Euskal Herria. Tirapu, Iturregi, Landa, Bergara, Gimbert, Orueta, Encinas, Nabaskues, Lucas, Zelaia eta Arraiza. Ondorengoek ere jokatu zuten gero: Ramajo, Goñi, Esti, Paredes, Lizaso, Fernandez, Nekane, Murua, Docando, Herrero, Agoues eta Ibarrak.
Eslovakia. Lenka, Matisova, Biroova, Fischerova, Feckova, Vojtekova, Ondrusova, Hmirova, Kolenova, Suskova eta Klechova. Ondorengoek ere jokatu zuten: El Dahaibiova, Mravikova, Antalova, Korenaiova, Ribarova, Bartoviaova eta Sarabokovak.
Gola. 1-0. Arrate Oruetak (9. min.).
Epailea. Aitor Gorostegi.
Bestelakoak. 7.000 ikusle inguru Anoeta estadioan.
Aldarrikapen hutsean geratzeko arriskua izaten dute askotan lagunarteko partidek. Jokatu bai, gozatu bai, irabazi ere bai... Baina ezin pauso gehiago eman. Nahi eta ezin horretan geratuta dago aspaldian gabonen jiran euskal selekzioak jokatzen duen partida. Baina, oztopo guztien gainetik, beste pauso bat ematea erabaki dute Euskal Herria Kirolak, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak. Emakumezkoen futbol selekzioa lehen aldiz aritu zen atzo Euskal Herria izenarekin, eta, oso partida serioa eta txukuna jokatuta, 1-0 irabazi zion Eslovakiari. Aldarrikapena zen atzokoa, baina, kirol arloari hotz-hotzean helduta, nazioartean maila altuan lehiatzeko adinako selekzioa badela erakutsi zuen Euskal Herriak, Anoeta estadioan.
Goiz-goizetik hasitako festari ezin hobeto erantzun zion Euskal Herriko selekzioak. Elkarrekin entrenamenduak egiteko aukera askorik ez dute izan selekzioko jokalariek. Baina partidaren garrantziak indartuta, bete-betean zelairatu ziren. Defentsan serio, zelai erdian kontrolatuz, eta aurrealdean oso bizi jokatuta, partida hastearekin batera bere arean bertan sartu zuen Euskal Herriak Eslovakia. 5. minuturako arriskua sortuta zegoen Aintzane Encinas, eskuin hegaletik, eta 7. minutuan Lenka, eslovakiarren atezaina, larri ibili zen baloia urruntzeko. Etortzear zegoenaren abisuak izan ziren bi horiek. Korner jaurtiketa batean, 9. minutuan sartu zuelako Arrate Oruetak partidako gol bakarra, bigarren zutoinean.
Encinasen aukera ona
Bi hegaletatik min egiten jarraitu zuen Euskal Herriak, eta, 13. minutuan Itsaso Nabaskuesek eskura eduki zuen 2-0ekoa. Zutoinera bidali zuen, ordea, jaurtiketa. Oso itxura ona ematen ari zen Euskal Herria, eta, atzean sartuta, bi pase jarraian eman ezinik, galduta zebilen Eslovakia. Lehen 25 minutuetako sua apalduta, arnas pixka bat hartu zuten eslovakiarrek, baina ez ziren gai arriskurik sortzeko. Aintzane Encinasek atezainarekin eduki zuen buruz burukoarekin amaitu zen lehen zatia.
42. minutuan iritsi zen unerik hunkigarriena, hamasei denboralditan Realean jokatu ondoren, futbola utzi zuelako Larraitz Lucasek. Zaleen txalo zaparradak eta taldekideen besarkadak jasota, negar malkoei eutsi ezinik joan zen aulkira donostiarra.
Omenaldiak ahaztuta, lehen zatian bezalatsu hasi zen bigarrena ere. Gurutze Fernandezek 46. minutuan egindako jokaldi onaren ondoren, oso gutxigatik ez zen iritsi errematatzera Maialen Zelaia. Hori bai, Eslovakiak lehen zati osoan egin ez zuena egin zuen bigarren zatiko lehen bost minutuetan. Ainhoa Tirapu atezainak nahikoa lan izan zuen lehenengo urrutitik egindako erdiraketa urruntzeko; eta minutu bat geroago eslovakiarrek ez zuten asmatu azken pasean. Intentzioa erakutsi zuten eslovakiarrek hasiera horretan, baina, erabat nekatuta, Euskal Herriaren mende geratu ziren berehala. Kalitatez hobea delako Euskal Herriaren zelai erdia. Gurutzek, Nekanek eta Herrerok bereziki min handia egin zioten Eslovakiako atzealdeari, eta zakua golez betetzea merezi izan zuten. Ainara Herrerok eduki zuen arukerarik argiena, 52. minutuan. Selekzioaren aldarrikapenari kirol ukitu dotorea gehituta, harro egoteko moduko partida egin zuen Euskal Herriak.
Euskal Herria 1. Eslovakia 0
Aldarrikapen hutsa baino askoz gehiago
Euskal Herriak oso serio jokatuta irabazi dio Eslovakiari, Arrate Oruetak partida hastearekin batera sartutako golari eskerRealean 16 denboralditan jokatu ondoren, agur hunkigarria izan du Larraitz Lucasek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu