Amaitu da itxaronaldia

Bera Berak ez luke arazorik izan behar EHF kopan Anberes Belgikako taldea kanporatzeko

Erredakzioa
Donostia
2011ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Erronka bat zen, taldearen helburu bat, eta lortu zuen: urtebete itxaron ondotik, Europako lehiaketa batean da berriz ere Bera Bera. EHF kopako hirugarren kanporaketa jokatuko du Anberes Belgikako taldearen aurka. Donostian jokatuko dira joan-etorriko bi partidak, eta haietan erabakiko da nork egingo duen aurrera. Lehen partida gaur jokatuko da, Josean Gaska kiroldegian, eta bigarrena, bihar, Egiako kiroldegian. Donostiarrak dira lehiaketan aurrera egiteko hautagai nagusiak.

Talde apala da Anberes; Belgikako ligan ari da egun, eta sailkapeneko bosgarren postuan dago zazpi jardunaldi jokatu eta gero. Hiru partida irabazi eta gainontzeko laurak galdu egin ditu. Nazioarteko txapelketetan ez du ibilbide oparoa; 2005-2006 denboraldian jokatu zuen lehen aldiz EHF kopan, eta orduan, gainera, donostiarrek kanporatu zuten, aise. Ordutik, baina, aldaketa asko izan dituzte taldean, eta Bera Berak ez du ezustekorik nahi. Arazorik gabe eta ondo jokatuz kanporaketa pasatzea besterik ez dute buruan. Reyes Karrere entrenatzaile errenteriarrak jokalari guztiak jokatzeko prest izango ditu; zazpi hilabetez min hartuta egon ondoren, Alba Menendez zarauztarra lehiaketara itzuli zen joan den asteazkenean, ABF ligako Castroren aurkako partidan.

Baliteke azken asteetako egutegi zailak zalantzak sortzea Donostiako taldearen errendimenduan, partida asko jokatzea kal-terako izan daitekeelako jo- kalarientzat. Karreren arabera, ordea, taldea ondo dago. Gaurko partidara sasoi betean iritsiko dira, eta biharko egunera begira, ahalik eta alde handiena lortzen ahaleginduko dira. Harmailak jarraitzaileez beterik izango dituzte, behintzat.

ANBERES-BERA BERA

Anberes. Tchouanwou, Rosseau, Pauwels, Van der Abeele, Kowalczyk, Borgers, Segers, De Weerdt, De Vooght, Fripon, Ruginyte, Szilagyi, Hoarau, Haazen eta Janssens.

Bera Bera. Zogby, Rodriguez, Carvalho, Rubio, Acuña, Arizaga, Mena, Menendez, Punko, Altuna, Eli Pinedo, Matxalen, Berta, Campa eta Bea Fernandez.

Lekua. Gaska kiroldegia (2.500 ikusle).

Ordua. 17:30 (ETBSat).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.