Altuna III.ak bereari eutsi dio

Ongi merezita irabazi dio Lasori buruz buruko partida: 22-16. Bi pilotariei kosta zaie distantziari neurria hartzea, baina fisikoki sendoago azaldu da Aspeko pilotaria.

Altuna III.a pilota jotzen, atzean Laso duela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Altuna III.a pilota jotzen, atzean Laso duela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jon eskudero
2026ko apirilaren 11
20:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehengo lepotik du burua Jokin Altunak. Joan den urtean buruz buru txapeldun izan ondoren, berriz ere txapela janzteko hautagai nagusia dela azaldu du amezketarrak, ongi merezita gainditu baitu Unai Laso, Iruñeko Nafarroa Arena pilotalekuan: 22 eta 16. Harmailak goraino bete direlarik, partida lehiatua jokatu dute bi pilotariek, baina ez oso distiratsua. Binakako finalean elkarren kontra aritu zirenetik ez dira bi aste igaro oraindik, eta buruz burukoari neurria hartzea kosta egin zaie hasieratik. Kalitate handiko tanto batzuk jokatuagatik, hanka sartzeak ere ohi baino gehiago egin dituzte, eta freskotasun handiagoa erakutsi duelako irabazi du Altuna III.ak. Hala, puntu baliotsua sartu du poltsikoan, final-laurdenetako ligaxkari eskuin hankarekin ekitea beti baita garrantzitsua.

Beroketa lanetan fresko eta bizi sumatu du bere burua gipuzkoarrak, baina partidari hasiera ezin okerragoa eman dio, lehen sakea falta egin baitu. Hanka sartze horrek ez du bere onetik atera, eta olatu paregabea hartu du berehala: 0-1 galtzen hasi arren, 6-1 aurretik jarri da. Erakustaldia eman du tarte horretan. Ezker-eskuin pilota dotore mugitu du, eta erasokor jokatzeak fruituak eman dizkio. Defentsa lanean gorputzari sekulako behartua eman behar izan dio Lasok. Dena den, lanean jarraitu du, eta saskitik bere pilota atera ahal izan duenean ez du barkatu nafarrak. Odolkiak ordainetan eman dizkio Altuna III.ari, eta seina berdindu du norgehiagoka. Ordurako ehun pilotakadatik gora jo dituzte bi pilotariek, partidaren gogortasunaren seinale.

Boladaka joan da neurketa hortik aurrera. Berriz aurrea hartu du txapeldunak, 9-6, baina, bost tanto jarraian eginda, 9-11 aurretik jarri da Laso. Orduantxe lortu du partidan lehen aldiz aurretik jartzea Baikokoak. Sakearekin asmatu du gehienbat. Tanto ederrak jokatu dituzte biek ala biek, baina opariak ere gehitxo egin dituzte. Horma bikoarekin tematuta jardun dute. Pilotalekuaren ezaugarriak kontuan izanda, horma bikoz ahalegindu dira tantoak bukatzen, baina ez dute asmatu. Lehen atsedenaldi luzera 12 eta 11 aurretik heldu da Altuna III.a, eta ordura arte denetik izan du partidak: onetik eta txarretik. Emozioa, ordea, ez du falta izan. Gaurkoa buruz buru seigarren aldiz izan dute elkarren kontra Altuna III.ak eta Lasok, eta orain arte hamabi tantotik gora ez zituen inoiz egin galtzaileak. Gaur ez da hala izan.

Lasoren susperraldia

Lehen atsedenaldi luzera tanto bat aurretik heldu da Aspekoa (12-11), baina etenalditik bueltan oso denbora laburrean lortu du aldea: 18 eta 13. Laso oso bigun aritu da tarte horretan. Pilota ez du batere luzatu atzera, eta Altuna III.ak itxura hobea azaldu du fisikoki. Aparteko ezer egin gabe, ezin hobeki bideratu du partida. Bazirudien oso gertu zuela garaipena, baina susperraldi bikaina izan du nafarrak, meritu handikoa. Defentsan lan handia egin du, eta erasoan bestelako taktika kantxaratu du. Tantoak lantzearen alde agertu da, eta orduantxe jo ditu pilotakadarik onenak. Horri esker, 18-16 gerturatu da markagailuan.

Irekita egon da partida azken txanpara arte, baina une erabakigarrian ikusgarria izan da Altuna III.ak erakutsitako talentua. Hortzak estutu ditu, eta azken lau tantoak erremate dotoreei esker egin ditu: bi dejadaz, bestea zabalera moztuta, eta azkenekoa horma bikoz. Sekula baino erasokorrago jokatu du, eta ongi atera zaizkio jokaldiak. Garaipen erosoa eskuratu du azkenean: 22 eta 16. Final-laurdenetako lehen partida irabaztea garrantzitsua izan arren, Laso menderatu izanak balio bikoitza izan dezake txapeldunarentzat.

Multzo berean, Dariok eta Erik Jakak neurtuko dituzte indarrak bihar, Zumaian (17:00, ETB1). Joan den astean partida bikainak jokatuta iritsiko dira biak, eta errioxarra aterako da faborito. Beste multzoan, berriz, Iker Larrazabalek garaipen ederra eskuratu zuen atzo Azkoitian (Gipuzkoa), Iñaki Artola egungo txapeldunordearen aurka: 22-17.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA