Altuna III.a 22-4 Dario

Altuna III.a finalerdietan izango da beste behin

Amezketakoak aise irabazi dio Dariori (22-4), zeinak eskuin eskuan mina zuela jokatu baitu. Unai Lasoren kontra neurtuko ditu indarrak bi aste barru.

Altuna III.a, gaur, atzean Dario duela, Bizkaia pilotalekuan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Altuna III.a atzean Dario duela, gaur, Bizkaia pilotalekuan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko maiatzaren 4a
19:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurten ere ez du huts egin. Jokin Altuna espezialista da final-laurdenetako ligaxkako azken partidetan, eta beste behin erakutsi du hori: inoiz ez du galdu partida hori. Gaurkoa baino zailagoak jokatu ditu. Izan ere, parean izan du Dario Gomez, baina eskuin eskuan mina zuela jokatu du, eta agerikoa izan da kantxan deseroso zebilela. Amezketakoa 22-4 gailendu da, eta Unai Lasorekin neurtuko ditu indarrak finalerdietan, bi aste barru. Iazko finala finalerdietan errepikatuko da aurten, beraz.

Darioren egoera gorabehera, Altunak neurketa bikaina jokatu du teknikoki eta taktikoki Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Etengabe bilatu du errioxarraren ezker eskua, eta hark ezin izan dio minik egin horrela. Pixkanaka aurkaria higatuz joan da, eta etengabe topatu ditu tantoa amaitzeko egoera egokiak. Egindako hamalau tantorekin bukatu du.

Hasieran, neurketa estua izango zela zirudien. Pare bat dejada baliatuta, 1-3 aurreratu da Dario, baina Altunak, sakea berreskuratu duenean, hamabost tanto egin ditu erreskadan (16-3). Dario ezkerrez min egin ezinda ibili da, eta eskuinez gozatu ezinda. 

Aspeko bakarra

Altunak bere aurkariaren jarrera goraipatu du EITBko kameren aurrean. Esan du begi bistakoa zela ez zegoela erabat ondo, eta beste asko gehiago kexatuko zirela min gutxiagorekin. Dariok, berriz, lesioaz hitz egitea saihestu du, eta Altunak egindako partidan jarri du arreta: «Berak ondo jokatu du, eta kitto».

Horiek horrela, Altuna III.a izango da Aspek finalerdietan izango duen ordezkari bakarra. Zazpigarren aldiz arituko da Buruz Buruko Txapelketako finalerdietan, seigarren aldiz jarraian. Lasoren aurka arituko da, maiatzaren 17an Donostiako Atano III.a pilotalekuan edo 18an Gasteizko Ogetan. Beste finalerdirako, aurkariaren zain dago Larrazabal: Peio Etxeberriaren eta Artolaren artekoan irabazten duena izango du parean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.