Txirrindularitza

Amaitu da Burgosko Itzulia; Euskadi taldearen ibilbidea ere bai

Iaz Euskaltel-Euskadi taldea desagertu zen, eta, Euskadi Fundazioa taldearen desagerpenarekin, talde profesionalik gabe geldituko da euskal txirrindularitza.

Carlos Barbero Euskadiko txirrindulariak Getxoko Zirkuitua irabazi zuen uztailaren 31n. MIGUEL TOñA / EFE
2014ko abuztuaren 18a
07:50
Entzun

Atzo amaitu zen Burgosko Itzulia, Nairo Quintana kolonbiarraren garaipenarekin. Itzuliko etapa nagusia, Neilako aintziran amaitutakoa, irabazita eta atzo Aranda Dueroko erlojupekoan bigarren sailkatuta lortu zuen azken garaipena, eta Espainiako Itzulia irabazteko hautagai sendoa dela erakutsi du.

Euskadi Fundazioa taldeak, ordea, ez du jokatuko Espainiako Itzulia; atzoko etaparekin batera amaitu zen 1994an hasitako ibilbidea. Migel Madariaga da fundazioaren presidentea, eta "triste" agertu da taldearen desagertzea dela eta. Euskal txirrindularitza ez dago garairik gozoenetan urteotan; 2012. urtean Euskaltel eta Euskadi Fundazioaren arteko harremana eten zenetik, gain behera baino ez du egin.

Euskaltelek proiektua aurrera atera nahi izan zuen fundaziotik aparte, eta aldaketa esanguratsuak egin zituen UCI Pro Tour kategoriak eskatzen zuen mailara egokitzeko, ustez: ordura arteko filosofia bazter utzita, Euskal Herritik kanpo hazitako txirrindulari atzerritarrak fitxatzea izan zen esanguratsuena. Hala ere, ez zuen lortu bideragarritasunik, eta, iazko denboraldia amaituta, desagertu egin zen.

Banaketa egin zenean, Euskadi Fundazioak taldea osatu zuen kontinental mailan aritzeko, euskal txirrindulariekin eta euskal herrian hazitakoekin. Bi urte eman ditu taldeak errepidean, ez zailtasunik gabe; baina, azkenean, horri ere iritsi zaio aurrera egin ezin duen garaia.

Gorka Gerrikagoitia taldeko zuzendariak esan du "egun tristea" zela atzokoa, baina "egoera onartu" besterik ez dagoela. Migel Madariagak Euskadi Irratian egindako adierazpenetan esan du fundazioak lanean jarraituko duela eta orain "beste batzuen lana" dela talde profesional baten hutsuneari aurre egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.