Amildegiaren ertzean

Athleticek irabazi egin behar dio gaur Zaragozari, datorren denboraldian Lehen Mailan jarraitu gura badu; Aritz Adurizek mina du eta ez da deialdian sartu; Joseba Etxeberria bai, ordea

haritz gallastegi
2006ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Athletic amildegitik gertu dago. Gertuegi. Zaragozaren aurka galduz gero, atzera bueltarik izan ez dezakeen estropezua egingo du talde zuri-gorriak. Ia ez da tarterik egongo egoerari buelta emateko. Ligak 36. jardunaldia beteko du gaur.Beraz, hiru partidatan 108 urteko historia ipiniko du jokoan Athleticek. Jokalarientzat pisu handia da horrelako kontuetan pentsatzea. Presioa areagotu egiten da. Egia da, baina ez dago besterik.

Zaragoza, Coruñako Deportivo eta Bartzelona izango dira Athleticen aurkariak sasoi amaieran. Zaragozaren aurkakoa izan daiteke hiruretan samurrena. Neurketa errazik badago behintzat.Egoera larria izan arren, Athleticeko zaleek badute baikor egoteko arrazoi bat baino gehiago. Zuri-gorriak azken jardunaldietan egiten ari diren jokoa da guztietan nagusiena. Clementerenak itxura ona ematen ari dira. Emaitzek erakusten dutena baino askoz hobea. Atletico Madrilen, Valentziaren eta Betisen aurka jokatu ditu azken hiru partidak Athleticek. Bederatzi puntu egon dira jokoan eta bat besterik ez du irabazi talde bizkaitarrak. Halere, hiru partidetan gehigo merezi izan du. Zelaian hobea izan da. Clementeren taldeak argi dauka zer egin behar duen. Hortzak estutu eta nola-hala Lafuenteren atea zaintzea da euren lehentasuna. Ez dira txarto ari. Banakako akats gutxi batzuk alde batera utzita, ondo ari dira defentsako lanean Barakaldokoak zelairatzen dituen jokalariak ere aproposak dira horretarako. Talde itxura emateak, gainera, aurrera egiteko indarra ematen diela dirudi. Iraola, Yeste eta Urzaiz sasoian daude eta hiruren ekarpena nahikoa izan da erasoan aukerak sortzeko. Lana biribiltzea falta. Ez dituzte sortutako aukerak sartu. Errematean egin dute huts.Bada, gabezia hori konpondu eta Zaragozari aurre egiteko, Aduriz izan ezik, erasoko jokalari guztiak izango ditu prest Clementek. Aipatutako hirurei laguntzeko prest dago Etxeberria. Elgoibartarrak ere ez du huts egingo. Hark makina bat arazo izan ditu giharretako lesioekin, baina ez du azken jardunaldietan harmailan egon gura. Hasieratik jokatzeko aukera gutxi du, baina garrantzitsua izan daiteke pizgarri gisa 1998. sasoian Athletici Txapeldunen Liga jokatzeko txartela eman zion gola sartu zuen Zaragozaren aurka. Gaur, aurkaria bera izango da baina helburua oso ezberdina.Estatistikak ere zuri-gorrien aldekoak dira komeni direnean erabiltzen dira. Zaragozak galdu egin ditu San Mamesen jokatu dituen partiden %72. Ez dirudi, beraz, Victor Muñozen taldearentzat zelai egokiena denik. Alde txarra? Batetik, estatistikak apurtzeko daudela. Bestetik, denboraldion San Mames ez dela gotorlekua. Hamazazpi partidatik bost irabazi ditu etxean Athleticek. Zuri-gorrien jokoak eta estatistikek baikor egoteko arrazoia ematen dute. Era berean, ez da txarra Zaragoza krisian egotea. Espainiako Kopako finala galdu zuenetik noraezean dagoen taldea da. Aldagelan sekulako ika-mikak izan dituzte. Horrek isla izan du berdegunean. Txarto ari dira. Halere, ez da ahaztu behar Zaragoza talde ona dela eta edozein aurkariri irabazteko gaitasuna duela. Kirol aldetik ez duela ezer jokoan? Beste pizgarri batzuk izan ditzake, ordea. Txarra al da irabaztearren bada?

Valentziako sistema bera errepikatuko du Clementek

Hasierako hamaikakoari dagokionez, Aritz Adurizen hutsunea izango da nabarmenena gaur Athleticen taldean. Aurrelari donostiarra Betisen aurkako partidan itzuli zen zelaietara hiru astean min hartuta egon ostean. Larunbatean min hartu zuen, ordea, eta ezer larria ez den arren, deialditik kanpo geratuko da gaur.

Ezker hegalekoan, gainera, behartutako aldaketa egin beharko du Clementek. Txartelak tarteko, partida bateko zigorra bete beharko du Javi Casasek. Beraz, Amorebietak jokatuko du ezkerrean. Erasoan, berriz, litekeena da Llorente eta Urzaiz aritzea. Valentziaren aurka biek jokatu zuten, eta Zaragozaren aurka ere 4-4-2ko joko sistema erabili lezake Javier Clemente entrenatzaileak.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.