Altuna-Ezkurdia 22-15 Etxeberria-Rezusta

Altunak eta Ezkurdiak puntu garrantzitsua lortu dute, eta zuloan daude Etxeberria eta Rezusta

12na joan dira markagailuan, baina, hortik aurrera, gorriak izan dira nagusi, eta, azkenean, 22-15 bukatu da partida. Zortzigarren jardunaldia jokatuta, sei bikote daude lau garaipenekin berdinduta. Etxeberriak eta Rezustak bakarra irabazi dute.

Ezkurdia, pilota jotzeko prest, gaur, Astelena pilotalekuan. GORKA RUBIO / FOKU
Ezkurdia, pilota jotzeko prest, gaur, Astelena pilotalekuan. GORKA RUBIO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2026ko urtarrilaren 6a
20:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Giro goxoa izan da gaur Eibarko Astelena pilotalekuan (Gipuzkoa), eta ikusleek gozatua hartu dute. Zortzigarren jardunaldiko azken partida jokatuta, estu-estu dago sailkapena. Sei bikote daude lau garaipenekin. Hain zuzen, puntu garrantzitsua lortu dute gaur Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak. 22-15 irabazi diete Peio Etxeberriari eta Beñat Rezustari. 12na joan dira markagailuan, baina, hortik aurrera, gorriak izan dira nagusi, eta urdinek ezin izan dute ezer egin. 

Horiek horrela, azken bi lehiak irabazita, suspertu egin dira Altuna eta Ezkurdia, eta laugarren puntua poltsikoratu dute. Kinka larrian daude, berriz, Etxeberria eta Rezusta. Jokatutako zortzi partidetatik bakarra irabazi dute, eta zuloan daude, ia-ia aurrera egiteko aukerarik gabe. Bikote indartsua da berez, baina ez dira ari nahi bezala. 

Gaurkoan ere, ez dute gozatu. Gorabeheratsu aritu da Etxeberria, eta aurrelariak egindako opariak garesti ordaindu dituzte. Guztira bederatzi tanto egin ditu zenoztarrak, inork baino gehiago, baina hamar izan dira huts egindakoak. Gaizki hasi da, hobera egin du gero, eta oker bukatu du. 

Hain justu, hark egin du partidako lehen tantoa, baina huts egin du hurrengo hiruretan. Hala, komeria eta buruhauste handirik gabe hartu dute aurre markagailuan Altunak eta Ezkurdiak. Ohartzerako, 5-1 jarri dira. Orduantxe esnatu da zenoztarra, eta tanto eder asko egin ditu, gehienak airez. 

Lehian bete-betean sartu dira urdinak, eta gorriak harrapatzea eta aurreratzea lortu dute. 7-7 berdindu dute partida, eta 7-8 eta 9-11 aurretik jarri dira segidan. Gozakaitz aritu da tanto batzuetan Altuna. Horren erakusle, 10-11koa egindakoan nola ospatu duen: garrasika, amorruz.

Pareko aritu dira hurrengo tantoetan bi bikoteak, eta markagailua ere horren isla izan da: 11-11 eta 12-12. Horraino. Amezketarra aurrean asmatzen hasi da, eta, tantoz tanto, ihes egin dute.

Zenbait tanto gogor ere jokatu dituzte. Bi dira nabarmentzekoak, eta, bietan, gorriek asmatu dute azkenean. 15-12koa izan da horietako bat: tantoa bukatu aurretik pilotariek txaloka jarri dituzte ikusleak, eta merezi bezala amaitu du Altunak, pilota txokoan dotore utzita. 19-14koa izan da, hala ere, tantorik gogorrena eta nahasiena. 84 pilotakada jo dituzte, eta, leher eginda zeudela, huts egin du Etxeberriak.

Hortxe lehertu da zenoztarra, eta kale egin du gorrien azken hiru tantoetan. Azkenean, 22-15 bukatu da. 

«Polita dago txapelketa»

Partida amaitutakoan, garaipenarekin pozik agertu da Ezkurdia. «Kostatu zaigu partidak erritmo bizia izatea, baina irabazi dugu, eta gustura gaude. Hortxe gaude sei bikote, polita dago txapelketa. Partidaz partida joan behar dugu».

Binakakoak ez du etenik. Gaur jokatu dute zortzigarren jardunaldiko azken partida, eta ostiralean ekingo diote bederatzigarrenari. Altuna III.a eta Ezkurdia Elordiren eta Zabaletaren aurka ariko dira. Aipatu bezala, estu dago sailkapena. Nagusitasunez ari dira Laso eta Albisu: zortzi partidetatik zazpi irabazi dituzte. Ezinean, berriz, Etxeberria eta Rezusta: bakarra irabazi dute. Eta lehia bizia dago gainerako sei bikoteen artean: berdinduta daude lau garaipenekin. Beraz, asko dago jokoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.