Hamarkada luze batez, Buruz Buruko Txapelketak ez zuen izan nagusirik. 2014tik 2024ra zortzi pilotarik irabazi zuten txapela, eta bakar batek ere ez zuen hori bitan jarraian egin. Jokin Altunak eten zuen bolada hori iaz, eta bigarren aldiz jarraian jantzi zuen txapela. Baina esaera zaharrak dio bitan datorrena hirutan ere aurki datorrela, eta amezketarrak hortxe dauka erronka: hirugarren aldiz jarraian txapeldun izatea.Â
Erronka handia du Altuna III.ak, lau pilotarik baino ez baitute hori egin: Miguel Gallastegik, Hilario Azkaratek, Juan Ignacio Retegik eta Julian Retegik. Retegi II.ak bederatzi aldiz jarraian irabazi zuen, 1980tik 1988ra. Sekulako marka da, baina kontuan hartu behar da garai horretan txapeldunak ziurtatuta zuela hurrengo urtean finala jokatzea. Aspaldi aldatu zuten lehiaketa sistema hori, eta, orduz geroztik, askoz zailagoa da txapela irabaztea. Horregatik du horrenbesteko meritua Altuna III.ak egindakoak. Lau txapel ditu guztira, eta, berriro irabaziko balu, Juan Martinez de Irujo berdinduko luke. Retegi I.a (sei), Azkarate (sei) eta Retegi II.a (11) bakarrik izango lituzke aurretik. Altuna III.a eraisten saiatuko dira haren aurkariak.
Gaur aurkeztu dute Buruz Buruko Txapelketa, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Ostiralean hasiko da, Bastidan (Araba), eta Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko dute finala, maiatzaren 31n. Berritasuna da hori, azken urteetan ohikoa izan baita buruz buruko finala Bilbon jokatzea. Bigarrenez izango da finala Nafarroa Arenan. 2022an izan zen aurrenekoz, eta lehen aldi horretan Unai Lasok jantzi zuen txapela, finalean Joseba Ezkurdiari irabazita.
Pilota Pro ligak azkeneko lau ekitaldietako egiturari eta lehiaketa sistemari eutsi die. Hamabi pilotarik jokatuko dute berriro, enpresa bakoitzetik seik. Aspek sei pilotari hauek aukeratu ditu: Altuna III.a, Peio Etxeberria, Javier Zabala, Dario Gomez, Aitor Elordi eta Ezkurdia. Aurreko ekitaldia jokatu zuten sei pilotari berberak dira.
Baikok, berriz, sei pilotari hauen alde egin du: Laso, Iñaki Artola, Iker Larrazabal, Erik Jaka, Joanes Bakaikoa eta Jon Ander Peña. Bakaikoa da aldaketa bakarra. Beñat Senar aritu zen iaz, baina Bakaikoak hura kanporatu du atarikoan. Hain zuzen, Etxarri-Aranazkoa (Nafarroa) da egungo Bigarren Mailako buruz buruko txapelduna.
Txapelketa jokatuko duten hamabi pilotariak aurrelariak dira; ez dago atzelari bakar bat ere. Jon Mariezkurrena lehen aldiz animatu da buruz buru aritzera, baina Peña II.ak kanporatu egin du atarikoan.
Ostiralean jokatuko dute final-zortzirenetako aurreneko partida, Bastidan (17:15, ETB1): Dario eta Elordi ariko dira. Larunbatean, bi partida jokatuko dituzte: Logroñon (Espainia), Bakaikoa eta Zabala ariko dira (17:15, ETB1), eta Zarautzen (Gipuzkoa), Peña II.a eta Peio Etxeberria (18:00). Igandean, azkenik, Jakak eta Ezkurdiak jokatuko dute, Lizarran (Nafarroa), 17:15ean hasiko den jaialdian (ETB1).
Altuna III.a eta Laso, multzo berean
Final-zortzirenetako irabazleak final-laurdenetako ligaxkarako sailkatuko dira. Han izango dituzte zain lau zerrendaburuak, iazko buruz burukoaren lehen lau sailkatuak: Altuna III.a, Artola, Larrazabal eta Laso. Darioren eta Elordiren arteko irabazleak, eta Jakaren eta Ezkurdiaren artekoak Altuna III.a eta Laso izango dituzte aurkari A multzoan. Bakaikoaren eta Zabalaren arteko garailea eta Peña II.aren eta Peio Etxeberriaren artekoa, berriz, Artolarekin eta Larrazabalekin ariko dira B multzoko ligaxkan.
Hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko dute. Hilabete iraungo du: apirilaren 10etik maiatzaren 10era bitarte. Bi multzoetako lehen bi sailkatuak ariko dira finalerdietan: A multzoko lehenak B multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du, eta B multzoko lehenak, A multzoko bigarrenaren kontra. Maiatzaren 16an eta 17an jokatuko dituzte finalerdiak, Logroñon eta Donostian, hurrenez hurren. Irabazleek finala jokatuko dute bi aste geroago, maiatzaren 31n, Iruñean, Nafarroa Arenan. Tartean dagoen igandean, maiatzaren 24an, hirugarren eta laugarren posturako norgehiagoka jokatuko dute. Ez dute esan non jokatuko den neurketa hori.
Ezingo da partidarik atzeratu; final-zortzirenetan, final-laurdenetako ligaxkan eta finalerdietan, galdutzat emango zaio neurketa lesionatzen denari, eta haren aurkaria joko dute irabazletzat. Finala ere ez da atzeratuko, eta, iristen diren bi pilotarietako batek ezin badu jokatu, hirugarren sailkatuak ordezkatuko du. Hirugarren eta laugarren posturako partida ziur jokatuko da, eta, pilotariren batek min hartzen badu, ligaxkan kanpoan geratu den onenak ordezkatuko du.
Altuna III.ak badaki denek irabazi nahi diotela. «Faboritoa naiz, eta naturaltasunez daramat. Lau txapel irabazi ditut, azkeneko biak jarraian. Horrek ez dit ez presioa jartzen ez kentzen. Jakin egin behar da hori eramaten, eta nik berriro erakutsi nahi dut hori. Oso zaila da hirutan jarraian txapela irabaztea, baina erronka polita da, eta horren bila joango naiz».
Altuna III.a eta Laso multzo berean ariko dira, eta apirilaren 11n jokatuko dute elkarren aurka ligaxkako lehen partidan, Nafarroa Arenan. «Oso-oso partida zaila da txapelketari ekiteko, baina, aldi berean, oso polita da. Ahalik eta ondoena prestatuko dut. Orain, nekatuta nago, eta, lau hilabetez binaka aritu eta gero, kosta egiten da buruz buru hastea. Baina bi aste ditut prestatzeko. Ilusio handiz helduko diot lan horri», esan du Lasok.
Artola txapeldunorde izan zen iaz, eta, horri esker, zerrendaburu izango da. «Nire onena eman nahi dut, eta ea iazkoaren pareko txapelketa edo hobea egin dezakedan. Lesioa izan nuen eskuan, baina ondo nago». Â
B Serieko buruz burukoa ere aurkeztu dute gaur. Hura ere ostiralean hasiko da, Bastidan, eta maiatzaren 23an jokatuko dute finala, Iruñeko Labriten. Hamabi pilotari ariko dira: Aspetik, Unai Alberdi, Joseba Aldabe, Julen Egiguren, Ander Murua, Xabi Rekalde eta Iker Salaberria; eta Baikotik, Asier Agirre, Unai Amiano, Iosu Eskiroz, Beñat Senar, Iraitz Zubizarreta eta Beñat Zubizarreta. Egiguren V.a, Murua, Agirre eta Senar dira zerrendaburuak.Â