sendotasuna berreskuratzeari eman dio lehentasuna. «Atzelariak elkarrengandik gertuago jokatzea gustatzen zait, atzean sendoago aritu behar dugu», esan zuen entrenatzaile nafarrak Osasunara iritsi orduko. Damia Abella atzelari kataluniarraren hitzetan, «atzelari lerroaren posizioan aldaketak nahi ditu. Elkarri babes handiagoa eman behar diogu baloia jokatuta ateratzerakoan». Damiak ere argi hitz egin du aldaketaz: «Gauzak hobeto egin izan bagenitu, ez zen entrenatzaile aldaketarik izango, eta hori izango zen onena. Baina behin entrenatzailea aldatuta, lehenbailehen egokitu behar dugu entrenatzaile berriaren asmoetara. Graciak eta Mendilibarrek ez dute zerikusirik, eta aldaketa azkar nabarituko dela uste dut, Graciaren mezua oso argia baita».

Ia egunero goiz eta arratsaldez lanean aritu dira nafarrak Javi Gracia iritsi zenetik. Denbora gutxian lan asko egiteko premia dago. «Denboraldi-aurre txiki bat egiten ari gara», esan du Oriol Rierak, esaterako. Aurrelari kataluniarra ere «ilusioz beteta» azaldu da, Javi Graciaren jokatzeko erak aurrelariei ere mesede egin ahal diela sinetsita.

Entrenamendu ugari egiteaz gain, bigarren taldeko bospasei jokalari une oro lehen taldearekin lanean ikustea deigarria izan da. Mendilibar asko kritikatu zuten etxeko jokalariak aintzat ez hartzeagatik. Gero aukera emango dien ala ez ikusiko da, baina lehen taldeko lan dinamikan sartu ditu gazteak entrenatzaile berriak.

Ezin asmatu Getaferen aurka igandean Osasunak zein hamaikako zelairatuko duen, baina egunotan Taxoaren ikusitakoagatik, zenbait jokalari tokiz aldatu ditzake Javi Graciak. Entrenamenduetan ohikoa izan da Roberto Torres Puñalen aldamenean euskarri lanetan ikustea, esaterako —ezker hegalean jartzen zuen Mendilibarrek—. Halaber, Oier Sanjurjo Alejandro Arribasen aldamenean erdiko atzelari lanetan aritu da. Celtan utzita egin zuen urtean postu horretan jokatu zuen Lizarrakoak. Mendilibarrekin ia postu guztietan aritu da, baina apenas erdiko atzelari gisa.

Aldaketa garaia da Osasunan, baina izen eta toki aldaketa baino garrantzitsuagoa da emaitzak aldatzea. Hiru partidatan puntu bakar bat lortu ez, eta sailkapeneko azkeneko postuan dira nafarrak. Javi Graciak joera txar hori aldatzea da orain gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.