Futbola

Amaia Gorostizak Eibarko presidente kargua utzi du

2014an klubeko kontseilari izendatu zuten, eta 2016tik izan da presidentea, datorren azaroaren 16ra arte. Jon Ander Ulaziak hartuko du haren lekua.

Amaia Gorostiza, Areitio egoitzaren aurkezpenean, irailean. EIBAR
Amaia Gorostiza, Areitio egoitzaren aurkezpenean, irailean. EIBAR
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko azaroaren 9a
12:37
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emakumeen eta gizonen arteko arrakalak nabarmenak dira zenbait mundutan. Horietakoak dira futbola eta goi karguak. Bada, Euskal Herrian bazen emakume bat Espainiako Lehen Mailako talde bateko presidente zena: Amaia Gorostiza. Ez dira asko: gaur egun Lehen Mailan dauden hogei taldeetan, bakarrak du goiko kargu horretan emakume bat: Celtak, Marian Mouriño. Eibar zen, gaur arte, emakume bat presidente karguan zuen beste talde bat. Gaur arte, bai: izan ere, hamar urtez kargu horretan egon ostean, Gorostizak dimisioa eman du: «Kargua jomuga eta konpromiso batzuekin hartu nuen, eta gaur nire zikloa bete dela sentitzen dut. Horregatik, pauso bat albora egitea erabaki dut». Jon Ander Ulaziak hartuko du kargua. 

2014an sartu zen Gorostiza klubeko administrazio kontseiluan, eta bi urte geroago heldu zen presidente kargura. Azken hauteskundeak irabazi ostean, 2027ra arte betetzekoa zen kargua, baina gaur Gorostizak jakinarazi du igande honetako Cadizen aurkako neurketan arituko dela azkeneko presidente gisa, eta azaroaren 16an aurkeztuko duela dimisioa. Gorostizak hunkituta adierazi du denbora daramala erabakiari bueltaka, eta ez dela «erraza» izan: «Ez da kirol emaitza batzuen ondorioa, benetan sinesten dut etapa hau ixtea dagokidala, beste bat zabaltzeko». Ulazia izango da presidente berria, eta Gorostizak adierazi du trantsizioa «normaltasunez» gertatuko dela, eta konfiantza duela Ulaziarengan. 

Ulazia kontseilari ordezkaria izan da Gorostizaren agintaldian, eta azken urteetako proiektuekin «hertsiki lotua» egon da, klubaren esanetan: «Lurraldearekin duen lotura eta industria honetaz duen jakintza balio bereizgarriak dira etapa berri honen buru izateko». Izan ere, Ulazia La Ligako bigarren lehendakariordea ere bada. Gorostizak berak gaineratu du azken urteetako erabakiak ezagutzen dituela, eta klubaren baloreekin konprometituta dagoela.

Gorostizak presidente gisa izan duen ibilbide gorabeheratsua —Covid-19aren pandemia, jaitsierak, azken unean lortu ez diren igoerak, profesionalizazioak... — azaldu du, baina klubaren handitasuna nabarmendu du: «Kirol emaitzetatik harago, urruti begiratu behar da. Handienez osatutako mundu batean Eibar talde txiki bat da. Baina tamaina ez da inoiz aitzakia bat izan, kontrara, elkarrekin lan egiteko arrazoi bat gehiago izan da». Kargua uztearen zergati bat ere adierazi du: «Areitio ez da proiektu bat bere horretan, proiektu zabalago baten oinarrizko zati bat da. Eibarrek etorkizun jasangarriago, solidoago eta autonomoago bat izateko zimendu bat da. Benetako bihurtu izana, nire harrotasun handiena da. Horregatik, iruditzen zait nire etapak orain amaitu behar duela».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA