Arsenal ez da dirudiena. Historikoki joko konbinatiboarekin lotu izan da. Arsene Wengerrek aztarna utzi zuen Londresko klubean. Bertan 22 urte egin zituen entrenatzaile, eta etapa luze horrek Arsenali nortasun paregabea emateko balio izan zuen. Hala ere, Arsenalek klixe bat du lagun azken urteetan: joko polita egin du, baina ez du ezer irabazi.
Baina hori ez zen beti horrela izan. 2003-2004ko denboraldian, adibidez, geraezin aritu zen: Ingalaterrako liga irabazi zuen partida bakar bat ere galdu gabe. 26 garaipen eta 12 berdinketa lortu zituen. Garai hartan, mundu guztia Henryri eta Bergkampi begira zegoen. Atzetik, ordea, Patrick Vieira eta Gilberto Silva zeuden. Mikel Artetak Wengerren oinordetza jaso du. Hedabideek udako fitxaketa handiei erreparatu diete: Ezeri eta Maduekeri. Baina gero eta zailagoa da Zubimendi, Declan Rice eta Merino kontuan ez hartzea. Arsenal tranpatia da. Dibertigarria oso, eta ikusgarria ere bai. Baina benetan lehiakor egiten duena baloirik gabeko fasea da. Horrek egiten du diferente Artetaren taldea.
Lehen presioa gainditzea
Athleticek, baloia erasoan duenean, hauxe izango du lehen erronka: Arsenalen lehen presioa gainditzea. Artetak bloke altua eta ertaina tartekatzen dituen arren, litekeena da, lehen partida izanda, bere taldea oldarkor ateratzea nahi izatea. Aurkariaren arabera, 1-4-4-2 edo 1-4-2-3-1 marrazkiak erabiltzen ditu. Batean edo bestean, aurkariak eraso egin dezakeen guneak erdilarien bizkarrean daude, batez ere Arsenalek bere euskarri bikoitza Athleticenarekin parekatzen badu.
Denboraldiaurretik, Valverdek Iñaki Williams eta Berenguer kokatu ditu zelai erdiko eskuin hegalean. Batak zein besteak ohi baino itxiago jokatu dute, Aresoren jarduna indartzeko. Aldi berean, horrek erraztu egin die barrutik baloia hartzea. Sormen fasean Athleticen marrazkiak 1-3-4-3 baten antza du. Hori onuragarria izan daiteke bai gunner-en goi presioa gainditzeko, bai aurrera egin ahal izateko aurkaria bloke ertainean finkatzen denean. Unai Gomez sar dezake Valverdek, lan hori egiteko
Beste aukera zera da: Maroan zuzenean bilatzea. Aurrelariak erronka zaila du Magalhanesen aurka, une honetan sasoi onenean dagoen munduko erdiko atzelarietako bat baita.
Kontraerasoa aprobetxatzea
Aurreko denboraldian Arsenalek 3-0 irabazi zion Real Madrili Emirates zelaian. Real Madril da trantsizioetan ondoen moldatzen den taldea. Arsenalek atzera egiteko eta bloke baxutik abiatuta berreraikitzeko gaitasuna izan zuen haren aurrean, eta hori izan zen gakoetako bat kanporaketa gainditzeko.
Athletic kontraerasoan ondo moldatzen den talde bat izateagatik nabarmendu da. Hala, hegalek itxiago jokatu behar badute eraso posizionalean, trantsizioetan zabaltasuna eman beharko diote taldeari. Baloia daukanean, Arsenalek jokalari asko pilatzen ditu barrutik: galtzen duenean, berriz, erdiko atzelariek eta erdilariek erdiko erreia babesten dute. Arsenalen ezker hegaleko bizkarra ahulagoa izango da, defentsa lerroan askatasun handiena duen jokalaria baita. Han Iñaki Williamsek azaldu beharko du.
Tarteko jokalariak kontrolatzea
Zaila da jakitea Arsenaleko jokalariak nola egongo diren kokatuta, batez ere Ingalaterrako taldeak baloia duenean. Gehienek askatasun osoa dute mugitzeko. Jakina dena zera da: zer espazio beteko dituzten. Baloiarekin Arsenalek 2-3-2-3 marrazkia erabiltzen du. Athleticek ez du nahastu behar aurkariaren jokalariek mugitzeko duten askatasun horrekin. Zubimendi euskarri postuan agertuko da, baita defentsa lerroan alboratuta ere. Erdiko atzelariekin batera baloia ateratzeaz arduratuko da. Baina hark bere posizioa uzten badu, beste edonork hartuko du. Mikel Merino jaitsi daiteke, adibidez. Ezker hegalean Calafiori aritzen da, eta hura ere euskarri bikoitzean kokatu daiteke. Gakoa tarteko jokalarietan dago, zelai erdiko bigarren altuera horretan. Ezeren, Maduekeren eta Martinelliren egitekoa finkoa da: buruz burukoari ekitea. Lan horretan ia geldiezinak dira.
Geldikako jokaldiak
Geldikako jokaldiak dira Athleticen eta Arsenalen indarguneetako bat. Vivian eta Paredes erabakigarriak izango dira Valverdek zuzentzen duen taldean, eta Magalhaes Artetak zuzentzen duenean. Kontuan izan, gainera, faltak eta kornerrak jaurtitzeko Arsenalek Declan Rice izango duela. Athleticek ondo egin beharko ditu blokeoak halako jokaldietan, Magalhaes ager ez dadin.