Espainiako Kopako lehen kanporaketan zoriak hiru euskal derbi egotea erabaki zuen. Bada, gaur egin duten bigarren kanporaketaren zozketan zazpi euskal talde bazeuden ere —Athletic, Osasuna, Alaves, Eibar, Amorebieta, Portugalete eta Sestao— patuak derbi bakarra egotea erabaki du: Amorebieta-Osasuna. Gainontzeko neurketak honela suertatu dira: Sestao-Vila-real, Numantzia-Athletic, Portugalete-Deportivo, Sant Andreu-Eibar eta Gimnastica Torrelavega-Alaves. Partidak abenduaren 1ean, 2an eta 3an jokatuko dituzte.
Zozketa egiterakoan kontuan hartu dituzte taldeen maila —hau da, maila gorenekoak baxuenekoen aurka aritzea— eta gertutasun geografikoa. Sestao zen gaurko zozketan maila apaleneko taldea, eta aipatutako zozketaren irizpideak jakinda, jakina zen Lehen Mailako talde baten aurka jokatuko zutela; zozketak Vila-real izatea nahi izan du. Sestaok Espanyoli irabazi zion lehen kanporaketan, eta neurketa hartako Jon Rojo goleatzaileak atera du taldearen bola zozketan.
Euren patua jakiten bigarren multzoa Federazioko Bigarren Mailakoena izan da. Portugaleteri Galiziako Deportivo egokitu zaio; eta maila horretako gainontzeko taldeen aurkariak jakiterakoan atera dira falta ziren gainontzeko euskal taldeen izenak. Alaves eta Eibar Herrialde Katalanetara joango dira haien neurketak jokatzera; izan ere, Arabako taldeari Gimnastica Torrelavega egokitu zaio, eta Gipuzkoakoari Sant Andreu. Athleticek, ordea, Soriara (Espainia) joan beharko du, Numantzia izango baitu aurkari.
Reala hurrengo kanporaketetan sartuko da txapelketara, final-hamaseirenetan, otsailean Espainiako Superkopa jokatuko duelako.
Emakumeena, etzi
Emakumeak ere txapelketa bera jokatzen ari dira, eta etzi egingo dute final-zortzirenen zozketa. Bertan egongo dira Alaves eta Eibar, aurreko kanporaketak gaindituta, eta Athletic eta Reala, aurreko denboraldian lortutako emaitzei esker, orain batuko dira txapelketara. Bestalde, pasa den astean Osasunak Logroñoren aurka galdu egin zuen hirugarren kanporaketa, eta bertan amaitu zuen txapelketako ibilbidea.
KOPAKO ZOZKETA
Bigarren kanporaketa (G)
Amorebieta-Osasuna
Gimnastica Torrelavega-Alaves
Numantzia-Athletic
Sestao-Vila-real
Sant Andreu-Eibar
Portugalete-Deportivo