Alessio Lisci: «Osasunara etortzea lehen aukera izan da niretzat. Oso klub erakargarria da»

Osasuna zuzentzea «aukera handia» dela esan du teknikari gisa egindako lehen agerraldian. Klubaren «egonkortasuna» goratu du, eta azaldu estilo «dinamiko eta moldakorra» ezartzen saiatuko dela. Erasoan fitxaketen beharra dakusa.

Luis Sabalza, Alessio Lisci eta Braulio Vazquez, gaurko agerraldian. JESUS DIGES / EFE
Luis Sabalza, Alessio Lisci eta Braulio Vazquez, gaurko agerraldian. JESUS DIGES / EFE
enaut agirrebengoa
2025eko ekainaren 24a
19:09
Entzun 00:00:0000:00:00

Zurrunbilo baten erdian sentitzen da Alessio Lisci. Larunbatean Mirandesekin Lehen Mailara igotzeko zorian izan zen, eta, hiru egun geroago, Osasunako entrenatzaile aurkeztu dute. Jakina zen datorren sasoitik aurrera Iruñeko kluba zuzenduko zuela; bada, akordioa atzo egin zen ofizial, eta prestatzaile italiarra mikrofono aurrean izan da gaur. Bere burua aurkeztu, eta kazetarien galderak erantzun ditu ordu erdi eskas iraun duen prentsaurrekoan. Agerraldi laburra izan da, eta horrek, ziurrenik, zerikusia izango du Lisciren nekearekin, erritmo frenetikoan egin baititu azken egunak. Iruñera gaur bertan iritsi da. Halere, begiek dir-dir egin diote azalpenak ematerakoan, ilusioaren ilusioz. Hitzez ere erakutsi du bere poza. «Osasunara etortzea lehen aukera izan da niretzat. Oso klub erakargarria da». Lehen hitza, gainera, euskaraz esan du. «Ongi etorri». Euskarari beste keinu bat ere egin dio, bere izena nola ahoskatu behar den galdetu diotenean. «Gogoan izan euskaraz ixa hizkia nola ahoskatzen den».

Lehenik eta behin, ohiko argazkia atera du Luis Sabalza presidentearekin eta Braulio Vazquez kirol zuzendariarekin, Osasunaren elastikoa eskuetan. Kamisetaren atzeko aldean, 2027 zenbakia ageri zen. Urte horretara arte sinatu du Liscik talde gorritxoarekin. Mirandesen bi urtez aritu da, eta, oraingoz, iraupen bereko egonaldia izango du Osasunan. «Eta ea are gehiago luza daitekeen», esan du Brauliok. Lisci hautatzeko arrazoiez galdetuta, italiarraren «ibilbidea» aipatu du nagusiki. «Gertutik jarraitu dut Levanteren harrobian hasi zenetik. Osasuna zuzentzeko oso pertsona egokia da». Eta Liscik zergatik hautatu du talde gorritxoa? «Bere garaian Mirandes aukeratzeko izan nuen zergati bera aipatuko nuke: egonkortasuna. Futbola emaitzen menpe dago, baina Osasuna klub egonkor baten definizioa dela iruditzen zait. Gainera, familia giroko taldea dela sentiarazi didate hasieratik, eta hori oso garrantzitsua da niretzat».

Mirandesekin buru-belarri ibili da Bigarren Mailako kanporaketen lehian, eta «higadura» sentitu du. Aitortu du «aukera handia» zatekeela Anduvako taldea gorenean zuzentzea, baina Osasunaren eskaintzari ezin zion ezezkorik eman. «Entrenatzaile askok egon nahiko lukete hemen, eta oso harro sentitzen naiz. Denboraldia oraintxe bukatu berri dut, baina irrikaz nago berriz ere lanari ekiteko». Oso opor laburrak izango ditu Liscik. Jokalariak uztailaren 4rako daude deituta, osasun azterketak egin diezazkieten. Tramite hori igarota, entrenatzailearen esanetara jarriko dira. Italiarrak bere estiloaren gidalerroak azalduko dizkie. Gaur ez du xehetasun askorik eman ezarriko duen jokamoldearen inguruan. Oraindik ez du guztiz garbi. «Ideia jakin bat dut buruan, baina denboraldiaurreko sentsazioek argibide garrantzitsuak emango dizkidate».

«Entrenatzaile askok egon nahiko lukete hemen, eta oso harro sentitzen naiz. Irrikaz nago lanari ekiteko»

ALESSIO LISCIOsasunako entrenatzailea

Oro har, taldeak izaera grinatsu eta erasokorra izatea gustatuko litzaioke. «Ordea, hori ez da beti posible izaten. Batzuetan, bestela jokatzeko gai izan behar duzu. Fase eta alor guztiak hartu behar ditugu aintzat». Alegia, estilo aldakorra txertatzen saiatuko da. Entrenatzaile bezala ere, moldakortzat dauka bere burua. «Esku artean dudanera egokitzen naiz. Uste dut jokalariek asko baldintzatzen dutela talde baten jokatzeko modua. Adibidez, joan zen urte amaierako eta denboraldi honetako Mirandes ikusita, ez dirudi entrenatzaile berberak zuzendu dituenik». Horrez gain, azaldu du partidetan «interbentzionista» izatea gustatzen zaiola. «Eta hori ez datza da jokalariak aldatzean bakarrik; aldaketa taktikoak ere egin behar izaten dira neurketetan zehar. Azken batean, aurrean aurkari bat daukazu, eta zure planak akatsak izan ditzake».

Sadarreko giroa, «zoragarria»

Gogo bizia du taldea Sadarren zuzentzeko. «Zoragarria iruditzen zait estadioa eta bertan izaten den giroa. Hori izan zen burura etorri zitzaidan lehen gauza Osasunaren eskaintza iritsi zitzaidanean». Jakitun dago taldearen eta zaleen arteko lotura estuaz, baita Taxoareko harrobiak duen garrantziaz ere. «Bigarren taldeko jokalari dezente ezagutzen ditut. Harrobikoei aukera emateko baldintza jokalariak prest egotea da. Lehiarako heldutasuna izan behar dute. Merituak egin ezkero, aukerak izango dituzte». Taldearen kudeaketari dagokionez, garbi utzi du jokalaririk onenak zelaian ikusi nahi dituela. Eta fitxaketen beharraz galdetuta, erasoko postuak aipatu ditu. «Sakontasuna falta zaigu goian. Ez nago kezkatuta, kirol zuzendaritza bikaina baitu Osasunak».

«Bigarren taldeko jokalari dezente ezagutzen ditut. Harrobikoei aukera emateko baldintza jokalariak prest egotea da»

ALESSIO LISCIOsasunako entrenatzailea

Braulio ere mintzatu da taldearen osaketaz. Lehentasuna taldeko ikurrei eusteari eman dio. Aitortu du zenbait dei jaso dituztela, zenbait jokalariren inguruan galdezka; Budimir, Sergio Herrera, Torro eta Ruben Garcia ipini ditu Brauliok adibide gisa. Ohiko mezua igorri du: «Uko egin diegu elkarrizketei. Norbaitek gure jokalari bat fitxatu nahi badu, etete klausula ordaindu beharko du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.