Sasoi bakarra iraun zuen Vicente Morenoren eta Osasunaren arteko harremanak. Emaitzak onak izan ziren oro har, baina ez zen kimika nahikorik egon bi aldeen artean. Gorritxoentzat, ez zen erraza Jagoba Arrasaterekin bizitako amodio istorioa ahaztea. Bada, urtebeteko trantsizio gazi-gozoaren ondotik, liluratuta daude berriz ere: Alessio Liscirekin (Erroma, 1985) begirada gurutzatu, eta elkarri eskua luzatu diote: bi denboraldirako kontratua adostu dute. Italiarrak arrakasta handiz zuzendu du Mirandes, eta, Osasunan, bigarren egonaldia izango du Lehen Mailan; estreinakoz Levanterekin aritu zen, 2021-2022ko denboraldian.
Ezin da esan bat-bateko maitemina izan denik, bere garaian Iñigo Perez izan baitzen Osasunaren lehen hautagaia. Alabaina, Txantreakoak (Iruñea) Rayo Vallecanon jarraitzea erabaki zuen aurtengo apirilean, kontratua beste urte baterako luzatuta. Maitasunak platoniko izaten jarraitu beharko du. Teknikaren merkatua arakatzeari ekin zion Braulio Vazquezek, eta Liscik erakarri zuen gehienbat. Mirandesen lan aparta egin du; hainbeste, ezen ia Lehen Mailara igo baitu. Azken kanporaketaren luzapenean zapuztu zitzaion ametsa. Iragan larunbatean izan zen hori. Osasunari bi aste lehenago eman zion baiezkoa. Arrasaterekin gertatu bezala, Bigarren Mailako kanporaketak bukatu zain egon da Nafarroako taldea.
Igota ere, Liscik ez zuen Mirandesen jarraituko. Gorritxoek teknikari italiarraren inguruan eraiki nahi dute proiektu berria, eta bi urterako sinatu dute. Oso gaztea da; Osasunak Lehen Mailan izan dituen entrenatzaile guztien artean, soilik hiru izan dira gazteagoak, eta, mende honetan, marka berria ezarri du Liscik. Braulio Vazquezen aroko laugarren teknikaria izango da: lehena Diego Martinez izan zen, eta hark 37 urterekin hartu zuen taldea, baina Bigarren Mailan; Arrasate, berriz, 40 urte betea zen Iruñera iristean. Energiarekin, grinarekin eta ideia freskoekin lotzen da maiz gaztetasuna, eta Liscik hori guztia ekarriko du Osasunara, bere garaian Arrasatek egin bezala.
Era berean, eskarmentu falta ere bere omen du gaztetasunak. Uste hori ustela da teknikari berriaren kasuan. 22 urterekin utzi zion futbolari izateari, eta, ordutik, entrenatzaile lanean trebatu da. Lazioren harrobian ekin zion ibilbideari, eta, Levanteren azpiko mailetan bidea egin eta gero, talde horren eskutik egin zuen debuta Lehen Mailan; hain justu, Osasunaren aurka zuzendu zuen lehen lehia —golik gabeko berdinketa—. Urtebeteko atsedena hartu zuen segidan. Tarte horretan, Taxoaren izan zen, Arrasateren lan egiteko modua gertutik ezagutzeko asmoz. Era berean, formakuntza saioa eskaini zien harrobiko entrenatzaileei.
Maisu bihurtua zen jada, eta, zalantzarik bazen, maisulana egin du Mirandesen. Morenori taldea guztiz zukutu ez izana leporatu zaio aurten; Liscik, ordea, optimizatu egin ditu Mirandesen izandako baliabide urriak. Bigarren Mailako aurrekonturik apalenetako bat du Anduvako taldeak, eta itxuraldatu egiten da urtetik urtera, utzitako jokalariak baitira taldearen oinarria. Lisciren lehen sasoian, ozta-ozta eutsi zion mailari. Eta denboraldi honek ere ez zuen itxura onik: iazko abuztuan, liga hastear zela, Liscik sei jokalari eta bi atezain zituen bakarrik bere esanetara. Mallorcaren aurkako lagunarteko bat bertan behera utzi behar izan zuten. Bada, hamar hilabete geroago, Lehen Mailara lehen aldiz igotzear izan da Mirandes.
Erantzunik gabeko gutuna
Irtenbide irudimentsuak topatzeko abilezia du Liscik. 2011n, Prestakuntza Fisikoko Masterra egiten ari zela, Leonardo da Vinci beka eman zioten, baina praktikak ez zituen egin zegokion tokian. Horren ordez, hogei gutun bidali zituen; bat Espainiako Lehen Mailako talde bakoitzari. Osasunak ez zion erantzun, ezta gainontzeko talde gehienek ere. Levantek, berriz, kimuen talde bat zuzentzeko gazte mailakoen talde teknikoan sartzeko aukera eman zion. Bada, Lisci koskaz koska igo zen valentziarren haztegian, eta, bigarren taldeko teknikari bihurtu ondotik, talde nagusiaren deia jaso zuen, 2021ean.
Larrialdi betean iritsi zen, eta, emaitza txukunak lortu arren —28 puntu 23 lehiatan—, ezin izan zuen eragotzi Levante mailaz jaistea. Gutxi iraun zuen elitean. Azpiko mailetan bizitakoak, ordea, arrastoa utzi zion. Harrobian sinesten duen teknikari bat da, eta hori bat dator Osasunak futbola ulertzeko duen moduarekin. Gazteei hazten eta garatzen laguntzen die, Mirandesen garbi ikusi den bezala. Bigarren Mailako talderik gazteena hartu —24 urte batez beste—, eta ia goreneraino eraman du. Lehen Mailako euskal talde guztiek izan dituzte jokalariak haren esanetara; Osasunari dagokionez, Liscik berpiztu egin du Iker Benito, askotan ezker hegalean ipinita bost atzelariko lerroan.
Sistema hori erabili du denboraldi honetan, baina teknikari moldakorra da, eta baliteke Osasunan bestelako formula erabiltzea. Sadar gotorleku bihurtzen saiatuko da, aurten Anduvan egin duen gisara: Mirandesek lehia bakarra galdu du etxean, eta talderik onena izan da bere zaleen aurrean. Joko ausarta eta bizia egin du orokorrean, eta zortzi partidatan hiru gol baino gehiago egin dizkie aurkariei. Defentsan, era berean, gol gutxien jaso duten taldeetan bigarrena izan da Mirandes —40 gol 42 partidatan—. Haren metodoak guztiz konbentzitu ditu zuzendari gorritxoak, eta zaleen artean ere ikusmina piztu da.