Nerea Zusberro Alberro.
Analista eta kazetaria

Arbelaren garrantzia

2025eko uztailaren 22a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur eta bihar jokatuko dira Eurokopako finalerdiak. Lehen finalerdian, gaur, Ingalaterrak eta Italiak neurtuko dituzte indarrak. Bihar, aldiz, Espainia eta Alemania arituko dira nor baino nor gehiago. Final-laurdenetan izandako zirrara espero daiteke. Bi partidak 21:00etan jokatuko dira.

Soncinen lan bikaina

Norvegia finalerdietatik kanpo geratzea ez da ezustea izan. Multzoen fasean erakutsi zuen arimarik gabeko taldea zela, zurruna; gainera, jakina zen non zuen ahuleziarik nabarmenena: euskarri bikoitzaren bizkarrean.Gemma Grainger hautatzaileak marrazkia aldatu zuen. 1-4-2-3-1 eskemarekin jokatu beharrean, 1-4-3-3 eskemarekin jokatu zuen. Horrekin zelai erdia babestu nahi zuen, Italiaren bi aurrelarien aurrean. Baina Italiako prestatzaileak, Andrea Soncinek, arbela erabiliz abantaila lortu zuen lehen zati osoan, eta Graingerrek ezin izan zuen hori aurreikusi, ezta aldatu ere.

Italia kameleoi baten parekoa da. Eurokopa osoan zehar erakutsi du testuinguru ezberdinetara hobekien egokitzen den selekzioa dela. Txapelketari 1-5-3-2 marrazkiarekin ekin zion, eta jokatzeko sistema hori aldaezina zela zirudien.  Baina Soncinek marrazkia aldatzea erabaki zuen Espainiaren aurka, eta 1-5-4-1 sistemaren alde egin zuen. Final-laurdenetan, berriz, 1-4-1-4-1  marrazkiaren alde egin zuen, eta lekuz kanpo utzi zuen Norvegia. Izan ere, Graingerrek bosteko defentsa lerro bati aurre egin behar izatea espero zuen. Hori dela eta, zera erabaki zuen: bere taldeko erasoko hegalekoak kanpotik barrurantz presioa egitea Italiako erdiko atzelariei. Gora egiteko asmoa zuten atzeko hegalekoekiko lotura moztu nahi zuen horrekin. Baina Italiak, hegalak edo Giugliano aurkitzen zituenean, Norvegia barnetik jauzi egitera behartzen zuen. Hala, Italiako erdiko atzelariek, pase bakar batekin, Norvegiako lau jokalari gainditzen zituzten.

Wiegmanen zuzentzeko gaitasuna

Italiak egungo txapelduna izango du aurkari finalerdietan: Ingalaterra. Haren hautatzailea, Sarina Wiegman, estratega bikaina da. Suediaren aurka berriz erakutsi zuen. Ingalaterra kanporatua egon zen 70 minutuz, eta partida berdindu zuen bi minutuan, aulkitik lau aldaketa eginez. Hasierako 1-4-3-3 aldatzea ere erabaki zuen. Lehenik, Carter ordezkatu zuen, bere katebegirik ahulena. Izan ere, Suediak estu hartu zuen erdiko atzelaria, bai baloi irteeran hutsak egitera behartuz, bai haren bizkarra bilatuz. Azken hori Blacksteniusek egiten zuen, desmarke mugimendu luzeen bidez. Bigarrenik, zelai erdia hustu zuen. Zergatik? Ikusi zuelako Suediaren bloke ertaina eraginkorra zela eta bere jokalariek ezin zutela gainditu. Agyemangen irteera funtsezkoa izan zen. Aurrelari gazteari esker Ingalaterraren joko zuzenak min egin zion Suediari. Agyemangek tokitik atera zituen Suediaren erdiko atzelariak, eta Kelly eta Russo agertu ziren haien bizkarrera. 

(ID_15153396) SWITZERLAND SOCCER
Sarina Wiegman, Ingalaterrako hautatzailea, aginduak ematen. MICHAEL BUHOLZER / EFE

Ingalaterrak darabilen aukera hori interesgarria da, Italia sufritzen hasi baitzen Norvegiako hautatzaileak, Graingerrek, Terland aurrelaria zelairatu eta erdiko atzelari italiarrak bi biren kontra finkatu zituenean. Italiari min egin zion Norvegiaren joko zuzenak. Agian emaitzak behartuta egin zituen aldaketak Norvegiako hautatzaileak, baina Italia menderatzeko gakoetako bat izan daiteke. Nolanahi ere, puntako bi estratega taktikoren arteko lehia izango da Ingalaterra eta Italia aurrez aurre izango dituen finalerdia.

Suitzaren aldarrikapena

Txapelketatik kanpo geratu arren, Suitzak, etxeko taldeak, irabazi egin du. Izan ere, etorkizunerako multzo bat eraikitzen hasi da. Soncinek egin zuen bezala,  Espainiaren aurka jokatu zuenean, Pia Sundhage prestatzaileak alde batera utzi zuen 1-5-3-2 marrazkia. Aurkaria zelai eremu guztietan berdintzeko, 1-4-4-1-1  sistemarekin jokatu zuen. Punta erdian jokatu zuen jokalariak egiteko bat zuen une oro: Patri Guijarro zaintzea. Beneyk, berriz, aurrean jokatuta, taldea luzatu behar zuen.

Horren aurrean, Montse Tomek, Espainiaren hautatzaileak, plana aldatu behar izan zuen. Wiegmanen antzera erantzun zuen Tomek. Ona Batlek eta erdiko atzelariek hiruko lerroa osatu zuten. Gainera, kanpoko bideak indartu zituen Leila Ouahabi eta Athenea del Castillo zelairatuta. Horri esker taldea zabaldu egin zen, eta aurkaria desorekatzeko gaitasun handiagoa izan zuen. Doikuntza horiei guztiei esker gola eskurago izan zuen Espainiak, eta azkenerako 2-0 irabazi zuen. Tomek partidaren plana aldatzeko jokalariak ditu aulkian.

Espainiak Alemania izango du aurrean finalerdietan. Final-laurdenetan, Frantziaren aurka, Alemaniak jokalari bat gutxiagorekin jokatu zuen 13. minututik. Hain zuzen ere, hori baliatu zuen bere joko proposamenari zentzua emateko. Ez zuen lortu baloiarekin nagusi izatea; bai, ordea, baloirik gabe. Jule Brand onena baloia gidatzeko espazioekin agertu zen, eta Hoffman aurrelaria Schuller baino askoz eraginkorragoa izan zen taldeari sakontasuna emateko. Ondo landutako bloke ertainak trabatzen ari zaizkio Espainiari, eta Alemaniarentzat hori lantzeko entsegurik onena izan zen Frantziaren aurkako neurketa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.