Pilota

Altuna III.ak ez du jokatuko Zabalaren aurka, min hartuta baitago, eta biak sailkatu dira finalerdietarako

Aspeko bi pilotariek larunbatean jokatu behar zuten elkarren aurka, Tolosan, baina amezketarrak giharretako lesioa dauka. Horren ondorioz, Zabala multzoko lehena izango da, eta Altuna III.a, bigarrena; Peña II.a eta Bakaikoa aukerarik gabe geratu dira.

Jokin Altuna. GORKA RUBIO / FOKU
Jokin Altuna, pilota jotzen, larunbatean Joanes Bakaikoaren aurka jokatutako partidan. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko urriaren 22a
11:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lau eta Erdiko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkako azken jardunaldia jokatu gabe zehaztu da B multzoko zein bi pilotari ariko diren finalerdietan: Javier Zabala eta Jokin Altuna. Aspeko bi pilotari horiek elkarren aurka jokatu behar zuten larunbatean, Tolosan (Gipuzkoa), baina Altuna III.ak uko egin dio partida hori jokatzeari, giharretako lesioa baitu ezker hankan. Horren ondorioz, galdutzat eman diote partida, 22-0; hau da, Zabalak 22-0 irabazi du. Amezketarra jada sailkatuta zegoen finalerdietarako, eta Zabalak, berriz, irabazi beharra zuen finalerdietan sartzeko. Beraz, Aspeko bi pilotari horiek finalerdietan ariko dira: Zabala multzoko lehena izango da, eta Altuna III.a, berriz, bigarrena. Jon Ander Peña eta Joanes Bakaikoa Baikoko pilotariak, ordea, aukerarik gabe geratu dira. Horiek biek igandean jokatuko dute elkarren aurka, Bilbon, baina neurketa horretan jada ez dago ezer jokoan.

Zabalak A multzoko bigarren sailkatuaren aurka jokatuko du finalerdietan, eta Altuna III.ak, berriz, lehen sailkatuaren aurka. Multzo horretako azken bi partidak ostiralean jokatuko dituzte: Joseba Ezkurdia eta Peio Etxeberria Elizondon (Nafarroa) ariko dira, eta Erik Jaka eta Iker Larrazabal, Tafallan (Nafarroa). Ezkurdiak nahikoa du tanto bat egitea sailkatzeko. Peio Etxeberriak bi aukera ditu: Ezkurdiari irabaztea, edo galdu eta Larrazabalek ostiralean Tafallan (Nafarroa) Jakari tanto askoren aldearekin irabaztea. Jaka sailkatzekotan, beharrezkoa izango da hark Larrazabali irabaztea eta Peio Etxeberriak Ezkurdiaren aurka galtzea. Larrazabalek, azkenik, Peio Etxeberriak galtzea behar du, eta Jakak lau tanto baino gehiago ez egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.