RIO16. Olinpiar oroitzapena. Bartzelona 1992

Ametsetako taldea

Lokarriko koordinatzaile ohiak gogoratzen du «pasioz» bizi zuela saskibaloia garai hartan, saiatu zela jokalari eta entrenatzaile gisa, baina ez zuela karrerarik egin. Afizioa zuela sekulakoa, eta zirrara eragin ziola idolotzat zituenak Bartzelonan ikusteak.

Paul Rios.
2016ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Ametsetako taldea. Ez dago izendapen egokiagorik AEBek Bartzelonako Olinpiar Jokoetarako propio sortutako saskibaloi talde harentzat. Jack McCallum kazetariak sortutako hitz-jokoa da Sports Illustrated aldizkarirako: Dream Team. Goiburu hori, eta, argazkian, talde hartako hasierako bostekoa: Earvin Magic Johnson, Michael Jordan, Charles Barkley, Karl Malone eta Patrick Ewing. Ez da hor amaitzen ametsetako zerrenda. Irakurri «ordezkoak»: John Stockton, Scottie Pippen, Chris Mullin, Larry Bird, David Robinson eta Clyde Drexler. 12. jokalaria Christian Laettner zen. Bekaduna deitzen zioten taldekideek. Eta bazen bai bekaduna, nolabait. Laettner eta Mullin kenduta, beste guztiak NBAren historiako 50 jokalari onenen zerrendan zeuden.

Denak ditu gogoan Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohiak. «Saskibaloi jokalari kaskarra izan nintzen (txikia naiz oso); beraz, haurrak entrenatzen hasi nintzen. Horretan ere ez nintzen oso ona, baina saskibaloiari buruzko nire pasioa transmititzen jakin nuen behintzat», gogoratudu. «Pasioz» bizi baitzuen garai hartan kirol hori Riosek. NBA, batik bat. «Nire gelan, Magic Johnsonen eta eta John Stocktonen posterrak nituen, nire idoloak ziren. Garai hartako talde garrantzitsuenen jokalari zerrendak nekizkien buruz, eta ez nituen galtzen telebistaz ematen zituzten partida apur haiek».

Horregatik du horren akorduan Bartzelona. NBAko jokalariak lehen aldiz aritu ziren, orduan, Olinpiar Jokoetan. Eta inoizko talderik onenarekin. «Egia bihurtutako ametsa izan zen. Berdin dio jaun eta jabe izatea, edo partidek emoziorik ez izatea. Denak ikusi nituen. Eta finala, gaurtik begiratuta, luxu bat izan zen. Petrovicen eta Kukocen Kroaziaren kontra. NBAren historiako talderik onena Europako bi talentu onenak zituen selekzioaren kontra». Baina «ikuskizuna» handiagoa izan zitekeela ere akordatzen da, eta «penaz» gogoratzen du jokoak hasi baino lehen Jugoslaviako selekzioa nola banandu zen. «Divac, Paslj, Danilovic... guztiek elkarrekin beste maila bat emango zuten». Egia da bai pasioz bizi zuela.

ARGAZKIA

Eguna. 1992ko abuztuaren 8a.

Ekitaldia. Bartzelonako Olinpiar Jokoak. Saskibaloiko finala (giz).

Emaitza. AEBetako selekzioak irabazi zuen Kroaziakoaren kontra (117-85). Argazkian, Dream Team hartako jokalariak ageri dira, urrezko dominarekin. Ezkerretik hasita: Patrick Ewing, Larry Bird, Scotty Pippen, Michael Jordan, Clay Drexler, Karl Malone, John Stockton, Chris Mullin, Charles Barkley eta Magic Johnson. Argazkian sartu ez direnak: Christian Laettner eta David Robinson.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.