Pilota

Altuna III.a, buruz buruko txapeldun bigarren aldiz

Perfekziotik gertu jokatuta, Jokin Altunak 22 eta 5 irabazi dio Beñat Rezustari. Magiaz gain, gatza eta sendotasuna eman dizkio bere jokoari, eta, 25 urterekin, bigarren aldiz jantzi du txapel preziatua.

Rezusta, Altuna eta Artola, gaur, Bizkaia pilotalekuan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
jon eskudero
2021eko ekainaren 20a
18:16
Entzun

Erakustaldi galanta emanda jantzi du Jokin Altunak aurtengo buruz buruko txapela. Faborito garbia zen pilotazale gehienentzat, eta erakutsi du zergatik. Hasi eta buka, perfekziotik gertu jokatu du, eta ondo merezita garaitu du Beñat Rezusta: 22-5. Sakeari etekin handia atera dio; nabarmentzekoa da sake guztiak txokora egin dituela, eta Rezusta ez da eroso ibili errestoan. Horrez gain, ordea, erasoan distiratsu eta defentsan sendo jardun du amezketarrak. Ezker aireak funtzionatu egin dio, eta defentsan ere ez dio pilota bakar bat bera utzi aurkariari ahoko zuloan. Hortaz, ondo merezita igo da podiumaren gorenera, txapel preziatua janzteko. Iaz Erik Jakaren kontra finala galdu ondotik momentu latzak igaro zituen txapeldunak, baina malkoak poz bihurtu ditu urtebete geroago. Partida bukaeran arrebari emandako besarkada horren ispilu.

Hasieratik nagusitu da Altuna III.a. Bazekien final batean ongi hastea zeinen garrantzitsua den, eta zezen baten gisan kantxaratu da. Oso bizi ibili du pilota, eta ez dio ezertarako aukerarik eman Rezustari. Jokatzeko zegoen bergararra ere, baina ezinean aritu da. Lehen atsedenaldi luzerako abantaila bikaina zuen amezketarrak: 12-4. Abantailaz gain, sentsazioak ere oso aldeko zituen. Esan daiteke txapelketako partidarik osoena jokatu duela. Ezkurdiari final-laurdenetan eta Zabaletari finalerdietan oso ongi jokatuta irabazi zien Altuna III.ak, baina gaur hutsune bakar bat bera ere ez du agertu. Urte osoko lanak fruituak eman dizkio.

Lehen atsedenalditik bueltan taktika aldatzea erabaki du bergararrak, eta sakea eramatera airearen bila egin du. Alferrik, ordea. Ez dio aukerarik eman Altuna III.ak. Tantoren batean itxaropenerako jokoa azaldu du Rezustak, batez ere saskitik pilota biziago bat aterata. Frontisetik irteera handiagoa zuen pilota batekin agintzea lortu du tanto batzuetan, baina ez du asmatu tantoa bukatzen. Gainera, bere onetik irtenda jokatu du azken txanpan, etsiaren erruz.

Gauzak hala, Altuna handi batek jantzi du buruz buruko txapela, eta partida ondorengo adierazpenetan ere handi portatu da, Artola izan baitu gogoan: "Berak merezi zuen finala jokatzea, baina zorte txarra izan du, eta pena izugarria da. Gustatuko litzaidake etorkizunean finalen bat biok elkarren kontra jokatzea. Merezi du txapela bat". Etorkizunean zer gertatuko den inork ez daki, baina Altuna III.a lortzen ari den zenbakiak izugarriak dira. 25 urte besterik ez dituen arren, dagoeneko bi txapel baditu buruz buru eta beste bi lau t'erdian. Gainera, urtez urte pilotari hobea bihurtzen ari da, helduagoa eta ausartagoa. Momentuz mugarik ez du Amezketakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.