2005eko Munduko Rally Txapelketa zerotik hasiko da gaur. Montecarloko Rallyak ematen dituen ezustekoei denboraldiak berak izango dituen berritasunak gehitu zaizkio, eta ezer gutxi aurreikusi daiteke. Sei talde ofizialek hartuko dute parte, eta seiek ere denboraldi-aurrean egindako lana ezkutuan gorde dute. Aurreko urtearekin alderatuta, hamabi eserleku ofizialetatik zazpitan aldaketak daude. Gainera, Collin McRae Skodaren eskaintza bati uko egin zion eta Carlos Sainzen agurren ondoren, denboraldi honen bukaeran agur gehiago ere egongo dira.
Citroen eta Peugeotentzat azken urtea izango da, txapelketan parte hartzea garestiegi ateratzen zaiela iritzi diotelako. Hala ere, Citroenek 2004ko garaipen bikoitza defendatu nahi du gidariena eta taldekakoa. Horretarako Xsara autoarekin lehiatzen jarraituko du. «Denbora asko beharko du auto lehiakorra izateko», esaten zuen askok Citroenen auto berria ikusi zuenean. Une honetan txapelketan dagoen auto fidagarriena da.Peugeotek ere iaz lehen aldiz erabili zuen autoarekin hartuko du parte, Peugeot 307arekin, baina taldean bi berritasun garrantzitsu daude. Marcus Gronholm azkarrak Markko Martin beteranoa izango du ondoan. Gidari onenetako bat da une honetan Martin, eta bi horiekin taldekako txapelketa irabazteko, behintzat, Peugeot da faboritoa. Beste berritasuna pneumatiko aldaketa da; Michelinenak utzi, eta Pirellirenak hartu ditu.Fordekin kontrakoa gertatu da. Azaroan luzerako hartu zuen txapelketan jarraitzeko konpromisoa, baina denboraldi honetarako indarra galdu du. Urtea zubi moduko bat izango da.Ondorioz, Citroen eta Peugeot etxeen aurkari nagusia Subaru izango da. Petter Solberg Frantziako bi etxeen azken urtea dela baliatzen saiatuko da. Norvegiarrarekin batera Chris Atkinson ezezaguna eta Stephane Sarrazin 1 Formulako gidari ohia ariko dira. Montecarlon hirurak ariko dira, baina hortik aurrera lasterketaren arabera txandakatuko dira. Ziurrenik Sarrazinek errepideko lasterketetan hartuko du parte, eta Atkinsonek lurrekoetan Suediako Rallyan ere bera ariko da, izotz gainean.Datorren urtean talde askoren parte-hartzea kolokan dagoen arren, aurten inoiz baino gehiago izango dira. Mitsubishik eta Skodak saltoa ematea erabaki dute, eta hiru gidari izango ditu. Skodak Armin Schwarz izango du gidari nagusia, baina beste bost ere izango dira.
Laguntza gune bakarra
Ez da denboraldi erraza izango. Txapelketak arau berriak ditu, eta, ondorioz, auto bakoitzak motor bakarra izango du bi lasterketarako, eta pnematiko eta laguntza guneak murritzagoak izango dira. Lurreko lasterketetara 80 pneumatiko eraman ahal izango dituzte gidariek, eta izotzekoetara, 50. Lasterketa bakoitzean laguntza gune bakarra egongo da. Pieza kopurua ere murriztu egin beharko dute.
Hamasei lasterketa izango dira guztira. Munduko Txapelketa gaur hasiko da Montecarlon (Monako), denboraldiko lasterketa gogorrenetako bat. Txapelketaren historian ospe handiena duen rallyetako bat da. 1911. urtean hasi zen jokatzen, eta pneumatiko aukeraketak zeresan handia izaten duen lasterketa da, urteko sasoi honetan pista nola egongo den asmatzea ez baita erraza; elurtuta, izoztuta, bustita nahiz lehorra egon daiteke.
RALLYAK
Aldaketen denboraldia
Gaur hasiko da Munduko Txapelketa Montecarlon, eta Peugeot eta Citroen dira faboritoak euren azken parte-hartzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu