Alemaniak Italiaren eta historiaren aurka egin beharko du gaur Eurokopako finalerako sailkatzeko. Iraganak ez dio baikor izateko arrazoirik ematen, baina txapelketa hobea egin izanak faborito egiten du. Aurrean, Italiak konplexurik gabe jokatzen jarraituko du, eta erasora irtengo da, Prandellik txertatu dion joko filosofiarekin. Hautatzaileak, halere, badu buruhausterik, De Rossi, Chiellini eta Abateren parte hartzea kolokan baitago.
Joachim Loewek argi utzi du: «Ez dago errebantxarik. Iraganak bost axola dio». Baina Alemaniako egunkariek iraganeko zauriak gogoratu dituzte.
Zalantza dago hasierako hamaikakoarekin. Greziakoren aurkakoa zelairatuko du? Shurrel, Reus eta Kloserekin, edota lehen fasekoa? Podolski, Mueller eta Gomezekin. Litekeena da azken horren alde egitea. Beste zalantza Schweinsteigerri buruz zen, baina, azkenean, jokatuko du.
Italian, berriz, gaur egun, medikuak du hamaikakoaren giltza. De Rossik, ezkerreko hankan eragiten dion ziatika du; Chiellinik, giharretako arazoak, eta final-laurdenetan ez zuen jokatu, eta Abatek, azkenik, tiratua izan du ezkerreko izterrean. Hirurak jokatzeko moduan egon daitezkeela dirudi, baina atseden hartzeko bi egun bakarrik eduki izanak kritika asko piztu ditu Italian.
Futbol. Polonia eta Ukrainako Eurokopa: Alemania-Italia finalerdia
Alemania, historiaren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu