Futbola

Aldentzea eta finkatzea dute helburu

Osasuna Valentziaren aurka arituko da, eta Reala Sevillaren kontra. Aurkariek kolokan jar diezaiekete helburua.

Ante Budimir baloi baten lehian, joan den asteko Malagaren aurkako neurketan, Sadarren. JESUS DIGES / EFE
Ante Budimir baloi baten lehian, joan den asteko Malagaren aurkako neurketan, Sadarren. JESUS DIGES / EFE
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko azaroaren 29a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur Osasuna Valentziaren aurka ariko da (14:00, DAZN) Espainiako Ligako hamalaugarren jardunaldian, eta Reala, Sevillaren kontra (21:00, DAZN). Iruñeko taldeak etxetik kanpo jokatuko du, eta, hain zuzen ere, Sadarretik urrun puntuak biltzea izango da gorritxoen helburua, jaisteko postuak urrun mantentzeko asmotan. Reala, berriz, Anoetan bertan arituko da, eta bosgarren postuan finkatzea izango du helburu. Aimar Orozen itzulerak eta Barrenetxearen lesioak bi taldeen erasoko jokoak baldintzatuko ditu.

Hilabete bat partidarik irabazi gabe igaro ostean, Osasunak joan den astean Malagaren aurka eten zuen bolada txarra. Gol bakarra nahikoa izan zuen garaipena etxean geratzeko, baina asko sufritu zuten punturik bidean ez galtzeko. Nola ez, neurketa hartako golegilea Budimir izan zen. Denboraldi honetan jokatu dituen hamahiru neurketetan bederatzi gol sartu ditu kroaziarrak, eta ligako golegile nagusien zerrendan bosgarren postuan dago. Gol bakarra falta zaio Iruñeko taldearekin ehunera heltzeko. Aski motibazioa izango da Valentziaren atea zulatzeko.

Osasunaren aulkira itzuli zenetik Jagoba Arrasatek dagoeneko ligako bost neurketa zuzendu ditu, eta on egin dio taldeari: jokamoldea erasokorragoa izatea lortu du, eta defentsan sendoago dabiltza. Orain jaurtiketa gehiago egiten dituzte aurkariaren atera, eta gol gutxiago jasotzen dituzte eurenean. Jokamoldea aldatu badu ere, zeregin garbi batek bete gabe jarraitzen du: etxetik kanpo lortutako emaitzak hobetzea. Sei jardunaldi pasatu dira, eta Arrasateren itzulerak ez du efektu handirik izan horretan. Denboraldi honetan sei neurketa jokatu dituzte etxetik kanpo, eta horietatik bost galdu egin dituzte. Hain zuzen ere, Arrasatek etxetik kanpo puntuatzeari egin zion erreferentzia atzoko prentsaurrekoan: «Beste aukera bat dugu, eta aprobetxatu egin behar dugu. Irabazi egin dugu azken partida, eta aste osoa izan dugu ondo entrenatzeko. Hobetu aritu behar dugu etxetik kanpo».

Bolada txar hori iraultzeko funtsezkoa izango du Aimarren itzulera. Irailetik min hartuta egon ostean, Malagaren aurka jokatu zituen lehendabiziko minutuak. Denbora kontua izango da hark erritmoa hartzea, baina, iraganean egindakoak ikusita, Osasunaren erasoetan erabakigarria izango da hura itzultzea.

Gorritxoak hamahirugarren postuan daude, hamabost punturekin; eta Valentzia hamazazpigarren, jaisteko postuetatik koxka bat gorago, hamabirekin. Osasunarentzat garrantzitsua izango da neurketa ez galtzea; hala, jaisteko postuen bidean aurkari bat gutxiago edukiko luke eta.

Beste helburu bat

Anoetako neurketan gauza bera gerta daiteke: Sevillak irabaziz gero, Reala harrapatuko du sailkapenean. Jaisteko postuak urrun dituzte, baina beste lehia batean murgilduta daude: bosgarren postua eskuratzeko. Denboraldi amaiera urruti badago ere, nahiko argi dago lehen lau postuetan baino dantza handiagoa egongo dela bosgarrenetik behera. Eta denboraldia bosgarren postuan amaitzen duenak Txapeldunen Liga jokatuko du; eta seigarrenean amaitzen duenak, Europa liga. Bada, gaur bi postu horietan dauden bi taldeek neurtuko dituzte indarrak. 

Bosgarren postuan badago ere, jokatutako azken bi partidak galdu ditu Realak; eta Matarazzok adierazi zuen helburua sentsazio onak berreskuratzea izango dela: «Galdu egin ditugu azken partidak, baina ondo jokatu dugu bietan. Sevillaren aurka ere ondo jokatu beharko dugu irabazteko».

Deialditik kanpo daude min hartutako Barrenetxea, Odriozola eta Yangel Herrera. Aldiz, osatu egin da Aramburu. Barrenetxearen lesioak emango dio buruhauste gehien Matarazzori. Racingen aurkako neurketan Sucic aurrean ipintzearen aldeko apustua egin zuen, baina agerian geratu zen kroaziarra hobeto moldatzen dela erdialdean. Crystal Palacen aurka, ordea, jokamoldea aldatu eta Ochieng zelairatu zuen, eta hobeto funtzionatu zuen. Baliteke Matarazzok bide beretik jotzea, edo aukera ematea Kubori.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA