Altunak eta Ezkurdiak ikuskizuna gehitu diote ikusminari

Altuna III.ak eta Ezkurdiak nagusitasunez irabazi dute Binakako Txapelketako lehen puntua, Peio Etxeberriaren eta Rezustaren kontra: 22-5. Ezkurdiak egoki luzatu du pilota, eta Altuna III.ak hamahiru tanto egin ditu aurrean.

Jokin Altuna pilota jotzen, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Jokin Altuna pilota jotzen, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
jon eskudero
2025eko azaroaren 22a
20:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezin hobeto abiatu dute Binakako Txapelketa Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak. Bikotea bi aurrelarik osatuko zutela zabaldu zenean, aparteko ikusmina sortu zen pilotazaleen artean, eta ikusmin horri ikuskizunarekin erantzun diete garaileek, Logroñoko Adarraga pilotalekuan. Hasi eta buka, erakustaldia eman dute, nagusi izan dira kantxan, eta ez diete inolako aukerarik eman Peio Etxeberriari eta Beñat Rezustari: 22 eta 5. Urdinak ez dira beren ohiko mailan aritu —bereziki nabaritu zaio hori Peio Etxeberriari—. Irabazleei ezin zaie meriturik kendu, ordea. Ezkurdiak egoki luzatu du pilota atzeko koadroetan, batez ere eskuinez, eta Altuna III.ak babak eltzetik atera ditu aurreko koadroetan. Guztira hamahiru tanto lortu ditu, era guztietakoak. Ezbairik gabe, txapelerako bidean kontuan hartzeko bikotea osatuko dute Altuna III.ak eta Ezkurdiak.

Norgehiagokak ez du batere misteriorik izan. Berrogei minutu pasatxo soilik iraun du, eta bikote bakarrak gozatu du kantxan: gorriak. Erritmo ikaragarrian abiatu dute lehia Altuna III.ak eta Ezkurdiak, eta 16-0 aurreratu dira. Are, tarteren batean ematen zuen urdinek ez zutela gaitasunik izango tanto bakar bat egiteko. Izan ere, apartekoa izan da Altuna III.aren jokoa. Gozatu egin du, eta gozarazi. 16-0era bitartean hamahiru tanto egin ditu: sakez bi, airez hiru, moztuta beste hainbeste, horma bikoz bi, eta atzean hiru. Inspirazioz gainezka aritu da, eta bere burua saldu duenetan ere Ezkurdiak ederki babestu dio bizkarra. Arbizuarrak konfiantzaz jokatu du bai botez eta bai airez.

16-0eko partziala

Sanmateoetako torneoan elkarrekin jokatu zuten Altuna III.ak eta Ezkurdiak, baina orduan baino hobeto aritu da Ezkurdia atzelari lanetan. «Bikote bikaina osatu dugu, eta uste dut elkar ezin hobeki hartu dugula. Konfiantza handia dugu elkarrekin, eta, txapelketa luzea bada ere, ederki hasi gara», adierazi du Altuna III.ak. Hots, Peio Etxeberriak eta Rezustak ez dute erakutsi dakitenaren erdirik ere. Gidoi jakinik gabe kantxaratu dira, eta aurkarien sarean murgildu dira etengabe. Rezustak oso gutxitan agindu du, eta Etxeberria behin eta berriz tematu da Altuna III.arekin. Lau eta erdiko txapela jantzi berritan, binakakoari neurria hartu ezinda ibili da Zenozko pilotaria.

Hain zuzen, pilotazaleek gogotik ospatu dute urdinen lehen tantoa, 16-1ekoa. Etxeberriak berak egin du. Saskitik pilota berria aterata, bost tanto jarraian egin dituzte galtzaileek, baina gehiago ez: 16-5. Altuna III.ak hartu du aginte makila berriro, eta nahierara jokatu du. Erraz irabazteaz gain, eskuak batere behartu gabe lortu dute txapelketako lehen puntua garaileek, eta txapelketa luzea dela kontuan hartuta, garrantzitsua da hori.

Bestalde, bihar eta etzi jokatuko dira lehen jardunaldiko azken partidak. Bihar, Agoizko Toki Eder pilotalekuan, Jakak eta Iztuetak Larrazabalen eta Mariezkurrenaren aurka jokatuko dute. Etzi, berriz, Tolosako Beotibarren, Laso eta Albisu ariko dira Artola eta Imazen aurka. Atzo, Beasainen, Elordik eta Zabaletak 22-11 irabazi zieten Zabalari eta Martijari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.