Fleche Brabancona lehenengo, Amstel Gold Race gero, Fleche Wallone atzetik, eta Lieja-Bastogne-Lieja azkenik. Hamabi eguneko tartean lau klasiko handi eskuratu ditu Philippe Gilbertek (Omega Pharma-Lotto). Nola, gainera! Hankapean ibili ditu aurkari guztiak. Banaka ezin zutela ikusita, indarrak batu eta binaka saiatzea erabaki zuten Andy eta Frank Schleckek (Leopard-Trek). Baina horrela ere ezin. Hirurak esprintean iritsi ziren Liejako helmugara, baina nahi izan zuen moduan nagusitu zen Gilbert. Etxeko zaleen babesean, hegan ibili da belgikarra. Puntu bat edo bi gainetik dabil orain. Hamargarren postuanhelmugaratu zen herenegun Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi), 39 segundora, eta 14. postuan Igor Anton (Euskaltel-Euskadi), 43ra.
Omega Pharma-Lottokoa da egungo klasikozalerik handiena, eta hamabi egunotako lau garaipen diztiratsuek goratu dute UCIren sailkapeneko lehen posturaino. 356 puntu dauzka Gilbertek, Fabian Cancellarak (Leopard-Trek) baino 120 gehiago. Matthew Goss Harley (Columbia) dago hirugarren, eta Andreas Kloeden (RadioShack) laugarren. Samuel Sanchez seigarren dago UCIren sailkapenean, 163 punturekin, eta Beñat Intxausti (Movistar) da lehen euskalduna, 35. postuan, 60 punturekin.
Gaurtik, Romandiako Tourra
Gaurtik igandera bitartean jokatuko da Romandiako Tourra, World Tourreko hamahirugarren proba. 3,5 kilometroko aitzin-etaparekin hasiko da itzulia, Martignyn. Bihar izango dute lehen etapa gogorra, Martigny eta Leysin artean, gainean amaituko delako etapa. Aubonne eta Signal de Bougy artean, 20,1 kilometroko erlojupekoa izango dute larunbatean. Eta igandean, Chanpagne eta Geneva artean, lehen mailako beste bi mendate igo beharko dituzte. Cadel Evans (BMC), Denis Mentxov (Geox), Tony Martin (Highroad), Ivan Basso (Liquigas), Roman Kreuziger eta Aleksandr Vinokurov (Astana) ageri dira faboritoen artean.
Amstel, Fleche eta Lieja, Ardenetako hiru klasikoak irabazi ditu Gilbertek
UCIren sailkapenean buruan dago belgikarra, Cancellararen aurretik; Intxausti da lehen euskalduna, 35. postuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu