Duela lau urte jokatu gabeko finala jokatuko dute asteburuan Jokin Altunak eta Iñaki Artolak. Orduko hartan, pilotari berberak sartu ziren finalera, baina Artolak ezin izan zuen jokatu, lesio bat tarteko. Orain, lau urteren ostean, indarrak neurtzeko aukera izango dute, Bizkaia pilotalekuan. Aspaldiko lagunak dira, eta, goi mailan Ibilbide desberdina izan duten arren, ikusmira handia piztu du finalak.
Altuna III.ak iaz hirugarrenez jantzi zuen buruz buruko txapela, eta, igandean irabaziko balu, lehenengo aldiz jantziko luke txapela bi urtez jarraian. Balentria hori lortutakoa da, baina lau eta erdikoan. Izan ere, 2020an eta 2021ean jantzi zuen txapela. Artolak, berriz, martxoan jokatu zuen aurreneko finala lehenengo mailan. Binakako txapelketan izan zen, Jon Mariezkurrenarekin batera. Eta bi hilabete eskas igaro direla iritsi zaio bigarren finala. Alegiarrak ez du txapelik jantzi goi mailan, baina badu zeri heldu. Izan ere, elkarren aurka jokatu zuten lau eta erdiko bigarren mailako finala 2014an, debuta egin berritan, eta Artolak irabazi zuen.
[INKESTA] Zein pilotarik jantziko du buruz buruko txapela? Igandean jokatuko dute finala Jokin Altunak eta Iñaki Artolak⚾️🏆https://t.co/W3IfPHSZPW
— Berria.eus (@berria) May 28, 2025
BERRIAren Whatsappeko kanalean eta Telegrameko kanalean ere erantzun daiteke.
BERRIAk Altuna III.arekin hitz egin du, eta, esan duenez, «ilusio ikaragarria» egiten dio finala Artolaren kontra jokatzeak: «Asko poztu naiz harengatik. Pilotari latza da, eta lan handia egin du hona iristeko». Artolak berak ere beste hainbeste esan zion EITBri finalaurrekoa amaitu berritan: «Jokinen aurka jokatzea eskatu zitekeen handiena da. Badakit momentuko pilotaririk onena dela. Baita zer giro sortuko den ere gure mahai inguruan. Festa ederra izango da». Lagunak izanagatik, finalean aurkari izango dira amezketarra eta alegiarra. Gaur aukeratu dituzte pilotak, eta txanpon koloreduna airera botatzea besterik ez da falta.