Altuna III-Ezkurdia 22-16 Elordi-Zabaleta

Altuna III.ak eta Ezkurdiak joko erakustaldia egin dute, eta merezita lortu dute finalerdietako lehenengo puntua

Elordiri eta Zabaletari irabazi diete. Zabaleta deseroso sentitu da hasieratik, ez baitu asmatu joaren bitartez pilotalekua luzatzen.

Altuna III.a eta Ezkurdia Elordiri eta Zabaletari egindako tantoetako bat ospatzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Altuna III.a eta Ezkurdia, Elordiri eta Zabaletari egindako tantoetako bat ospatzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
jon eskudero
2026ko otsailaren 28a
20:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak eskuratu dute Binakako Txapelketako finalerdietako lehen puntua, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Azken boladako bideari eutsiz, partida handia jokatu dute biek, eta merezita garaitu dituzte Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta: 22 eta 16. Partidaren lehen erdia gogorra eta orekatua izan da, baina bigarren erdian askoz gehiago izan dira gorriak. Ezkurdia eroso sentitu da defentsan, eta Altuna III.ak erakustaldia eman du tantoak amaitzeko garaian. Elordik eta Zabaletak ez dute asmatu kantxa luzatzen, aurkarien jokoan ito egin dira, eta garesti atera zaie. Deseroso sentitu dira une oro, eta gorriek zepoan harrapatu dituzte nabarmen. Lehen fase luzean gorabeheratsu jardun arren, une erabakigarrian jokorik onena plazaratu dute Altuna III.ak eta Ezkurdiak, eta erakutsi dute txapela janzteko hautagaien artean daudela.

Erritmo itogarria izan du partidaren hasierak. Lau pilotariak trenpu onean kantxaratu dira, eta tanto ikusgarriak jokatu dituzte. Elkar ezin hautsiz ibili dira bi bikoteak, eta berdintasuna izan da nagusi: bosna joan dira. Zabaletari kosta egin zaio agintzea, baina gutxi galdu du, eta horri esker bizirik mantendu dira urdinak. Bosnakoaren ondoren, Zabaletak berak bi tanto eder jokatu ditu, eta aurrea hartu dute Elordik eta biek: 6-8. Bazirudien urdinek abiada har zezaketela, baina momentua irakurtzen ederki asmatu dute Altuna III.ak eta Ezkurdiak: zortzina eta bederatzina egon da partida. Lehen atsedenaldi luzera, berriz, hiru tanto aurretik iritsi dira gorriak: 12 eta 9.

Lehen faseko luzean, elkarren aurkako bi partidak Elordik eta Zabaletak zituzten irabaziak: 22-14 lehena, eta 22-21 bigarrena. Ordea, pilotalekuaren baldintzak ederki baliatu dituzte gaur Altuna III.ak eta Ezkurdiak. Asmatu dute jokoa aurreko koadroetan nahasten, eta atsedenaldi luzearen ondoren are nagusiago izan dira gorriak. Ezkurdiak bosgarren koadroaren parean ipini ditu oinak, eta ez da bertatik mugitu. Ezker-eskuin, bikain jo ditu pilotakada guztiak, eta Altuna III.ak asmatu egin du tantoak amaitzeko garaian. 13-9, 15-10 eta 18-12 aurretik jarri dira gorriak.

Elordi eta Zabaleta beren onetik irtenda jardun dira. Pilotakada luzeak jo beharrean, Zabaletak aurrean jokaldiak egiten hastea erabaki du, ezinak jota. Ez du asmatu, eta Elordi ere kutsatu egin da. 18-14 gerturatu dira markagailuan, baina Altuna III.ak eta Ezkurdiak ez dute errukirik izan. Urduritasunari eutsiz, azken txanpan ongi jokatzen asmatu dute, eta arazorik gabe lortu dute finalerdietako lehen puntua: 22 eta 16. Pozik agertu da Ezkurdia amaieran: «Ito egin ditugu aurkariak. 800 pilotakada jo ditugu partidan zehar, eta gogortasuna izan da nagusi, baina fisikoki oso ongi sentitu gara. Eskarmentua daukagu Altuna III.ak eta biok, eta txapelaren bila goaz». 

Mallabian, partida gogorrak

Finalerdietako bigarren partida bihar jokatuko da, Iruñeko Nafarroa Arena pilotalekuan. Besteak beste, Unai Laso-Jon Ander Albisuk eta Erik Jaka-Martxel Iztuetak neurtuko dituzte indarrak. Elkarren aurkako orain arteko bi partidetan oso nagusi izan dira Laso eta Albisu: 22-8 eta 22-6. Txapelketa biribila egin du orain arte Baikoko bikoteak, eta bide berari eustea izango du helburu. Hori bai, Jakak eta Iztuetak joan den astean egin zuten orain arteko neurketarik onena, eta konfiantzaz gainezka iritsiko dira. 

Bestalde, Ados Pilotak antolatutako Binakako Txapelketak beste jardunaldi bat izan du gaur, Mallabiko pilotalekuan (Bizkaia). Lehen partidan Mujikak eta Olatz Ruiz de Larramendik 22 eta 17 irabazi diete Aranbururi eta Mendibururi. Bigarrenean, berriz, Oskoz eta Arrastia nagusitu dira Gomezen eta Agirreren aurka: 22-19. Joan den abenduan hasi zen txapelketa, eta datorren martxoaren 28an izango da final handia, Azpeitian (Gipuzkoa). 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.