Hamabost urteren ostean, Errioxako pilotari batek lau eta erdiko finalerdiak jokatuko ditu. Javier Zabalak (Naiara, Espainia, 1997) lekukoa hartu dio Augusto Ibañez Titin III.ari. «Zaila da Titinek utzitako zuloa betetzea. Haren ondorengoak bidea egiten ari gara. Ea finala jokatzeko modua dudan. Sekulakoa litzateke Errioxarentzat».
Bigarrenez ari zara lehen mailako lau eta erdikoan, eta lehen aldiz sailkatu zara finalerdietarako. Pozik?
Bai, oso. Gero eta hobeto ari naiz. Gauzak argi ditut, eta, besteak beste, sinetsita nago Josebari [Ezkurdia] irabaz diezaiokedala.
Ez zenuen jokatu ligaxkako azken partida, Jokin Altuna min hartuta baitzegoen. Horren ondorioz, biak sailkatu zarete. Horrela sailkatu izanak ezberdin egin du dena?
Gauzak kantxan irabaztea gustatzen zaigu guri; horrela beharko luke. Baina min hartzea kirolaren parte da; ez dugu nahi izaten, baina halakoak gertatzen dira. Onena da Jokinek eta biok gure esku genuela sailkatzea, inoren menpe egon gabe. Horrek mesede egin digu. Hala ere, ni prest nengoen Jokinen aurka jokatzeko. Azkenean, ez genuen jokatu, eta astebete gehiago izan dugu finalerdia prestatzeko.
Noiz eta nola jakin zenuen Altunak uko egin ziola zure aurka jokatzeari, eta biak sailkatu zinetela?
Asteazkena zen, eta entrenatzen ari nintzen: lan karga jaisten eta abiadura handitzen ari ginen jada, bagenekien-eta oso partida gogorra izango zela. Ibonek deitu zidan telefonoz [Ibon Arakistain, Aspeko komunikazio arduraduna], eta esan Jokinek ez zuela jokatuko. Hori jakin bezain laster, prestaketa aldatu, eta lan karga handitzen hasi ginen, hamar egun izango genituen-eta hurrengo partida prestatzeko.
Zer sentitu zenuen albistearen berri jakin zenuenean?
Sentipen arraroa izan nuen: poztu egin nintzen, oso partida zaila baitzen: bazitekeen galtzea, eta finalerdiak jokatzeko ametsa zapuztea. Baina berehala deitu nion Jokini. Uste dut indarberritu egingo dela aste honetan jokatzeko. Zera esan nion: «Oxala finalean elkar ikusiko bagenu».
Altunak partida hori ez jokatzeak beste ondorio hau izan zuen: Joanes Bakaikoa eta Jon Ander Peña aukerarik gabe geratzea. Biak ala biak triste eta haserre azaldu dira gertatutakoagatik. Ulertzen duzu haiek horrela egotea?
Haientzat putakeria bat da, biek baitzuten aukera sailkatzeko. Baina Jokinek eta biok gure esku genuen sailkatzea, inoren menpe egon gabe, eta, nire ustez, aukera hori irabazi beharra dago. Hiru partidako ligaxka batean, garrantzitsua da azken jardunaldian besteek egingo dutenaren menpe ez egotea; inork ez du nahi ezbeharrik gertatzea, baina baliteke halakoren bat gertatzea, eta garrantzitsua da egoera onean egotea.
Asperi mesede egin dio gertatutakoak. Ulertzen duzu jendea mesfidati egotea?
Ulergarria zait mesfidantza izatea, baina ez dago halako ezer ere... Jokinek eta biok inoren menpe ez egotea irabazi genuen. Nik partida bat irabazi nuen [Peña II.aren aurka], eta bestean 21 tanto egin [Bakaikoaren aurka]. Jokinek, berriz, biak irabazi zituen. Peñak, ordea, biak galdu zituen. Azkenik, Bakaikoak bat irabazi zuen, eta beste bat galdu. Hemen inork ez du ezer oparitzen. Aspek nahiago izango zuen Jokinek azken partida hori jokatzea eta gertatu behar zuena gertatzea.
«Gero eta hobeto ari naiz. Gauzak argi ditut, eta, besteak beste, sinetsita nago Ezkurdiari irabaz diezaiokedala»
Peña II.ak esan du «buelta bat» eman behar zaiola lehiaketa sistemari. Zuk zer iritzi duzu?
Peñak euskaraz hitz egin zuen, eta ez nuen ezer ulertu. Baina nire iritzia da irabazi egin behar dela lehen jardunaldietan. Finalerdiak jokatu nahi badituzu, badakizu zer egin behar duzun: aurkariek baino puntu gehiago lortu, inoren menpe ez egoteko. Horrelako gauzak beti pasatu izan dira; beraz, ez dut itsutu nahi horrekin. Gainera, egutegia ez dugu guk antolatu behar; arduradunek jakingo dute zer egin.
Ezkurdiaren aurka jokatuko duzu larunbatean, Gasteizen. Zer itxura hartzen diozu lehiari?
Oso partida gogorra izango da. Batetik, Josebak ez du ahulgunerik; dena egiten du ondo: defenditu, errematatu, sakatu eta errestatu. Bestetik, lau eta erdia ezin hobeto egokitzen da haren jokamoldera; urte askoan erakutsi du hori, eta hiru txapel ditu. Badirudi Josebarentzat urteak ez doazela aurrera, eta kantxara irteten den aldiro izugarri ondo aritzen da. Irabazteko, barruan dudan guztia eman beharko dut, eta dena ondo atera beharko zait.
Hark min du eskumuturrean.
Bai, baina nik argi dut bete-betean ariko dela. Profesional handia da, eta gustatzen zaio horrelako partidak jokatzea: gauzak oso argi izanda irteten da beti. Oso-oso aurkari indartsua da.
Nola egin diezaiokezu min?
Hori asmatu nahian gabiltza aita eta biok [haren botileroa da]. Baliteke gakoa izatea partida gogortzea, oso gustura aritu bainaiz neurketa luzeetan; horrelakoak izan dira guztiak. Sasoiko nago, eta hori aprobetxatu behar dut. Halere, Joseba oso gogorra da, eta ondo eusten die partida luzeei.
«Peñarentzat eta Bakaikoarentzat putakeria bat da, baina garrantzitsua da besteen menpe ez egotea»
Behin baino gehiagotan lortu duzu alde handia, eta, gero, gogotik sufritu. Horretan hobetu behar duzu?
Darioren eta Bakaikoaren aurka alde handia lortu nuen, eta, gero, ez nuen asmatu lana bukatzen. Baina aurrerapausoa eman dut. Peñaren kontra, aldea irauli zidan arren, bestela izan ziren gauzak: hark asko asmatu zuen sake-errematean, baina ez nuen etsi. Bakaikoaren kontra, ordea, behera egin nuen, eta maila honetan ezin duzu hori egin. Ikasi dut, eta ez zait berriro gertatuko.
Iaz buruz buruko finalerdia jokatu zenuen, eta, orain, gauza bera egingo duzu lau eta erdikoan. Ari zara muturra sartzen.
Hala da, baina beste era batera helduko diot oraingoari: askoz helduagoa naiz, askoz konfiantza handiagoa dut neure buruarengan, eta kolpe denak zentzu handiagoz ematen ditut. Ondo ari naiz sakatzen, eta lehiari erritmoa sartzen. Baina, nagusiki, hobeto defenditzen eta errestatzen dudalako egin dut gora. Uste dut iaz baino hobeto aritu naitekeela.
Binakako azken txapelketa nagusia ere irabazi duzu: Mastersa, Jon Mariezkurrenarekin. Tokia lor dezakezu lehen mailako binakakoan?
Ikaragarria litzateke; uste dut lor dezakedala eta Aspeko intendenteengan zalantza eragin dezakedala. Lehia handia dago, baina horrek hobetzen laguntzen digu. Iaz kanpoan geratzeak eragin du aurrerapausoa ematea eta aurtengoa jokatzeko aukera gehiago izatea.
 
     
    