Altuna III.ak Lasori irabazi dio, eta lau eta erdikoan segitzeko aukerei eutsi die

Amezketakoa 22-13 gailendu da, eta ia txapelketatik kanpoan utzi du Bizkarreta-Gerendiaingo pilotaria. Garaileak partida serioa jokatu du. Beste multzoan, Elordik 22-20 irabazi dio Ezkurdiari, eta hura ere bizirik da txapelketan.

Altuna III.a pilota jotzen, aurrean Laso duela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Altuna III.a pilota jotzen, aurrean Laso duela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko urriaren 24a
20:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gantxoak, erremateak, bazterrean utzitakoak... Ikuskizuna eman ohi duten bi pilotari dira Jokin Altuna eta Unai Laso. Gaur, Donostiako Atano III.a pilotalekuan horren zertzeladak erakutsi dituzte, lau eta erdiko final-laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldian. Baina horren gainetik tentsioa izan da nagusi. Ez zen gutxiagorako, galtzen zuena txapelketatik kanpo baitzegoen ia. Azkenerako, Altuna III.a gailendu da: 22-13. Amezketakoak hobeto hasi du norgehiagoka, oso serio jokatu du, eta horri esker lortu du garaipena. Bizkarreta-Gerendiaingoa, berriz, kontrakarrean aritu da partidako une askotan, jokoaren ekimena hartu eta zuloak topatu ezinik. Neurketa oso zail zuenean, 15-6koarekin, arriskuak hartu, eta sake-erremateari esker aldea murriztu du. Baina azkenerako galdu egin du. Hala, Peña II.ak eta Zabalak egiten dutena eginda ere, ia ezinezkoa du txapelketan segitzea. Neurketa amaieran gustura zegoen Altuna III.a: «Zama handia kendu dut gainetik. Nahi edo ez, buruari bueltak ematen dizkiozu. Gaur, behintzat, ondo atera zaizkit gauzak: partida gogortu nahi izan dut, eta oparirik ez egin».

3-0 hartu du aurrea Altuna III.ak. Oso gogorra izan da bigarren tantoa, eta bi pilotariek erakutsi dute oldarkor eta bizi aritzeko asmoa. Atano III.ak, gainera, horretarako aukera ematen zien. Ederra izan da Lasok egin duen aurreneko tantoa, airez pilota zabalera botata. Altuna III.a askotan jarri da botez, luzeago jokatu asmoz. Hurrengo hiru tantoak harenak izan dira, horietako bat sakez, eta bost tantoren aldea lortu du: 6-1. Hor izan du lehen aldea garaileak. Hori ikusita, Lasok etena eskatu du. 

Hasieratik ikusi da Amezketakoa erosoago zegoela, eta partidaren aginte makila izan du. Ondo kokatuta egon da frontoian, eta bizi mugitu da. Lasori, ordea, kostatu egin zaio zuloak topatzea. Baina airean jokatu duenean, eta pilotari abiadura eman dionean, lortu du. Horren erakusgarri, egin duen hirugarren tantoa, gantxoz. 

Baina, hala ere, ezkor zegoelako keinuak egin ditu Bizkarreta-Gerendiaingo pilotariak. Ez zegoen gustura. 9-4koarekin, adibidez, oso alde zuen tanto batean, pilota txapara bidali du boleaz; eta halakoak ordaindu egiten dira Altuna III.aren kontra. Bi pilotariek tentsio handia zutela antzeman da. Hainbat tantotan tupust egitekotan egon dira, eta, 10-4koarekin, epaileak tantoa berriz jokatzeko agindu du. Errepikapenean, Lasok kanpora bidali du pilota, eta hurrengo tantoa ere Altunak III.ak egin du: 12-4.

Hala, Aspeko pilotaria zortzi tantoren aldearekin iritsi da lehen atsedenaldira. Baikoko pilotaria tantoak segidan egin beharrean zen, eta bi egin ditu etenalditik bueltan: 12-6. Berriro ere tupust egitekotan egon dira pilotariak; Lasok ez du pilota jo, epaileak buelta adieraziko zuelakoan. Baina oraingoan ez du halakorik egin. Hala, Jon Mariezkurrena botileroarekin batera epailearengana joan da argibide eske, eta esan die oraingoan bazuela pilota jotzeko aukera. 

Horrek giroa nahastu du harmailetan. Altuna III.a sakea egitera joan denean, txistu egin diote. Lasok halakorik ez egiteko eskatu du, eta hala partidak aurrera jarraitu du. Amezketakoak sendo eta serio jokatzen jarraitu du, pilota batetik bestera bizi mugituz. Hamabosgarren tantoa hala lortu du: 15-6. Hor izan du ordu arteko alderik handiena: bederatzi tantorena. 

Lasoren erreakzio txikia

Alde horrekin, estu zegoen Laso. Arriskuak hartu eta erasoan hasteko beharrean zen. Hala egin du, eta bost tanto egin ditu segidan. Ahal izan duen guztietan pilotaren bila joan, eta min egin du sake-errematearekin: 15-11. Baina hala jokatzeak ere badu bere arriskua, eta hurrengo tantoan ikusi da hori. Izan ere, Altuna III.ak sakeari erantzun, eta errematea egiten saiatu da. Baina pilota kanpora joan zaio. Hortik aurrera, Altuna III.ak tantoak lortu ahala, Laso etsiz joan da, eta azkenean bederatzi tantoren aldeaz irabazi du Aspeko pilotariak: 22-13.

Beste multzoko partida ere jokatu da. Elordik 22-20 irabazi dio Ezkurdiari, eta, hala, Mallabiko pilotariak aukerak ditu oraindik txapelketan jarraitzeko. Arbizukoa, berriz, ia aukerarik gabe geratu da. Partida gogorra izan da, eta bi pilotariek min handia egin dute sake-errematearekin. Parekatua izan da hasiera. Baina 8-13koarekin bazirudien Ezkurdiak ondo bideratua zuela partida. Alabaina, neurketa parekatu egin da berriro. Arbizukoak ez du asmatu alde horri etekina ateratzen, eta jokoa asko berdindu da. Ikusgarria izan da amaiera. 20-20 zeudela, hasieran tantoa Ezkurdiari eman diote epaileek, baina atzera egin dute, ustez haren pilotakadak txapan jo duelako. Amorruz hartu du erabakia Ezkurdiak, eta azkenerako Elordi gailendu da. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA