Ia ezinezko zutena lortu egin dute gaur Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak, Bilboko Deportivo pilotalekuan. Lan erdietara 2-11 atzetik iritsi dira, eta, beraz, bazirudien mirariaren pareko zerbait beharko zutela gailentzeko. Besteak beste, emaitzaren aldetik ez ezik jokoaren aldetik ere oso nagusi baitziren Erik Jaka eta Martxel Iztueta. Saskitik beste pilota bat ateratzeak, ordea, gidoia aldatu du partidaren bigarren zatian, eta Altuna III.ak egun handietako erakustaldia egin du. Bereak eta bi egin ditu aurreko koadroetan, hamalau tanto amaitu ditu guztira, eta, horri esker, orain Aspeko bikoteak bere esku du laugarren postuan sailkatzea. Joan den astean, txapelketatik kanpo geratzeko arriskuan ziren Altuna III.a eta Ezkurdia, baina gaur gailendu ondoren, guztiz aldatu zaie panorama.
Neurketaren lehen zatian guztiz agindu dute Jakak eta Iztuetak. Joko praktikoa egin dute biek: Jakak ezin hobeki erabili ditu keinuak, eta Iztuetak gogor astindu du pilota. Frontisetik oso urrun jartzeaz gain, ezker paretara ere ederki bideratu ditu pilotakadak. Ezkurdiak defentsan aritu behar izan du erabat, eta Altuna III.ak ez du jokoan parte hartzerik ere izan. Pilotari begira egon beste erremediorik ez du izan. Aspeko bikoteari izugarri kosta zaio frontoiari neurria hartzea. Zer ezaugarri dituzten kontuan hartuta, baldintza zailetan jardun behar izan dute, erasoan aritzeko zailtasun handiak izan ohi baitira pilotaleku horretan.
Lan erdietara Jaka eta Iztueta iritsi dira aurretik, 2-11, eta Deportivon bildutako pilotazaleek nekez pentsatuko zuten partidak bueltarik izan zezakeenik. Hori gertatzeko itxurarik ere ez zuen lehiak. Altuna III.a magia egiten hasi da beste behin, ordea. 3 eta 11ko tantoa egin orduko, Aspeko bikoteak beste pilota bat atera du saskitik, eta bete-betean asmatu du erabakiarekin. Pilota horri esker, amezketarrak jokoan sartzeko aukera gehiago izan du, eta Ezkurdia ere erosoago ibili da. Gorriak laineza hartzen hasi dira pixkanaka, eta lanean eta konfiantzan oinarrituta, 11na berdindu dute partida.
Aurrea hartzea, lan nekeza
Emozioa eta kalitatea izan ditu bigarren zatiak. 11na ez ezik, 15na ere berdindu dute partida Altuna III.ak eta Ezkurdiak, baina kosta egin zaie aurrea hartzea. Tentsioa nabaritu da luzaroan, eta gorriek 18-17koan hartu dute aurrea lehenbiziko aldiz. Ikusgarria izan da Altuna III.ak bolearen bitartez jotako horma-bikoa. Tarte erabakigarrian behetik gora egin du amezketarrak, eta zutik ipini ditu pilotazaleak behin baino gehiagotan. Garaipen ahaztezina eskuratu du Aspeko bikoteak.
Horri esker, orain bere esku du laugarren postuan sailkatzea. Datorren asteko azken jardunaldian erabakiko da guztia. Altuna III.ak eta Ezkurdiak Iker Larrazabalen eta Jon Mariezkurrenaren aurka jokatuko dute, eta irabazten duen bikotea laugarren geratuko da. Dena den, ikusi beharko da ea Mariezkurrena jokatzeko moduan dagoen, eskuin eskuko baba lehertu egin zitzaion-eta atzo. Azken-aurreko jardunaldia bihar amaituko da, Logroñon (Espainia). Unai Lasok eta Jon Ander Albisuk Javier Zabalaren eta Julen Martijaren kontra jokatuko dute.
Ados Pilota
Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatutako partidan, Ados Pilotaren Binakako Txapelketako ligaxkan, Iera Agirre Iturriaga eta Oihana Orbegozo hasieratik amaierara izan dira nagusi, 22-5 garaitu baitituzte Maite Mujika eta Olatz Ruiz de Larramendi izeba-ilobak. Oraindik ligaxkaren erdia baino gehiago jokatzeko dagoen arren, puntu baliotsua lortu dute Iturriagak eta Orbegozok txapelketan aurrera egiteko.