Altuna III.ak eta Ezkurdiak nagusitasunez lortu dute laugarren postua

22-15 irabazi diete Larrazabali eta Eskirozi, eta kanporaketetan huts bat egiteko aukera izango dute. Hasieratik nagusi izan dira. Galtzaileek behartu gabeko huts asko egin dituzte.

Altuna III.a pilota joatzen, atzean Ezkurdia duela. ANDONI CANELLADA / FOKU
Altuna III.a pilota joatzen, atzean Ezkurdia duela. ANDONI CANELLADA / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko otsailaren 14a
21:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ligaxkako lehen bi partidak irabazi ostean, sufritzen aritu dira Binakako Txapelketa guztian Altuna III.a-Ezkurdia. Lau partida galdu zituzten segidan, eta batzuetan bazirudien kanpoan geratuko zirela. Baina azken hiru partidak irabazi eta gero, laugarren postuan amaituko dute ligaxka. Horri esker, kanporaketetan huts bat egiteko aukera izango dute. Gaur lortu zuten horretarako aukera, Atano III.a pilotalekuan, Larrazabali eta Eskirozi irabazita: 22-15. Nagusitasunez egin dute, gainera. Larrazabalek eta Eskirozek huts asko egin dituzte, eta, nahiz eta azken txanpan tanto batzuk egin, urruti izan dute garaipena. 

Altuna III.ak eta Ezkurdiak ostegunean jokatuko dute kanporaketako partida, Tolosan (Gipuzkoa), Zabalaren eta Martijaren kontra. Irabazlea zuzenean sailkatuko da finalerdietara. Galtzaileak, berriz, beste aukera bat izango du txapelketan segitzeko: igandean, Azkoitian (Gipuzkoa). Han, ostiralean Zornotzan (Bizkaia) jokatuko den partidako irabazlearen kontra neurtuko dituzte indarrak. Hain zuzen, Zornotzan Jakak eta Iztuetak Larrazabalen eta harekin bikote egingo duenaren kontra jokatuko dute. Izan ere, Mariezkurrena II.a min hartuta dago, eta ez dago argi Eskirozek segituko duen hura ordezkatzen. 

Altuna III.ak eta Ezkurdiak eskura zuten laugarren postua, eta ez dute huts egin. Aginduz ekin dopte partidari, lehen lau tantoak haienak izan baitira. Pilotakada gutxiko tantoak izan dira. Segidan iritsi zen Larrazabalen eta Eskirozen lehena, Ezkurdiak kanpora bidali baitu pilota bat. Ondorengo hirurak ere haiek egin dituzte, eta partida berdindu dute: 4-4. Huts asko egin dituzte partida hasieran. 

Pixkanaka neurketa gogortuz joan zen. Altuna III.ari eta Ezkurdiari erosoago antzeman zaie. Ezkurdiak ondo eutsi dio atzean. Eskiroz Mariezkurrena II.aren ordez aritu da, eta, neurketa txarra jokatu ez duen arren, Berriozarrekoak baino kolpe gutxiago du. Hori eskertu egin du Ezkurdiak. Tantoak, berriz, Altuna III.ak erabaki ditu aurrean, erremate bikainak eginez. Hala, berriro ere lau tantoren aldea lortu dute garaileek: 8-4. Larrazabalek eta Eskirozek bazekiten ezin zutela jokoa aurrean nahastu, eta atzera jo behar zutela pilota. Hala egiten saiatu dira, baina segidan behartu gabeko lau akats egin dituzte eta lan erdietara iritsi dira. Altuna III.a eta Ezkurdia. Ordu arteko abantaila handienarekin egin dute, gainera: 12-5.  

Bederatzi eta bateko partzialarekin Aspeko bikoteak ondo bideratua zuen partida. Ederra izan da Altuna III.ak eta Ezkurdiak lortutako 16. tantoa. Amezketako aurrelariak egin du. Urruti samar egon arren, txokoan zuloa zegoela ikusi du, eta ederki errematatu du pilota. Larrazabalek nahi baino gutxiagotan jokatu ahal izan du gustuko duen moduan. Egin duen tantorik ederrena zazpigarrena izan da, horma bikoz. Eskirozek, berriz, ez du lortu atzean nagusitzea. Hala, Altuna III.ak eta Ezkurdiak agitzen jarraitu dute. Bigarren atsedenaldirako 11 tantoren aldea zuten: 18-7. Partida erabakita zegoen. Dena den, irabazleei kostatu egin zaie azken hiru tantoak egitea. Larrazabalek arriskatu egin du aurrean, eta hainbat tanto egin ditu. Azkenerako 22-15 izan da emaitza. 

Bihar, Altsasun (Nafarroa), Jakak eta Iztuetak Elordiren eta Zabaletaren aurka jokatuko dute. Etzi, berriz, Tolosan, Lasok eta Albisuk Peio Etxeberriaren eta Rezustaren aurka neurtuko dituzte indarrak. 

Ados Pilotaren txapelketa

Hain zuzen ere, Ados Pilotaren Binakako Txapelketako partida jokatu dute gaur Tolosan. Bertan, Barrokalek eta Perezek 22-18 irabazi diete Oskozi eta Arrastiari. Gaurko garaileek bihar jokatuko dute berriz Eltziegon (Araba), Mujikaren eta Ruiz de Larramendiren kontra (12:30).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.