Kaiku lehen, Kaiku orain, eta Kaiku gero ere, gauzak asko aldatzen ez badira. Bi asteburutan, altxorrik preziatuena eskuratu du: ia aurkari denak zalantzaz beteta utzi ditu; ondo ari ote diren galdetzen egongo dira kontrarioak. Kaiku hain urrun ibiltzeakutzitako ondorio txarrena da haientzat. Kaiku dabil ikusgarri ala beraiek uste baino apalago?
Zarauzko Estropadetako bigarren jardunaldian, herenegun, erraz irabazi zuen Sestaoko taldeak. Urdaibairi kolpe latza eman zion, Tirani beste horrenbeste, eta aurreko txandan nagusitu zena ere, San Juan, bere buruari galderak eginez egongo da, denbora ona eginagatik garailearengadik hamar segundora geratu zelako. Hondarribia da zalantzarik gabe ibil daitekeen bakarra. Herenegun, hura izan zuen gertuen Kaikuk: lau segundo baino ez zizkion atera. Egundoko estropada egin zuten hondarribiarrek, poparean bikain moldatuz.
Banderarik banderara dabil Kaiku azken bi asteburuetan. Espainiako Txapelketa erraz irabazi eta gero, Zarauzko Estropada ere modu berean bereganatu du.Ligan, bi estropada jarraian aurrenekoz irabazi ditu asteburu honetan, eta uzta handia bildu du sailkapenari begira. Halako nagusitasunak ondorio argia utzi du: handitu egin da Urdaibai bigarren sailkatuari ateratzen dion aldea, eta orain, hamabi puntu atzetik da Bermeoko taldea. Sei estropada baino ez dira geldi-tzen, eta oker handiren batek gertatu beharko luke lehen postuan aldaketa egoteko. Alde horretatik ere, kolpe latza eman dio Kaikuk Urdaibairi asteburuan.
Beti esan izan da Zarauzkoa erreferentzia garrantzitsua izaten dela denboraldiaren amaierara begira. Eta bukaera horretan dago bandera preziatuena: Kontxakoa. Bada askotan bete izan den ekuazio bat ere: Zarauzko garaileak Donostiako estropada irabazten du gero. Gauzak bide honetatik jarraitzen dute, ez da zalantza handirik: bete egingo du Kaikuk ekuazio ezagun hori. Besteei dagokienez, agerian da urrunetik begiratzen diotela Bizkaiko taldeari. Multzo horretan, nabarmentzekoa da Urdaibaik azken bi asteburuetan izan dituen emaitzak. Larunbatekoa kenduta, Espainiako Txapelketan eta igandean, astindu egin du Kaikuk. Jose Manuel Francisco entrenatzaileak onartu du galduta dabilela, ez duela ulertzen zer gertatzen ari zaion taldeari. Bi aste ditu gauzak bere onera ekartzeko, eta herrialdeko aurkari zuzenari hortzak berriz erakusten hasteko.
Altxerri, Oriora
Ligako zuloan ere, deskalabru handirik ez bada, erabakita dago kontua: Camargo joango da KAE1 ligara, eta Oriok jokatuko du ez jaisteko kanporaketa. Asteburua zuten jomugatzat jarria biek, sailkapenean gora egiteko, baina ez dute lortu. Camargo azkena izan zen igandean, eta Orio harrapatzeko daukan asmoa okertu egin zaio. Oriok berak ere Zumaiari tartea jateko itxaropena zuen, baina ez du halakorik lortu. Horrek ondorioak ekarri ditu klubean, eta Migel Angel Lizarralde Altxerri jarri du zuzendaritzak Jose Luis Agirre entrenatzailearen laguntzaile, atzo Euskadi Irratiak aurreratu zuenez.
Altxorrik preziatuena lortu du
Kaikuk erraz irabazi zuen igandean Zarauzko Estropada, eta ia aurkari denei kolpe psikologikoa eman zien
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu