Aimar Olaizolak eta Jokin Altunak jokatuko dute 2018ko buruz buruko finala. Amezketako pilotari gazteak —22 urte ditu— lehenengoz jokatuko du manomanistako finala, iazko azazroan, lau eta erdiko txapela lortu ostean. 22-17 nagusitu zaio Joseba Ezkurdiari.
Partida gogorra eskain dute Altunak eta Ezkurdiak Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Neurketaren hasieran Altunak lortu du aurretik jartzea. 8-3 eta 9-6 aurreratu da. Oso ongi sakatu du eta errematerako aukerak baliatzen jakin du. 14-8koarekin sei tantuko errenta izan duen arren, Ezkurdiak partida berdintzea lortu du, 15na.
Partidaren norabidea aldatzea lortu du Ezkurdiak pilota luzatzen, altura bilatuz eta lana gogoz eginda. Altunak nekea nabaritu du Arbizukoak neurketa gogortu duenean. Ezkurdia 15-17 ere jarri da irabazten. Ez du asmatu, ordea, gakoak izan diren tantoak bukatzen, eta Altunak sakea berreskuratu duenean, hiru egin dizkio segidan saketik. Azkenean, 15 zuzenean joan da 22ra eta berak lortu finalerako txartela.
Altunak aurkari gogorra du zain finalean: Aimar Olaizola. Atzo, 22-13 irabazi zion Olaizolak Danel Elezkanori.